2025 MAI. 28 - 13:54h Itsas Merkatuaren edizio berri batean murgilduko da Barrika bihar hasita eta igandera arte Barrikak itsasoari lotuta duen tradizioa Itsas Merkatuaren edizio berri batean islatuko da asteburuan, hainbat jardueraren bidez. Programazioa bihar arratsaldean abiatuko da eta igandera arte luzatuko da. Gastronomia eta artisatutza dira osagai batzuk baina zuzeneko emanaldiak ere izango ditu. Barrikako Itsas Merkatuaren kartela. (Barrikako Udala) GAUR8 Itsas merkatuaren edizio berri bat hartuko du Barrikak bihartik aurrera. Hiru eguneko programazioa dakar hitzorduak, eta herria girotzeko proposamen ezberdinak. Udal iturriek iragarri dute ohar bidez asteburuan zehar gastronomiaz, artisautzaz eta zuzeneko ikuskizunez gozatzeko aukera egongo dela. Horregatik, barrikoztar guztiak animatu dituzte «merkatura hurreratu eta haren saltoki eta jarduerez gozatzera». Nabarmendu dutenez, aukera paregabea da produktu tradizionalak dastatzeko». Ostiralean, arratsaldean abiatuko da programazioa, 17.00etan, Itsas Merkatuaren irekierarekin. «Publiko guztientzako jarduerez betetako asteburua hasiko da», azpimarratu dute Udaletik eta zehaztu dute txikienek doako haur-parkea izango dutela, eta azoka egin bitartean musikak girotuko dituela kaleak. Musika emanaldiak hiru egunetan Programazioaren barruan, «Barrikako Itsasoaren irudien erakusketa iragarri dute. Musika emanaldiei dagokienez, bihar Tributo taldeak joko du Barrikan 19.00etan; larunbatean, Joselu Anaiak taldearen erromeria izango da ordu berean, eta igandean, 18.00etan, kantu tradizionalez gozatzeko aukera egongo da Iñaki Basaberekin.