GAUR8

Deiadar Mendien Eguna Durangaldera itzuliko da eta Oizen ospatuko da ekainaren 8an

Oizen egingo dute Deiadar Mendien Eguna, ekainaren 8an. Bost mendi talderekin lankidetzan antolatutako igoerak Bizkaiko Batzar Nagusietako deia gogoratzen du. Durangoko Alpino Tabirak Bilboko Gailurra klubari emango dio lekukoa, hurrengo urtean Ganekogorta mendira egingo den martxa antolatzeko.

Gorbeia mendia, irudian, Bizkaiko deiadar mendietako bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia gogoratzeko Deiadar Mendien Egunaren 20. edizioa ospatuko da ekainaren 8an Oizen, Garai herria irteera eta helmuga izango duen mendi martxa zirkular batekin.

Oizera egindako azken igoera 2018an izan zen, azken urteetan beste lau deiadar tontorretara egin diren igoeren ondoren (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube).

Bizkaiko Batzar Nagusiek herrialdeko bost mendi talderekin lankidetzan antolatzen dute ekimena: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango).

Aurtengo martxak ibilbide bakarra izango du eta Garaiko erdialdetik abiatuko da 9.00etan. Alpino Tabira taldeak ibilbide zirkularra antolatu du, «iparraldetik Kantauri itsasora eta hegoaldetik Bizkaiko barrualdera begiratzen duen talaiaren inguruak ezkutatzen dituen paisaia ederrak ezagutzeko».

2004an Deiadar Mendien lehenengo ediziorako berariaz egindako adarra erabiliko da berriro. 12.00etan Oiz mendiaren tontorrean adarren soinua entzun eta gero antolatzaileek jaigune txiki bat prestatu dute tontorretik gertu dagoean baseliza batean. Ez dira faltako musika eta mokadu txiki bat.

Durangoko Alpino Tabira mendi taldeak Ganekogorta mendirako igoera antolatu behar duen Gailurra klubeko ordezkariari emango dio lekukoa. Igoera hori hurrengo urtean izango da data hauetan, deiadar mendietarako igoeren zikloarekin jarraituz.