GAUR8

‘Bertso Ardatz’, bertsolaritza egoitzetan «gaitasun kognitiboak motibatu eta hobetzeko»

Aurreko edizioaren arrakasta ikusita, ‘Bertso Ardatz’ ekimenaren edizio berri bat jarri dute martxan Bizkaiko hainbat herritako egoitzatan, bertsolaritzaren bidez eta hurbileko giroan, egoiliarren «memoria, adierazpen emozionala eta gaitasun kognitiboak sustatzeko».

Bertsolariak, Bilboko Aste Nagusiko saio batean. (Oskar MATXIN | FOKU)

‘Bertso Ardatz’ kultura-ekimenaren edizio berri bat jarri dute abian Bizkaiko egoitzetan, bertsolaritzaren bidez «memoria, adierazpen emozionala eta gaitasun kognitiboak sustatzeko».

«Saioetan, bertsolariek eta egoiliarrek oroitzapenak, bizipenak eta anekdotak partekatzen dituzte bertsoen inprobisazioaren bidez, eta giro hurbila eta parte hartzailea sortzen dute. Esperientziak erakutsi du oso onuragarria dela, bai burua aktibo mantentzeko, bai parte hartzen dutenen lotura sozialak eta emozionalak indartzeko», azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Edizio honetan aurrekoan parte hartu duten zentroak daude berriro: Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Zornotza. Zikloa joan den astean hasi zen, Gernikan, eta egoitzaz egoitza ibiliko da uztailaren 7ra arte. Markinan amaituko da.

Saio bakoitzaren aurretik, lanketa berezi bat du ekimenak. Egoitzetako dinamizatzaileek adineko pertsonekin lantzen dute «bertso tradizionalen eta herri-kanten inguruan dituzten gustuak eta lehentasunak identifikatzeko».

Hortik jasotako informazioa bertsolariei helarazten zaie, «saio pertsonalizatuagoak eta esanguratsuagoak prestatzeko aukera» emanez.

«Proiektuaren helburua da adinekoak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzea, eta, horretarako, kultura-esparruan duten zeregina indartzea, emozionalki aberasgarria den ondo pasatzeko eta parte hartzeko jarduera baten bidez», adierazi dute Diputazioko iturriek.