GAUR8

Futbol izar argentinarrak ez dauka atsedenik, ezta justiziarik ere

Diego Maradonaren heriotza dela-eta egin den epaiketa ezin zen normala izan, bere bizitza osoa izan ez zen bezala. Baina inork gutxik espero zezakeen bere bizitza osoa inguratu zuten zentzugabekerietako bat gehiago bihurtuko zela, baliogabetuta eta epaileetako bat kanporatuta.

Maradonaren heriotza dela-eta, «justizia» eskatuz epaitegiaren kanpoaldean jarritako kartelak. (Sebastian HIPPERDINGER | EUROPA PRESS)

Ez, Diego Maradonak ez zuen inoiz bizitza normal bat izan. Txikitatik ohitu zen gorabeheretara, egonkortasuna lortu ezinezko nahi bat balitz bezala eta zaletuen miresmena bere bizitzan presente egon zen gauza bakarra izanik. Asko harritu egiten dira bere inguruan gertatzen ziren polemika eta gertakari apartekoekin, baina nola ez zuen, ba, une sinestezinez beteriko bizitza izango, bere heriotzaz geroztik gertatutakoek ere horrela izaten jarraitzen badute? Eta ados egongo gara esatean azkeneko arazo hauen ardura ezingo diogula berari leporatu, ezta?

«Hilda ere, ez nuke bakerik aurkituko. Bizirik nagoela erabiltzen naute, eta hilda egoterakoan, aurkituko dute hori egiteko modua», adierazi zuen Maradonak 1996. urtean, urteak geroago gertatuko zenaren iragarpena balitz bezala.

2020ko azaroaren 25ean hil zen, «biriketako edema akutu» eta «bihotz-gutxiegitasun» batengatik. Bere osasuna delikatua zela jakina bazen ere, berriak sekulako zirrara sortu zuen mundu osoan.

Hurrengo egunetan, aurrera zihoan ikerketa judizialaren zehaztasunak ezagutzera eman ziren. Faltsututako Maradonaren sinaduraren zantzuak, praxi txarraren susmoak, bere talde medikoaren jarduerekin erauntsia zen txosten medikoa... Auzitan zegoena 2020ko azaroaren 3an futbol jokalari ohiari buruko ebakuntza egin ziotenetik hamazazpi egun geroago San Andres auzoko etxe batean hil zen arte gertatutakoa zen.

Fiskaltzak egindako ikerketaren ondoren, 2021eko maiatzean, zortzi pertsona akusatu zituzten homizidio sinplea egotzita, behin-behineko doloarekin, baina horietako batek epaimahai batek juzgatzea eskatu zuenez, epaiketa honetatik kanpo gelditu zen eta zazpi izango dira epaitutako pertsonak. Besteak beste, azkeneko egunetan Maradona tratatu zuten medikuak, erizainak, psikologoa, Leopoldo Luque, bere mediku pertsonala eta Agustina Cosachov psikiatra. Matias Morla, bere arreba Vanesa Morla eta Maxi Pomargo, abokatu eta ordezkaria lehenengoa eta laguntzaile pertsonalaren zereginak egiten zituzten beste biak, ez zeuden akusatuen artean; eta horrek zeresana eman zuen, Maradonaren bizitzako azkeneko hilabeteetako erabaki askoren arduradunak beraiek izan baitziren.

ZENTZUGABEKERIA

Hainbat atzerapen eskaeraren ondoren eta nazioarteko ikusmin handiaren erdian, joan den martxoaren 11n, San Isidroko Arlo Kriminaleko 3. Ahozko Auzitegian, Maradonaren heriotzari buruzko epaiketa hasi zen. Egun horretan irekiera saiora bertaratu zirenek bazekiten bidean zailtasunak agertuko zirela, bere bizitza osoan zehar gertatu izan zen bezala. Auzitegiaren lana zen zazpi akusatuek Maradonaren heriotzan erantzukizunik izan ote zuten erabakitzea. Eta ez zen lan erraza, kondenatuak izanez gero, 8 eta 25 urte arteko kondena izango bailukete eta kargatu lezaketen estigma bizitza osorako izango bailitzateke.

Epaiketak bi hilabete zeramatzanean, maiatzaren 15eko saioari hasiera ematerakoan, publikoak eta kazetariek harriduraz ikusi zituzten epaimahaian izandako aldaketak.

Mugimendu bitxi samar batean, ordura arte bokal gisa aritu zen Julieta Makintachek mahaiburuaren lekua hartu zuen, eztabaidaren koordinatzaile gisa aritzeko.

Orduan, Maradonaren mediku pertsonalaren abokatuak, Fernando Burlandok, Makintachen ezezpena eskatu zuen, aldaketa horregatik eta bere inpartzialtasunari buruzko zalantzak sortzen zituen galdeketan erabiltzen zuen tonu zorrotzagatik.

Era berean, jendearen artean zeuden eta bilkuretara maiz joaten ziren bi pertsona identifikatzeko eskatu zuen.

Epaiketara joan ohi ziren guztiek ikusi ahal izan zuten bezala, lehenengo egunean, bi pertsona horiekin batera, kamera bat zeraman beste pertsona bat zegoen, epaiketaren irudiak grabatzen ibili zena, nahiz eta, aretoko horman, epaiketa grabatzea debekatuta zegoela esaten zuen ohar bat egon.

Egun horretan, berarekin egon zen laugarren pertsona misteriotsu bat ere. Gainerako parte-hartzaileen kontrara, pertsona horiek guztiak ez ziren identifikatuak izaten aretora sartzerakoan.

Maradonaren alaba Gianina epaitegira iristen. (Sebastian HIPPERDINGER / EUROPA PRESS)

Burlando abokatuak Pegsa ekoiztetxearentzat dokumental bat egiten ari al ziren galdetu zuen. Ikus-entzunezko sektoreko enpresa honetan bi pertsona dira buru: Agustin Pichot, Argentinako errugbi selekzioko kapitaina izandakoa, eta Juan Makintach, epailearen anaia. Ezusteko horren ondoren, epaiketan atseden bat egitea erabaki zen.

Berriro hasterakoan eta mugimendu are bitxiago batean, hiru epaileak beraien jatorrizko lekuetara bueltatu ziren.

Julieta Makintach epaileak bi pertsona misteriotsu horiek bere anaiaren ekoiztetxearentzat dokumental bat egiten ari direla ukatu zuen, baina atsedenaldian, Maradonaren alaben abokatuek epaimahai osoaren kontrako salaketa penal bat aurkeztea erabaki zuten, Makintachek epaiketari buruzko dokumental batean parte hartzen al duen jakiteko.

Ordurako zalantza gehiegi zeuden piztuta, eta epaiketa egun batzuetarako etetea erabaki zen.

Makintach epailearen egoera ez zen batere ona, baina hortik aurrera okerrera baino ez zuen egin. Pegsa ekoiztetxeak komunikatu bat igorri zuen Maradonaren epaiketako irudien grabazioarekin zerikusirik ez zuela adieraziz. Beste alde batetik, epaiketaren lehen egunean kamerari lagundu zion pertsona misteriotsua José Arnal zela jakin zen, La Doble ekoiztetxeko jabea. Makintachek ez zuela Arnal ezagutzen ziurtatu zion prentsari.

Epaiketaren azkeneko egunean identifikatzeko eskatu zen pertsonetako batek, Jose Manuel d'Emilio izenekoak, Feel Co ekoiztetxearekin lotura duela jakin zen. Bestea, Maria Lia Vidal deituriko emakumea, fiskaltzaren aurrean aurkeztu zuen idazki batean azaltzen zuenez, Makintach epailearen laguna da txikitatik. Fiskaltzari kontatu zionaren arabera, emakume eta epaile gisa egindako ibilbide profesionalari buruzko 15 minutuko elkarrizketa bat egiteko proposamena egin zion Makintachi, eta argentinar guztiek bezala, Maradonaren epaiketa jarraitzeko interes pertsonala zuela adierazi zuen.

Epaimahaiaren kontra egindako salaketaren ikerketen esparruan jakin zenez, Arnal, Vidal eta d’Emilio ez zeuden egiaztatuta epaiketako saioetara joateko, eta Makintach berak emandako agindu bati esker, identifikatu gabe sartu ziren eta irudiak grabatzen utzi zitzaien, inork arazorik jarri gabe. «Esaiozu zaintzari nire jendea uzteko», esaten zuen epaileak bidalitako mezu batek, zaintzak fiskalari kontatu zionaren arabera.

Eta Makintachen egoera arrisku larrian zegoenean, epaitegiko segurtasun-kamerei esker, epaiketa hasi aurreko igandean grabaturiko irudiak ezagutu ziren.

Bertan, Makintach bera agertzen da, justizia-jauregia itxita zegoen igande batean, eta ezagutzen ez zuela ziurtatu zuen Jose Arnal berarekin, Maria Lia Vidalekin eta kamera lanak egiten zituen pertsonarekin, esparruaren barruan irudiak grabatzen. Atarian, korridoreetan, bere bulegoan...

Hurrengo egunetan, poliziak La Doble ekoiztetxeko bulegoetan egindako miaketetan konfiskaturiko materiala ezagutzen joan zen. Horien artean, justizia-jauregi barruan grabatutako irudiak, non, agertzen den bezala, dokumental baterako Makintachen irudiak grabatzen ari ziren.

Veronica Ojeda, futbolariaren psikiatra, epaitegira deklaratzera iristen, pasa den maiatzaren 13an. (Sebastian HIPPERDINGER / EUROPA PRESS)

Egindako miaketetan dokumentalaren gidoia agertu zen baita ere. Justicia Divina izenburua izango zuen eta Maradonaren epaiketari buruzko sei ataleko serie bat izango zela adierazten zen.

Eta Makintachen defentsa guztiz suntsiturik zegoenean, dokumentalaren teaser-a ere agertu zen. Hamabost minutuko bere ibilbide profesionalari buruzko elkarrizketa bat bezala justifikatu zuten; Makintach bera protagonista izango zuen epaiketari buruzko serie-dokumentalerako lana zela garbi zegoen.

Makintachek dokumentalarekin zerikusirik izatea ukatzen jarraitzen zuen eta bere inpartzialtasuna azpimarratzen saiatzen zen, baina interes-gatazka dagoeneko agerikoa zen, eta bere karguari uko egin nahi ez zionez, auzitegiko gainerako kideek epaiketatik kanporatu zuten eta epaiketa baliogabetu zuten. Zentzugabekeria borobiltzeko, Di Tommaso epaileak Maradonaren esaldi famatu bati erreferentzia egin zion epaiketaren baliogabetzea iragarri zuenean, «La justicia no se mancha», esanez. Horren ondoren eta estututa zegoenean, Makintachek bere kargua utzi zuen epaiketan.

Egia esan, bera ez da auzitegi horretako epaile titularra, eta gonbidatu gisa sartu zen Maradonaren epaiketako Auzitegia osatzeko. 27 urteko ibilbide profesionala du eta Buenos Airesen iparraldeko justizian ospe handia duen familia batetik dator. Hala ere, harritzen duen xalotasunez jokatu du, epaile gisa betetzen dituen eginkizunekin bateraezina den eta argia nekez ikus zezakeen dokumental baten proiektua aurrera eramanez. Akats horien guztien ondorioz, gaur egun bere egoera ez da lasai egoteko modukoa. Bere jardunagatik epaitua izango da eta lanpostua gal dezake. Momentuz, 90 egunerako enplegurik gabe utzi dute eta Austral Unibertsitatean ematen zituen Zigor Zuzenbideko klaseak bertan behera gelditu dira.

Epaiketarekin gertatuko dena datozen asteetan argituko da. Ekainaren 19an epaimahai berria zozkatuko da, baina urte bukaerara arte edo hurrengo urtera arte ez da hasiko epaiketa, atzerapen handiagorik ez badago. Beste alde batetik, oraindik ikusteko dago zer gertatuko den jada eman diren audientziekin eta deklaratu duten 44 lekukoekin.

Maradonaren hiru alabentzat, bere aitaren heriotzaren egunean bizitakoa gogoraraztea trantze nahiko latza izan zen, eta bere abokatuak egoera beretik berriro igaro behar izatea saihesten saiatuko dira. Zazpi akusatuek itxaroten jarraitu beharko dute kartzelara eraman ditzakeen epaiketaren emaitza jakiteko.

BETI MARADONA

Epaiketa aurrera doan bitartean epaile bat protagonista gisa duen dokumental baten grabaketak ez du aurrekaririk Argentinako historia judizialean, eta, hain zuzen ere, Maradonaren epaiketan gertatu behar zuen lehen aldiz. Hala era, bere bizitzaren inguruko gertakizunetan ez da norbaitek handikeriaz jokatu eta nolabaiteko onura atera nahi izan duen lehen aldia. Futboleko izarrak sortzen zuen erakarpen izugarria tentagarriegia egiten zen askotan inguruan zituen pertsonentzat, eta Maradona bera izaten ohi zen horren biktima.

1991. urtean, “antidoping” kontrol batean kokainarekin positibo eman ondoren, Napoli taldea utzi zuen eta Argentinara itzuli zen. Hilabete bat geroago, Buenos Airesko zenbait irrati eta egunkaritako erredakzioetan dei bat jaso zuten: «Adi egon eta idatzi helbide eta ordu hau: Franklin 896, Caballito. Arratsaldeko hiruretan Maradona atxilotuko dute», zion mezu anonimoak.

Maradonaren zaleek epaitegiaren atean maiatzaren 13an «justizia» exijituz egindako elkarretaratzea. (Sebastian HIPPERDINGER / EUROPA PRESS)

Atxiloketa egin zenean, etxe horretako ataria kazetari eta zaletuez beterik zegoen, eta berriak mundu guztiko komunikabideen titularrak bete zituen. Dei anonimoak poliziaren telefono batetik egin ziren, baina Menemen gobernuan ospakizunak egon ziren, arreta publikoa gobernuarekin zerikusia zuten zenbait eskandalutatik desbideratzen lagundu baitzien.

Era berean, 1996. urtean, isilean, Suitzako klinika pribatu batera joan behar zenean drogekiko adikzioagatik tratamendua hasteko, klinikako zuzendariak prentsaurreko bat eman zuen. «Bere arazoa drogatzeko gogoa da. Ahulegia da horri aurre egiteko», esplikatu zuen medikuak munduko kazetari askoren aurrean. Geroago barkamena eskatu zion Maradonari, esanez ezin izan zuela komunikabideen presioa jasan. «20 urte daramatzat nik presio hori jasaten, eta zuk ezin izan dituzu bi egun ere jasan. Orain ulertzen al didazu?», erantzun zion.

Horrelakoa izan da beti Maradonaren bizitza, eta horretara ohitu behar izan zuen bere bukaerara arte. Izan ere, bere heriotzaren epaiketarekin gertatutakoa ez da hil zenetik gertatutako lehen gehiegikeria. Bere gorputza Etxe Arrosan beilatuta izan zen, estatu-hileta bat balitz bezala. Gero, 40 kilometrora dagoen Bellavistako hilerri pribatura eraman zuten, familia eta lagunen arteko zeremonia pribatua egiteko. Baina kameradun drone batzuek airetik sartu eta mundu guztiari erakutsi zizkioten irudiak, Maradonaren bizitza izan zenaren isla garbi batean.

Etengabeko miresmenaren bilaketa eta lasaitasun pixka bat izateko ezintasuna. Datozen egun, aste edo hilabeteetan jakingo da noiz hasiko den bere heriotzaren epaiketa, eta ikusiko da Maradonak atsedenerako eskubidea al daukan.