2025 EKA. 17 - 14:17h Hasi dira Mungiako memoria kolektiboa omentzen duten bi horma-irudi margotzeko lanak Memoria kolektiboarekin lotutako bi horma-irudi hasi dira margotzen Mungian, baratzetako produktuak saltzera plazetara joaten ziren emakume haien omenezko bat eta Lauaxetaren irudia erakutsiko duen beste bat. Aurrekontu parte hartzaileen testuinguruan aurkeztutako proposamen bat dira muralak. Plazetan ibiltzen ziren emakume saltzaileei eskainitako murala irudian. (Mungiako Udala) GAUR8 2025eko udal aurrekontuen lanketarako zabaldutako prozesu parte hartzailean herritarrek agertutako iradokizuna izan da, «fatxadak mural artistikoen bidez edertzeko». Proposamena jarraituz, bi horma-irudi margotuko dituzte Mungian, eta lanak gaur bertan hasi dira Mungian, Udalak ohar bidez jakinarazi duenez.Irudi horientzat bi kokapen aukeratu ditu Udalak, herriko «bi gune estrategikotan» eta «ondare historiko eta kulturalaren parte diren irudiak eta eszenak omenduko dituzte».«Mural hauekin historiari omenaldia egin nahi diogu, baita egunerokotasunetik, kulturatik, ahaleginetik eta sustraitzetik eraikitzen lagundu dutenei ere», adierazi du Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak.Horma-irudi bat Aita Arrupe kalean egongo da, eta «bendejera» gisa ezagunak, «mendeetan herriko plazetara baratzetan landatutako produktuak saltzera» joaten ziren landa eremuko emakumeak omendu nahi ditu. Udal iturriek zehaztu dute hormara eramango duten irudi historikoak agerian uzten duela «emakume horiek jakintza-igorle, familia ekonomiaren sostengatzaile eta komunitate sortzaile gisa duten funtsezko zeregina». Muralak, gainera, azalpen testu bat izango du irudiaren testuingurua kokatzeko. Lauaxeta Olerkari kalean egongo da bigarren horma-irudia, eta Estepan Urkiaga poeta eta kazetariaren irudia erakutsiko du. «Lauaxeta XX. mendeko euskal literaturako pertsonaia nabarmenetako bat da. Horma-irudi horren helburua ez da soilik haren figura eta ondare kulturala omentzea baizik eta haren memoria belaunaldi berriei hurbiltzea ere», azpimarratu du Udalak.