2025 MAI. 08 - 13:49h Roman Orus fisikaria gonbidatu dute Zarautzera, fisika kuantikoaren printzipioak azaltzeko Roman Orus fisikaria Zarautzen egongo da maiatzaren 13an, fisika kuantikoaren oinarriak, gaur egungo egoera eta gure bizitzan izango duen eraginaz hitz egiteko. ZarautzOn Elkarteak antolatu du solasaldia, Modelo Aretoan 19.30ean hasita. Roman Orus fisikaria eta DIPCeko Ikerbasque Research Professor. (ZarautzOn Elkartea) GAUR8 ZarautzOn Elkarteak Roman Orus fisikari ezaguna gonbidatu du hitzaldi batera Zarautzen, fisika kuantikoaren printzipioetara gerturatzeko. Orus Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Ikerbasque Research irakaslea da, eta Multiverse Computing Europar Batasuneko software kuantikoko enpresari handienaren sortzaile eta zuzendari zientifikoa da. Elkarteak azaldu duenez, 2025 Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urtea izendatu du Unescok, eta Euskal Autonomia Elkartean (EAE) arloan sakondu nahi duten jarduera ugari prestatu dituzte. Jarduera horien artean IBM System One ordenagailu kuantikoaren instalazioa kokatu dute, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «ikerketa kuantikoaren munduko abangoardian jarriko duen mugarri teknologikoa». Horien artean, jakintza-arlo hori eta haren aplikazioak herritarrei hurbiltzeko Lakuako Gobernuak antolatu duen Jakindari eta Zientziaklik ekimena nabarmendu du elkarteak. Ikertzaileak fisika kuantikoaren oinarriak azaltzeaz gain teknologia horren gaur egungo egoeraz eta gure bizitzan duen eta izango duen eraginaz hitz egingo duela aurreratu dute elkartetik. Bartzelonan jaioa, Orus Katalunia eta Aragoi artean hazi zen. Ikertzaile gisa aritu da Australian, Alemanian eta Estatu frantsesean, eta hainbatetan izan da saritua bere lanagatik. Roman Orusek ‘Innovaspain’ aldizkariari emandako elkarrizketa batean jasotako hausnarketa pare bat utzi du ZarautzOn Elkarteak aurrerapen gisa: «Gaur egungo IA generatiboa historiaurrean geratzen ari da» edota «Galdera ez da teknologia kuantikoak iritsiko diren ala ez, seguru iritsiko direlako. Hau gertatzen denerako prest egongo zaren da galdera». Hurrengo asteartean (maiatzak 13) izango da hitzaldia Modelo Aretoan, 19.30etik aurrera.