2025 MAI. 24 - 06:01h Rock & Rollaren erregina, Tina Turner, duela bi urte hil zen Musikaren historiaren parte izatea lortu zuen Tina Turnerrek, Anna Mae Bullock jaioa. Erizain izan nahi zuen, baina bere ahizparekin gaueko klubetan aritzen hasi zenean, bere etorkizuna errotik aldatu zen eta munduko abeslaririk ospetsuenetarikoa bilakatu zen. Tina Turner Birminghanen eskainitako kontzertu batean. (Philip Spittle | WIKIPEDIA) GAUR8 Gaur bete dira bi urte musikaren ikono zen Tina Turner zendu zela, 83 urterekin. Azken urteak gaixo igaro bazituen ere, zahartzarora musikan aktiboan lanean iritsi zen, bere bereizgarriak ziren dantzak egiten. ‘Rock & Roll’aren erregina bihurtu aurretik, Tennesseen jaiotako Anna Mae Bullock izeneko eta bizitza gogorreko neskatilla izan zen. Erizaintza ikasi zuen ofizio horretan aritzeko itxaropenarekin, baina bizitzak beste plan bat zuen berarentzako. 1950. hamarkadan Saint Louis hirira joan zen bere ahizparekin eta bikote moduan kontzertuak eskaintzen hasi ziren tabernetan.Horietako batean kointziditu zuten Kings of the Rhythm taldearekin, eta Anna Mae txundituta gelditu zen haiekin. Gau batean, taldeko bateriak mikrofonoa eskaini zion Allineri, eta berak uko egiterakoan, Anna Maek hartu zuen eta abesten hasi zen. Taldeko abeslaria zen Ike Turner harrituta gelditu zen haren ahotsarekin, eta denbora baten ostean taldera batzera gonbidatu zuen, 18 urte besterik ez zituela. Taldearekin jotzen musikari buruz asko ikasi zuen. Anna Mae eta Ike maitemindu egin ziren, eta 1962ko hamarkadan ezkondu ziren. Ikek Anna Maeri izena aldatzea proposatu zion, eta horrekin batera, taldeari ere bai. Hala, taldea Ike & Tina Turner deitu zen aurrerantzean. Arrakasta izan zuten honela, baina Tina Turnerren unerik gozoena bakarlari moduan iritsi zitzaion, banandu eta taldea utzi zuenean –gerora kontatu zuen indarkeria matxista jasan zuela–.1980ko hamarkadarako mundu mailako izarra zen. Bere ile arrotua eta hanka luzeak imaginario kolektiboan gordeta dugun irudi bat da, eta bere abestiak, ereserkiak. Aktore lanak ere egin zituen garai hartan eta ‘Mad Max Beyond Thunderdome’ pelikulan Aunty Entityren paperean aritzeagatik kritika onak jaso zituen.2000tik aurrera ekimen bereziak egiten jarraitu zuen eta sari ugari eman zizkioten. 2013an Erwin Bachekin ezkondu ostean, musikatik erretiroa hartzea eta Suitzara bizitzera joatea erabaki zuen. Geroago, istripu zerebrobaskular bat izan zuen eta hesteetako minbizia diagnostikatu zioten. Horrez gain, bestelako gaixotasun batzuk ere bazituen eta eutanasiaren aldeko elkarte batean izena eman zuen. Bere senarrak giltzurrun bat eman zion 2017an eta horri esker 2023ko maiatzaren 24ra arte bizi izan zen.Guztira 9 disko argitaratu zituen, eta hainbat bira egin zituen. Lan guztien artean, 180 milioi disko saldu zituen munduko artistarik arrakastatsuenen artean kokatuz.