2025 EKA. 20 - 07:00h Gaurko egunez 2010ean akordioa sinatu zuten Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak ‘Lortu arte’ izeneko akordioa sinatu zuten Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak 2010eko ekainaren 20an Bilboko Euskaldun Jauregian egindako ekitaldi batean. Helburua Euskal Herria estatu bilakatzea zen, indar-bilketa subiranista bat proposatuz. ‘Lortu arte’ akordioa sinatzeko egindako ekitaldia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 Gaur 15 urte Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak ‘Lortu arte’ akordioa sinatu zuten, Euskal Herria estatu bilakatzea helburu. Bilboko Euskalduna Jauregian egin zuten ekitaldia 2010eko ekainaren 20an, indar-bilketa subiranista bat proposatzen. Sinatzaile izan ziren, EAren aldetik, Pello Urizar, Koldo Amezketa, Santi Merino, Ikerne Badiola, Mariano Alava eta Maider Carrere; eta, Ezker Abertzalearen aldetik, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Txelui Moreno, Idoia Aiastui, Karmele Aierbe eta Iñaki Olalde. Euskal Herria estatu bilakatzeko, «esparru demokratiko» bat lortzearen aldeko akordioa izan zen ‘Lortu arte’. Horretarako, Mitchell printzipioak kontuan hartu behar zirela adostu zen. Irlanda eta Britainia Handiko gobernuek eta iparraldeko Irlandako alderdiek negoziazio prozesuan onartutako sei arauak. Horrekin batera, ezkerreko baloreak ere kontuan hartuz, hezkuntzan kulturan, ekologian euskaran eta feminismoan, besteak beste, eragiteko lankidetzan jarduteko asmoa sustatzea izan zuen xede Euskal Herriko akordioak. 16 orrialde dituen akordioaren sarreran aipatzen da bi sinatzaileak tradizio politiko ezberdinetatik datozela. Lehenengo atalean, erreferentzia politikoei buruzkoan, Gernikako Estatutua «nahikoa ez dela» zehazten da, beharrezkoa izan zela nabarmentzen bada ere.