2025 EKA. 14 - 00:00h Antzerki komunitarioa, elkarrekin kontatzeko bide Antzerkia amets egiteko leku bat den heinean, «Esas canciones que viajan conmigo» Iruñeko antzerki komunitarioan ariketa kolektibo hori egin dute: bakoitzaren ametsak, desirak, minak zeintzuk diren entzun, entzun eta babestu, eta gero horrekin jolastu sorkuntzarako. Antzerki komunitarioan lengoaia artistikoak lantzen dituzte elkarrekin egoteko. (Iñigo URIZ | FOKU) Maider Iantzi El Hadji Gune Autogestionatua iazko maiatzean inauguratu zuten Iruñeko Arrotxapea auzoan. 2016an poliziak auzoan atxilotu ondotik Iruñeko komisaldegian hil zen El Hadji Ndiaye jatorri senegaldarreko herritarraren omenezko izena darama. Izan ere, arrazakeriaren aurkako gune bat eratzea da xedea, auzo guztiarena. Jendearen erantzuna hagitz baikorra izaten ari da. Ostiral arratsaldea da eta atea zabalik dago. Gunearen izenaren ondoan, Palestinako bandera handi bat nabarmentzen da. Agertoki bat dago, eta aitzinean, zuzeneko musika lagun, azkar betetzen doazen aulki pila. Aniztasuna eta poza sartzen da poro guztietatik. Une berezian bisitatu ditugu. “Las canciones que hablan de mí” antzezlana hastera doa. Zuberoa Uhalde El Hadjiko kideak azaldu digunez, alde batetik herri jantokia dute, elkarlan dinamika bat sortzeko asmoa duena. Hala, hemen lanean ari den jendea jateko beharra duena ere bada. Bestalde, hilabeteko azken igandean debaldeko arropa denda bat irekitzen dute, eta oraintxe abiatu dute Palestra proiektua, autodefentsa eta kirola sustatzeko. Hizkuntza klaseak ere ematen dituzte. «Euskarazko klase gehiago ematen ditugu gaztelaniazkoak baino, euskara garrantzitsua delako espazio honetan», adierazi du Uhaldek. Sare bat sortzen ari dira, non jendeak bere ekarpena egiten duen ahal duen puntutik. Gaztetxea desalojatu zutenean espaziorik gabe gelditu ziren auzoan haien erara gestionatzeko, eta hor sortu zen El Hadji eratzeko gogoa eta beharra, Jarautako Matalaz eredu hartuta, kontrabotere espazio gisa. Arrazakeriaren kontrako bertze mugimendu batzuekin elkarlanean ari dira, eta hala iritsi zitzaien antzerkia egiteko proposamena. Pozarren hartu dute. Gogotsu daude denak, eta hori sumatu da hasierako txalo zaparrada beroan. Arabieraz, gaztelaniaz eta euskaraz aurkezpena egin, eta hitzak hegemonia galdu du, gorputzak, mugimenduak, ahotsak eta musika sentitzeko. Bizipen oso bat izan da, irri eta negar egin dugu, eta amaitzean, alaitasun gehiago, besarkadak eta krabelin gorriak partekatu dituzte. ETXEA Maialen Diaz antzezlanaren zuzendaria eta Arantxa Caminos antzezlea pozarren daude. «Polita izan da gaur egun gure auzoa den honetan egitea azken emanaldia, gune autogestionatu batean, non errealitate oso ezberdinak dauden. Proiektuaren filosofiak bat egiten du gure lanarekin. Jende ezagun asko etorri da, etxekoak. Urduri nengoen justu horregatik», aitortu du aktoreak. «Hainbeste jende egotearen argazkiak itzultzen diguna da gure etxea handia dela eta asko garela. Nik uste jendeak gozatu duela», adierazi du Diazek. “Esas canciones que viajan conmigo” deitzen da obra, eta ikusle batek baino gehiagok agertu du gogoa, lanak bidaiatzen segitu dezan. Datorren ikasturtean jarraituko dute. Teatrodix antzerki sozial eta komunitarioko jaialdi bat da, eta bi sorkuntza laborategi antolatzen ditu, haien artean hau, Innova programaren, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesarekin. Calatea antzerki taldeari egin zioten eskaria. Diaz bertako kide da. ELKARLAN ESTUAN «Kolaborazio oso estua egin dugu Lantxotegi elkartearekin, eta hor magia asko gertatu da. Sorkuntza eta ikerketa bat egin dugu musikatik abiatuta; hau da, zein diren nire bizitzako kantak, zeinek babesten nauen, zein harreman dagoen kanten eta komunitatearen artean... Hala joan gara pieza sortzen», azaldu du. Jon Celestino, Broken Brothers taldekoa, musika aholkulari izan dute, eta arabieratik itzultzaile lanak egin ditu langile batek. (iñigo URIZ / FOKU) Antzerki komunitario hau Lantxotegitik ezagutu zuen Caminosek. Bertako Kabia proiektuan dabil. «Harrera kuadrillak egiten ditugu, inklusioa helburu. Maialen ezagutu nuen orain dela hiru urte, eta bere lana segitu dut». «Eta nik zurea. Haiek gauza paregabe bat antolatzen zuten, tandem kulturalak, topaketa ez-probableak bultzatzeko. Katakraken topagune bat egiten zuten eta Arantxak proposatu zidan gure antzezlana egitea publikoaren artean hizketaldia xaxatzeko». Proiektu osoan Arantxa jo eta ke ibili da Lantxotegitik, zabalpenean, jendea ekartzen... Eta orain, Teatrodixen edo Calatean dauden lagun hauek Kabiako kuadrilletan daude. Filosofia bera dute, hain justu. Planteamendua elkar ezagutzeko espazioak sortzea da. Kultura horizontaltasunetik lantzea. Prebentzioa egitea eta eraldaketa soziala. Auzoko eta hiriko jendea sentsibilizatzea eta kaleak hartzea. LENGOAIA ARTISTIKOAK Antzerki komunitarioan lengoaia artistikoak lantzen dituzte elkarrekin egoteko. «Akaso ez dugu hizkuntza bat konpartitzen, baina gorputzak badu bere hizkuntza. Mugimenduak, ahotsa eta musika oso lengoaia unibertsalak dira. Hari horretatik tiraka xaxatzen dugu elkar eta bilatzen ditugu istorioak kontatzeko eta elkarrekin egoteko moduak». Plana da beti atea irekita lan egitea, mundu guztiari harrera egitea, bakoitzak bere aztarna uztea eta horrekin sorkuntza mantentzea. Caminos: «Maialenek behar dena egiten du denek uler dezaten eta denak ikusiak senti daitezen. Niretzat harrigarria da hori». Diaz: «Antzerki teknikak dira. Lanketa artistiko bat da, zeinetan planteatzen ditugun ariketa edo jolasetan hitza ez dadin lehentasunezko kodea izan». Sorkuntza horretan jendeak nahi duena azaltzen du, behar duena. «Niri esan zidan: nahi duzu abestu? Abestu ezazu! Polita da aurreko astean esketx berri bat sortu zela. Kasik inprobisatuz egin genuen», kontatu du antzezleak. (Iñigo URIZ / FOKU) Taldeari galderak botatzea da asmoa, eta bakoitza harremandu dadila galdera horiekin nahi duen planotik. «Zein da zure bizitzako kanta bat?», galdetuz gero, batek aipatuko du eduki politiko aldetik esanguratsua zaion bat eta bertze batek aipatuko du bere amatxik kantatzen zion bat. Ez dute galdera zuzen biografikorik egiten, ezta politikorik ere, baizik eta esparru bat zabaltzen dute eta bakoitza kokatzen da nahi duen lekuan. Caminos: «Gehien gustatzen zaidana da sartzen dela bakoitza bere eran eta hortik abiatzen garela. Beste esparru batzuetan migratutako jendeari galdera dezente egiten zaizkio: ‘Nongoa zara? Zergatik etorri zara hona?’ Hori ez dago ondo. Hemen, aldiz, errespetua, maitasuna eta zaintza daude». Hala adierazi du Diazek: «Antzerkia amets egiteko leku bat den heinean, ariketa kolektibo hori egin nahi dugu: bakoitzaren ametsak, desirak, minak zeintzuk diren entzun, entzun eta babestu, eta horrekin sortu». PERTSONALA POLITIKOA DA Ematen du pertsona migratuekin ari garenean bakarrik migrazio prozesu batez hitz egin daitekeela, klabe traumatikoan, eta hori dela kontatzeko daukaten gauza bakarra. Diazentzat hori hagitz murriztailea da. «Pertsona askok bizipen piloa dituzte kontatzeko, eta asmoa da pribilegio egoera honetan gauden pertsonok espazio hau erabiltzea bakoitzari nahi duena izaten uzteko. Horrez gain, noski, oso agerikoa da pertsonala politikoa dela, eta politikoki nahiko egur ematen dugu. Mugetako indarkeriaz ari gara, aurreiritzi arrazistez, kolonialismoaz...». Obra honekin publikoa hausnarketara gonbidatzen dute, eta islatuta senti daiteke pertsona aunitz. «Gauza askoz gehiago ditugu amankomunean banatzen gaituztenak baino. Eta hor jartzen dugu fokua: zerk motibatzen gaitu? Zerk ematen digu ongizatea? Hori da funtsa», agertu du Caminosek. (Iñigo URIZ / FOKU) Edozein istorio kontatzen dutelarik ere, elkarrekin kontatu nahi dute. Bertzeak entzun eta kuriositatea piztu. «Bestearekiko jakin-mina eta arreta piztea uste dut gaur egun oso garrantzitsua dela», gogoetatu du Diazek. Eta zera erantsi du: «Komunitatean egoteak, nahiz eta gauza mingarriak egon, leku seguru bat ematen du, eta erresistentzia etxe den heinean, alaitasuna dago, ahaldundua sentitzen zarelako». Alderantzikatutako paperak egiten dituzte, bertzearen lekuan jartzeko. Antzerkiak fantasia batzuk gorpuzteko aukera ematen die. Gorroto dituzten gauza horiek guztiak, beren buruari sekula baimentzen ez dizkiotenak, bereganatzeko lekua ere bada hau. Kontatu dutenez, taldean konfiantza handia sortu da eta muga batzuk jarri dira barnean, hagitz indartsuak. Xedea da talde ahalik eta autogestionatuena sortzea. Bakoitzak hartu ditzala antzerki teknikak bere historia bere buruarekin ahalik eta zintzoen kontatzeko. Gero bakoitzak egin dezala nahi duena, denen artean sostengatuta.