2025 EKA. 18 - 13:00h Haurrentzako doako tailerrak eta bisita gidatuak udan, Arabako museoetan Uztailean eta abuztuan, haurrentzako tailerrak eta bisita gidatuak eskainiko dituzte doan Arabako Foru Museoek, kultur ondarea zabaldu eta museoen eskaintzara hurbiltzeko helburu duen ‘Uda Museoetan’ programaren barruan. Umeentzako eskaintza goizeko ordutegian egingo da, eta izen ematea behar du. Arabako bost Foru Museoetan izango dira udako jarduerak. (Endika PORTILLO | FOKU) GAUR8 ‘Uda Museoetan’ programaren edizio berri bat jarri du abian Arabako Foru Aldundiak uztailera eta abuztura begira, eta horren barruan, doako tailerrak eta bisita gidatuak biltzen dituen eskaintza berri bat plazaratu dute.Aurten, tailerrak ere egingo dira uztailean zehar, «eta doako bisita gidatuen eskaintzari eutsiko zaio abuztuan bost foru museoetan», zehaztu du Arabako Foru Aldundiak. Tailerrak 5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta daude, eta goizeko ordutegian egingo dituzte, 11.00etatik 13.00etara, aldez aurretik izena emanda.Bisita gidatuak herritar guztientzat izango dira, ordutegi finko batekin (12.00etan hasita) eta edukiera osatu arte. «Bost foru museoak aste berean bisitatzeko aukera» eskainiko du programazioak, astelehenetik larunbatera, eta zehaztu dutenez, ez da beharrezkoa aurrez izena ematea. Arabako Foru Gobernuko iturriek nabarmendu dute ondarea zabaltzeko eta txikienak kulturara hurbiltzeko konpromisoaren barruan kokatzen dela ekimena, «batez ere udan».Natura Zientzien Museoan, Arkeologiakoan, Arma Museoan eta Fournier Karta Museoan prestatutako programazio guztia eskuragarri dago museoen webguneetan.