2025 MAI. 20 - 12:37h La Encartada Fabrika-Museoak XI. La Enkartada Moda hartuko du ekainaren 14an Moda eta diseinuarekin lotutako tokiko eta nazioarteko 25 sinadura bilduko dira Balmasedan ekainaren 14an, XI. La Encantada Modaren edizio berri batean. Desfileak, disenu jasangarriari buruzko masterclass bat eta ingurumenarekiko praktika arduratsuen gaineko mahai-inguru bat daude aurreikusita. XI. La Encartada Modaren aurkezpena, Bilbon. (EUROPA PRESS) GAUR8 Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak La Encartada Modaren XI. Edizioa hartuko du ekainaren 14an, larunbata. Programazioak bertako zein nazioarteko 25 enpresaren diseinuak, desfileak, diseinu jasangarria ardatz duen masterclass bat eta modak ingurumenean duen eragina murrizteari buruzko mahai-inguru bat jasotzen ditu, besteak beste. Hitzorduak modaren eta diseinuaren profesionalak biltzen ditu urtero. Balmasedako artile fabrika zaharrean erakusten dituzte beren lanak eta ideiak, desfileak, tailerrak, musika eta hitzaldiak barne hartzen dituen programa batekin. Edizio berri honen aurkezpenean, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, «artea, berrikuntza eta jasangarritasuna» uztartzearen garrantzia azpimarratu du, baita hitzorduak hartzen duen espazioa ere, artile fabrika zaharra. «Fabrikaren jatorrizko makineriak, ia ukitu gabe jarraitzen duenak, ehungintzaren gorenera garamatza, moda berrasmatzen den etorkizun baterantz pausoak ematen jarraitzen dugun bitartean», adierazi du. Pariseko Paradoxe tailerra Aurtengo jarduera nagusietako bat Pariseko Paradoxe tailerra izango da, «esperimentazioaren eta artisautzaren inguruan lan egiten duen bikote paristarra». Diseinatzaileek galtza bakeroetatik abiatuta denim-piezak egiteko teknikak azalduko dituzte. Maria Cle euskal diseinatzailearen masterclass bat ere izango da, modari eta ingurumen-konpromisoari buruzkoa. Desfileak bi bloketan banatuta egongo dira, goizez eta arratsaldez. Bertan, Desbocado Studio, Who´s Nia Studio, Mistress, Andoni Beitia eta Jaione Anzola sinadurek parte hartuko dute. Kanpoan ‘showroom’ bat egingo da hamar diseinatzaile bizkaitarrekin, aurreratu du Alberto Sinpatronek azaldu duenez. Mahai-inguru bat ere izango da, eta bertan bilduko dira Begoña Garcia ingeniaria, Francisco Kuhar biologoa eta Gaiker zentro teknologikoko ordezkariak, berrikuntza teknologikoak aplikatuz modaren ingurumen-inpaktua nola murriztu hausnartzeko. Izen-ematea online egin behar da eguneko edozein jardueratarako eta derrigorrezkoa da «edukieragatik», gogorarazi dutenez, baina guztiak doakoak dira, Maria Cleren masterclassa (10 euro) eta Paradoxe Pariseko tailerra (20 euro) izan ezik. Bilbotik edo Balmasedatik joan behar dutenentzat, antolatzaileek joan-etorriko autobusak jartzen dituzte.