2025 MAI. 14 - 13:03h Hernaniko 38. Txalaparta Festa ospatuko dute maiatzaren 23an eta 24an Hernaniko Musika Eskolako txalapartariek antolatuta, 38. Txalaparta Festa egingo dute herrian maiatzaren 23an eta 24an. Larunbateko jaialdi nagusian Ximon Goikoetxea omenduko dute bideo-proiekzio bat eskainiz. Hainbat txalapartari bilduko ditu hitzorduak bi egunetan zehar. (Imanol OTEGI | FOKU) GAUR8 Hernaniko 38. Txalaparta Festa ospatuko dute maiatzaren 23an eta 24an, herriko Musika Eskolako txalapartariek antolatuta. Egitaraua ostiralean, hilaren 23an, abiatuko da Biteri Kultur Etxean izango den kontzertu batekin. Prestatutako ekitaldiek bi gune nagusi izango dituzte: ostiralean, Biterin, eta Iparragirre sagardotegian, larunbatean. Ostiralean, ‘Artze’ izenburua duen emanaldia eskainiko dute Hutsun eta JEL Triok. 19.30ean izango da, eta sarrera doakoa izango da. Larunbatean, festak Iparragirre Sagardotegian izango du epizentroa, eguerdiko 12.00etan hasita. Sagardotegiko ganbaran izango da emanaldia, eta hau ere doakoa izango da. Antolatzaileek aurreratutakoaren arabera, txalapartari ugariren emanaldiak izango dira bertan: Zuaznarbartarrak eta Goikoetxeatarrak, Esku-Txa, Malkoak TX, Talka, Kolpez Kolpe eta Ttakun Ttan Ttakun. Bazkaria izango da emanaldiaren ostean. Hilaren 19an baino lehen hartu behar da tokia, aitorbeltran@yahoo.es posta elektronikora idatitza. Aurtengo Txalaparta Festak, gainera, Ximon Goikoetxea omenduko du. Iazko ekainean zendu zen Erbetegi-Etxeberri baserrian jaiotako donostiarra, txalapartarekin lotutako tradizio handiko familia batean. Gogoratu dutenez, «Ximon Goikoetxeak berak aitarekin eta osabarekin ikasi zuen txalaparta jotzen eta berak ere transmititu zion jakintza Haritz semeari». Ekitaldi nagusian egingo diote omenaldia, bideo-proiekzio baten bidez.