GAUR8

Aste honetako aurrerapenean Perotx proiektua aipatu dugu

Urraul Goiti bailaran dago Adoain herrixka. Biztanle finko bakarra du, 93 urteko Blas artzaina. Lagun talde batek bertan kokatuta dagoen Perotx Etxea eraikin historikoa eskuratu zuen, eta proiektu komunitario bat jarri nahi du martxan, kulturaren bidez despopulazioaren aurka borrokatzeko.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Nafarroako Adoain herri txikian aspalditik abandonatuta zegoen etxe historiko bat erosi, berritu eta kultur arloarekin zerikusia duten jarduera kolektiboetarako bideratu, modu horretan lurraldeak bizi duen despopulazio prozesu larriari aurre eginez. Horixe da Perotx proiektu komunitarioaren funtsa.

Proiektuaren bultzatzaileek hilabeteak daramatzate Adoainen jo eta ke birgaitze lanetan, eta azken asteotan aurrera begira dituzten asmoak ezagutzera ematen ari dira, komunikabide desberdinen bitartez. Alde batetik, hasieratik argi izan dutelako proiektuak zentzurik izatekotan, jendartearen parte-hartzeak emango diola hori. Bestetik, buruan duten ideia gauzatu ahal izateko bultzada ekonomiko potente bat ere behar dutelako.

Zebrabidea irratsaioan astero egiten dugun aurrerapena baliatu dugu proiektuaren berri emateko: nola sortu zen etxea eskuratzeko aukera, zergatik hartu duten kultura proiektuaren ardatz moduan, nola eragin dezakeen proiektuak bailarak bizi duen despopulazio prozesu larriari aurre egiteko, zergatik behar duten jendartearen babes ekonomikoa eta nola lagundu dezakeen interesa duenak...

Eta erreportajea osorik irakurtzeko aukera bihartik aurrera, beste gai askorekin batera: Andoaingo Axeri Dantzaren 50. urteurrena, We Are Not Numbers liburua, Lidia Kinson feminista afrikarrari elkarrizketa...