2025 EKA. 20 - 12:45h Andoaingo Axeri Dantza: berregitea, usadioek irauteko beharrezko giltza Duela 50 urte berregin zuten Andoaingo axeri dantza, duela 25 urte hartu zuten parte lehenengoz emakumeek, eta aurtengoan, inoizko axeri gehien aterako dira plazara San Joan egunez. Usadioek bizirik iraun dezaten, berregiteak duen garrantziaz mintzatu dira Izaskun Beraza eta Ander Setien. Izaskun Beraza eta Ander Setien aurten ere axeri-dantzako taldean buru belarri lanean ibili dira. (Andoni CANELLADA | FOKU) Iraitz Mateo Ekainaren 24an, San Joan egunez, Andoainen egiten den dantza da axeri dantza, 1975ean berreskuratu zuten, duela mende erdi. «Andoainen eta Adunan dantzatzen da, eta musika, joan-etorriak, jolasak, zirikaldiak eta harrapaketak batzen dituen pieza da» zehazten dute bertan ibilitakoek. Usadioaren berreskurapena ospatzeko urte biribila zuten aurtengoa, baina are biribilagoa bihurtzen du beste mugarri batek: duela 25 urte, 2000. urtean lehen aldiz dantzatu zuten emakumeek. Garai bateko ohiturak etengabean berregiten dabiltzanaren lekuko da hori ere. Entsegu baten aurretik elkartu gara Izaskun Beraza eta Ander Setienekin, Andoaingo Bastero Kulturgunean atondu duten erakusketan (ekainaren 27ra arte dago ikusgai), eta erakusketa bisitatzearekin batera, «dudarik gabe» beraien urteko «egun gogokoenetako bat» errepasatu dugu. Urki Dantza Taldeko kideak dira biak, baina batez ere «axeriak» bihurtzen dira ekaina heldu eta 24ko prestaketa lanak abiatzean. 50. urteurrenak ematen dio izenburua erakusketari, baina zertan 50 urte? «Berregitearen» kontzeptua darabil Berazak, «ez zen berreskuratuko garai batean zen bezala, gogoratzen zutenarekin eta zituzten datuekin axeri dantza berregin zuten, berreskuratu baino gehiago». Duela berrogeita hamar urte, ba omen zeuden Adunan agure batzuk axeri dantza gogoratzen zutenak, txistua inoiz jo zuenen bat, partituraren bat zutenak… Eta Andoainen, hori berreskuratzeko prest zegoen Lizar Makil dantza taldea; «Horrelako usadioek irauten badute, norbaitek horretan lan egin duelako da, bere ahalegina jarri duelako transmisiorako eta bizirik mantentzeko; gure kasuan Lizar Makilekoak izan ziren». Kontatu zutenei eta jaso zutenei aitortza egiteko urteurrena «aitzakia ezin hobea» izaki, urte osoko egitaraua antolatu dute. Axeri dantza berreskuratu ostean, gizonek bakarrik dantzatzen zuten garaiko irudia. (AXERI-DANTZA TALDEA) Eta 25? 2000. urtean dantzatu zuten lehen aldiz emakumeek, ahalegina lehenagotik zetorren, ordea: «Hiru urte lehenago gorputza jarri eta planto egin zuten hainbat emakumek, entsegu batera joan eta beraiek ere dantza egin nahi zutela esanez. Gainera, ez zegoen inon idatzita ezin zutenik, karteletan “zatoz entseatzera” jartzen zuen eta. Berandu zela eta ez zela posible erantzun zieten, hurrengo urtean joango ez zirenaren esperantzarekin». Hurrengo urtean ez, baina 2000. urtean berriro esan zuten dantzatu egin nahi zutela, «gatazka egon zen, jasotako erantzuna batzuentzat oso bortitza izan zen, baina hala ere, bilkura bat egin eta emakumeek parte hartu behar zutela erabaki zuten. Ordura arte dantzatzen zuten batzuek uztea erabaki zuten eta haustura bat eman zen, baina emakumeak plazan dantzatzen hasi ziren». Horregatik urteurren bikoitza, «balentria» horri ere lekua eman eta aitortza egin behar ziotela argi zuten. HERRIKO PARTAIDE «Garai batean egurrezko oholtza jartzen zen plazan eta nire osaba ilintia errentzen ibiltzen zen, berarekin egoten nintzen, eta nire lehen oroitzapenak horkoak dira, oholtzaren azpitik begira, hankak bakarrik ikusiko nituen. Eta ondoren, Urki dantza taldean aritzen nintzelarik, erakartzen ninduen dantzak eta animatu egin nintzen», horrelaxe hurbildu zen Beraza axeri izatera. Setienek ere txikitatik ezagutu du axeri dantza herriko plazan, aita ere txistularia du eta aspaldidanik izan da partaide: «Dantza taldetik eta familiatik iritsi nintzen axeri dantzara, txikitatik ikusi izan dut eta aukera suertatu zen urtean parte hartu nuen. Nik ezagutu dudana, halere, axeri dantza berria da, nik bizitako aldaketa bakarra kopuruarena izan da, gero eta gehiago gara». Kopurua azken urteetan gorantz doa etengabe, eta aurten historiako marka guztiak gaindituko dituzte: 84 axerik dantzatuko dute plazan. Aitortu dute kasualitatez elkartu garela «dantzari izandako bi axerirekin», baina parte hartzeko ez dagoela dantzaria izan beharrik. Eta jarraian zehaztu dute: «Askotan aipatzen dugu axeriak garela dantzariak baino gehiago, eta gainera, musika entzun eta mugitzen garen momentutik, denok gara dantzariak». 2000. urtean lehen aldiz emakumeek dantzatu zuteneko irudia, Junkal Korrotxano izan zen zortzikoa dantzatzen lehen emakumea. (AXERI-DANTZA TALDEA) Plazara ateratzeko baldintza, beraz, entseguetan parte hartzea da: «Dantzari ez diren batzuk etortzen dira konplexuekin, baina lehenengo egunean joaten zaizkie. Eta txalotzekoa da dantzarekiko erakusten duten konpromisoa ere. Eta batez ere, aipatu behar da axeri dantza ez litzatekeela axeri-dantza izango oso formala balitz». Belaunaldi ezberdinetako jendea elkartzen da, urte guztian bestela elkartuko ez litzatekeena, eta taldeko giro on horrek urtetik urtera jarraitzeko eusten duela pentsatzen dute. Dantza eta jolasa nahasten dira ordubetez San Joan egunean Andoaingo plazan. Izan ere, piezaren barnean «dantza edota jolas» ezberdinak daude. Azaltzen dute askok «erritu iniziatiko» gisa definitu izan dutela axeri dantza, eta erritual horretan egiteko ezberdinak josten direla. «Orratzaren jokoa da dantzaren zati bat, esaterako. Bertan, denak ilaran jartzen gara eta urte horretan lehenengo aldiz axeria izango den pertsona altuena besteon hanken azpitik pasatzen da guk musikaren erritmoan hankak ireki eta ixten ditugun bitartean. Zutik gaudenok zirikatu egiten dugu eta joko izaera ematen diogu, horrela, pasa behar duenean traba eginez. Puntara iristen denean, bertan dagoenak lagundu egiten dio; garai batean orduan “gizontzen” zirela sinbolizatzen zuten, eta gaur egunean axeri partaide izatera pasatzen dela irudikatzen dugu», azaldu dute. Zati horretan, esaterako, bi aldaketa egin zituzten: lehen beti altuena pasatzen zen, ia beti pertsona bera, eta orain, erritu iniziatiko horri lotuta, taldera batzen den altuena. Lehen gizontzearen ikur izan zitekeena, orain axeri taldera ongi etorria da. Eta aurrez aipatutakoan berresten dira, ohiturak berregin behar direla garaian garaira. Badira jolas horren inguruan idatzi gabe dauden baina herrian zabalduta dauden kontakizunak ere. «Orratzakoa du izena azaldu dugun jolas horrek, garai batean azpitik pasatzen zenak orratza zeraman eskuetan traba egiten ziotenengandik defendatzeko. Esaten da urtean zehar haserretzen ziren lagun taldeek jolas hori erabiltzen zutela ondoren mendekua hartzeko». Aipaturiko aldaketak eginda, axeri dantzako irudiak Andoaingo plazan, artxiboko irudia. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) Dantzaren zatiak aldatzeaz gain, jantziak ere aldatu ziren; kasu honetan, emakumeen parte hartzearen ondoren emandako aldaketa izan zen. Egun, buruan zapi koloretsua janzten dute, blusa gorria, marradun galtzak eta alpargata zuriak. Lehen, galtza urdinak, abarkak eta blusaren azpitik alkandora zuria janzten zuten. «Entzunda dugunez, gizonek bakarrik egiten zuten soka dantza. Momentu batean blusa gorria kendu eta alkandora zuriarekin geratzen ziren soka dantza dantzatzeko. Emakumezkoak parte hartzen hasi zirenean, hasieran, erretiratu egiten ziren gizonek soka dantza egin behar zutenean; urrats bat egin zen emakumeek axeri-dantzan parte hartzeko, baina soka dantza aparteko zerbait zela esaten zuten. Etengabe berreraikitzen gabiltzanez, hausnartu genuen soka dantza ‘axeri dantzago’ bihurtzea; emakumeek ere dantzatu zezaten, batetik, eta blusa gorriarekin egin zezaten, bestetik, jolas zentzu handiagoa emate aldera», diote. URTEBETEKO OSPAKIZUNA Urteurrenaren harira, urte osoko egitaraua antolatu dute. Urtero bezala, otsailean puska biltzea egin zuten, eta martxoaren zortziaren testuingurua baliatuz mahai-inguru bat antolatu zuten, axeri dantzan ibilitako emakume ezberdinen esperientziak ezagutzeko. Erakusketaren irekierarekin batera, Andoaingo Udalak jakinarazi zien jaietako pregoia beraiek egingo dutela aurtengoan, eta hori ere pozez hartu zuten, «urteurrena biribiltzeko ederra izango da, aitortza bat izango da guri eskainia, eta guk baliatu nahi dugu urte hauetan guztietan egindako lanari aitortza egiteko». Babestu beharreko kultur ondare gisa ere aitortu dute axeri dantza Adunako eta Andoaingo udalek ikasturte honetan; eta hori ere berezia izan da. Kultur ondare bezala duen balioa aitortzeaz gain, parekidetasunean egindako urratsen balioa ere txalotu dutela sentitu dute. Etorkizunera begira ere urrats baliagarria dela azpimarratzen dute: «Egun osasuntsu dago axeri dantzak izan ditu oso garai zailak, emakumeak sartu aurretik jendeari telefonoz deika aritzen ziren 13-14 elkartzeko, eta orain osasuntsu dago, baina ez dakigu zer gertatuko den. Eta talde eragileak utziko balu edo gainbehera etorriko balitz, udalak hori sustatzeko eta bultzatzeko ardura du. Aho batez bi udaletan onartu zuten, eta balioan jartzeko zerbait da». Axeri dantzaren beste irudi bat. (Juan Carlos RUIZ / FOKU) Urte guztiko egunik garrantzitsuena falta zaie oraindik, ekainaren 24a. Aurreikuspen batzuk egitera ausartu dira, halere, bi axeriak: «Lo gutxi eginda iritsiko dira asko goizean frontoian egingo dugun blusa banaketara, eta ondoren festa giroan dultzainekin batera hamaiketakoa egitera joango gara. Horren ondoren entsegua egingo dugu, eta kalejiran plazara hurbilduko gara. 12.00etako kanpaikadekin batera hasiko gara eta ordubete inguruz ibiliko gara dantzan». Hori izango da lehen zatia. Ondoren, herri bazkaria antolatu dute; azken urteetan axeriek bakarrik bazkaltzen zuten elkarteren batean, eta talde izaera indartzeko baliagarria iruditzen zaien arren, aurtengoan herrira zabaldu nahi zuten. «Urtero ikusten egon diren horiekin, ibilitakoekin, lagunekin eta senideekin ere ospatu nahi dugu aurtengoan» aitortzen dute. Inoizko axeri gehien bilduko dira aurten, eta kontatzen dute badela urteurrenaren harira batu den jende bat, baita jada axeri dantza utzia zuten baina urteurrenaren aitzakian animatu den emakume talde bat ere, eta 84 axeri biltzeak ilusio handia egiten dietela kontatzen dute: «Dantza munduan ez da ohikoena horrelako oihartzuna izatea, gazteek parte hartzen duten ekimen bat da, euskaratik eta euskaraz, euskal kulturarekin lotua… egun osoko jaiaren formula horrek erakartzen du jendea». Bazkaritik aurrera, festak, dantzak eta axerikeriek izango dute bere lekua, baina hori bertaratzen denak kontatu beharko du. Berreskuratzea baino berregitea darabilte axeriek ahoz aho, berregiteak dakarren ardura eta askatasunarekin; garaian garaira berregiteak ematen die bultzada. Andoaingo Udalbatzan 1844ko ekainaren 16n izan zuten zinegotziek axeri dantza hizpide lehen aldiz, erregistratuta geratu denez, behintzat: «Se sacara y celebrara según costumbre el célebre baile del raposo o Azari-danza, nombrando como se nombra de capitan a Don Juan Bautista Larramendi», dio aktak. Pentsa zenbat berregin duten, eta bizirik jarraitzen du.