GAUR8

Enkarterriko adineko 30 emakume omendu dituzte ikasleek, ‘Amama influencer’ ekimenaren barruan

Enkarterriko amamak omendu dituzte Sodupeko Eretzaberri Institutuko ikasleek emakumeen memoria historikoa gorde eta belaunaldien arteko harremanetan sakontzea xede dituen ‘Amama influencer’ hezkuntza programaren barruan.

Asteartean egin zuten omenaldi ekitaldia Sodupen. (Bizkaiko Batzar Nagusiak)

Belaunaldi arteko harremanak sustatzea eta memoria historikoaren transmisioa indartzea helburu dituen ‘Amama influencer’ hezkuntza programaren barruan, 30 adineko emakume omendu dituzte Enkarterrietan. Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako 50 ikaslek hartu dute parte ekimenean.

«Enkarterrietako Museoko Hezkuntza departamentuak diseinatu eta garatu duen proiektuak ahanzturatik atera ditu hamarkadetan isildutako emakumeen testigantzak», nabarmendu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek.

Kadagua ibaiaren arroko emakumeen memoria historikoa berreskuratzea izan da programaren ardatz nagusia, «hainbat hamarkadatan industriarekin harreman estua izan zuten emakumeen historian sakonduz». Esperientzian «enpatia historikoa» eta «emakumeen testigantzen entzute aktiborako teknologia berrien erabilera» uztartu direla, zehaztu dute, 30 amama «belaunaldi gazteen erreferente edo ‘influencer’ bihurtuz aste batzuetan zehar.

Ikasleek egindako ikus-entzunezko batean, amamek jasandako migrazio-esperientziak jaso dituzte, baita emakume izate hutsagatik bizi dituzten oztopoak edota belaunaldi berriei eskubide sozialen defentsan jarraitzeko egiten duten gonbidapena ere. Haien gaztaroan ikasteko aukerarik izan ez zutela gogoratu eta ikasteak garapen pertsonalerako duen garrantzia izan da emakumeek plazaratutakotako beste hausnarketetako bat.