GAUR8

«Gorrotatu sistema, ez jendea»

Iratzar Fundazioak eta UEUk "Badago alternatiba! Taupada atzerakoiari Euskal Herrian aurre egin” ikastaroa antolatu zuten Eibarren. Taupada hori elikatzen duten gakoak ulertzeko asmoz, Nikole Ziarrusta antropologoa, Ainhoa Ozaeta ekonomialaria eta Iñigo Martinez filosofoa elkartu zituzten.

Nikole Ziarrusta, Ainhoa Ozaeta eta Iñigo Martinez, hurrenez hurrez, Iratzarrek eta UEUk ekainaren 13an antolatutako ikastaroan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Jakina denez, taupada atzerakoia bizi-bizi dabil munduan eta Europan barna. Azken Naziometroaren arabera, Euskal Herria ere ez da salbuesten. Europako hauteskundeetan ere sumatu zen mamu hori: Ipar Euskal Herrian ultraeskuina lehen indarra izan zen estreinakoz.

Nolanahi ere, Iratzar Fundazioko Andoni Olariagak sarreran ñabartu zuenez, «ez da bakarrik eskuinean ematen. Normalean eskuineko pentsalari eta sektoreetan hasten den arren, ezkerrekoa den esparru hori ere busti du». Bide batez, «ezin da soilik termino elektoraletan neurtu. Hori ere garrantzitsua da, baina hortik harago ere badoa. Batez ere, mundu ikuskera bat da», azken aurrekoa azkenekoaren kontra jarri eta «gorrotatu jendea eta ez sistema» aldarrikatzen duena. Zoritxarrez, nahiko era «arrakastatsuan» egiten du, gainera.

Zergatik? Zein baldintzek indartu dute taupada atzerakoia? Galdera horri erantzuten saiatu ziren lehen mahai inguruan.

ATZERAKA GOAZ?

Martinezek azaldu zuenez, filosofian «hitzei buelta pare bat emateko joera» izaten da, eta halaxe egin zuen berak ere. Zehazki, «atzerakoi» kontzeptua ezbaian jarriz hasi zen: «Historiaren eta denboraren ikuspegi lineala auzitan dago, eta aurrerapenaren ideia aspaldi jarri zen zalantzan. Ez dakit gure diskurtsoetan aurrera eta atzera kontzeptu baliagarriak diren». Bere ustez, ultraeskuinari atzerakoia deitzean geure burua aurrerakoi bezala kokatzen dugu, eta horrek «elitismo» moduko batean erortzeko arriskua dakar: «Nagusitasun moral batean kokatzen gaitu? Dakitenak eta ez dakitenak omen daude». Horren aurrean, honako galdera kontrajartzen du: «Historiaren joan-etorrietan, zertan egin dugu aurrera eta zertan atzera? Zer kontserbatu behar da eta zer ez?».

Behin hori argituta, «isolamendua areagotzeak ultraeskuina indartzearekin zerikusirik duen» galdetu zuen. Kezka hori azaltzeko, inkesta argigarri bat aipatu zuen. Inkesta horretan, “Zure haurrak nori utziko zenizkioke?” galdetzen zuten. Trumpen bozkatzaileek inori ez lizkioketela utziko erantzuten zuten, «neure buruaz bakarrik fidatzen naiz» esanez. Ondorioa argia da: «Zenbat eta konfiantza gutxiago izan herrikideengan, orduan eta aukera gehiago ultraeskuina bozkatzeko».

Bere ustez, hain zuzen, errezelo hori elikatzen du neoliberalismoak. Batetik, isolamendua areagotzen du: «Burbuila digitala, hirietako arkitektura, migrazio orokortuak dakarren erro falta…». Bien bitartean, kaleak eta “besteak” arriskutsu gisa ezaugarritzen dira: «Haiek eta gu argi bat eraikitzen dute, horma gisa: kanpotik datorren mehatxuaren aurrean, babesteko beharra nagusitzen da». Hori gutxi ez, eta «zoriontasun neoliberalaren promesa kea baino ez da. Orduan nori leporatuko diogu gure ezina? Nor da erruduna?». Koktel horren soluzio gisa, ultraeskuinak «biktimismotik borrero izatera» pasatzeko deia egiten du.

ESKUINAREN ELIKAGAIAK

Ozaetak gako horietan sakondu zuen. «Eskuina ez da sortu txanpiñoi baten moduan, elikatu egin da», gogorarazi zuen, eta hori azaltzeko bost tendentzia sozioekonomiko azaldu zituen.

Lehenik eta behin, lanaren balioaren desegitea eta prekaritatearen normalizazioa aipatu zituen. Horren ondorioz, «‘ordainetan ezer ez’ sentsazioa» zabaldu da, erresumina eta frustrazioa piztuz.

Bigarrenik, Ozaetaren iritziz, «globalizazio neoliberalak lokala denaren eta komunitarioaren sentsazioa apurtu du. Herri izaera eman duten gauza asko desagertu dira: auzoetako bizitza eta dendak, plazetan egon zitezkeen mugimendu ezberdinak... Etxekotzat hartzen genuen espazio hori galdu egiten da». Bere hitzetan, horrek sortutako nostalgia («lehen hobeto bizi ginen») baliatu du ultraeskuinak, herritarren artean «nazionalak edo benetakoak eta arrotzak» bereiziz.

Hirugarrenik, digitalizazioaren abiadura azkarrak eta informazioaren saturazioak «gainesplotazio emozional eta kognitiboa» ekarri du. Ekonomialariaren ustez, horri lotuta egia-sistema hautsi da: «Nik hala sentitzen dut, beraz, hau da egia» premisa nagusitu da, «zalantzazko ideiei espaziorik utzi gabe».

Laugarrenik, «gerra eta krisien ondorioz, migrazio globalak areagotu egin dira, eta horrek tentsioak sortzen ditu harrera herrietan». Gobernuek egoera horiek kudeatzeko gabeziak dituzte eta ultraeskuinak etsai berri bat sortzeko baliatzen du egoera hori: «Kontuz, zure lana kentzera datoz!».

Bosgarrenik, «demokrazia liberalaren deslegitimizazioa eta sinpletasunaren eskaera» aipatu zituen Ozaetak. Bere hitzetan, sistema demokratikoek geroz eta zailtasun handiagoak dituzte herritarren konfiantza irabazteko, eta «benetakoak, zuzenak eta sinpleak diren autoritateak bilatzen dira».

PENTSAMENDUAREN KOORDENATUAK

Osagai horiek baliatuz, zein da indar atzerakoiek osatutako errezeta edo errelatoa? Ziarrustarentzat, hori tentuz aztertu behar da. Izan ere, «antzekotasunak badauden arren, XX. eta XXI. mendeko faxismoak ez dira berdinak, egoera politiko eta historiko ezberdinetan garatzen direlako».

Zentzu horretan, azken hamarkadetan neoliberalismoaren eskutik gauzatutako aldaketei erreparatu zien. Bere ustez, bizitzako esparru guztiak merkantilizatuz «arrazionaltasun neoliberala» ezartzea izan da gako nagusietakoa: «Sentimendu eta pentsamendu guztiak marrazten dituen koordenatuak dira, non komuna edo guztiona den hori desegin egiten den eta giza erlazio guztiak ekonomizatu egiten diren. Horrek ekartzen du egitura publiko eta komunitarioetan ez sinestea eta desira subjektibo guztiak merkatuaren interesekin lotzea».

(Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Bestalde, «batailaren kulturaren garrantzia eta komunikazio politikoan egiten ari diren ikaragarrizko urratsak» ere landu zituen. «Milioiak eta milioiak sartuta», indar erreakzionarioek era guztietako hedabideak dituzte egungo gizarte digitalizatuetan eragiteko. Horien bidez, fake-newsak edo buloak zabaltzen dituzte, lawfareak zuritu, arerio politikok definitu (adibidez, «woke» kontzeptuaren bitartez), eta oinarrizko kontzeptu batzuk etengabe lehiatzen ari dira. Esaterako, askatasunaren ulerkera birformulatzen ari dira, «norberak nahi duena egitea eta estatuak hori egiteko ateak ez ixtea» bezala definituta. Publikoa den oro definizioz «xahuketa» omen denez, murrizten ahalegintzen dira.

Halaber, ezkerraren inguruko irudi jakin bat ere zabaltzen dute: «Politika egin nahi dutenak moralistak dira, nola bizi behar dugun inposatu nahi dutenak. Politikoki zuzenaren diktadura ezarri nahi dute, eta horren erruz balio tradizional onak galtzen ari dira». Ondorioz, nola engaiatuko da, ba, bat kolektiboki? «Borrokak ez du ezertarako balio», gogorarazten dute behin eta berriz.

ETA EUSKAL HERRIAN ZER?

Euskal Herriko egoerak baditu berezitasunak. Ozaetak azaldu zuenez, batetik, momentuz egoera ekonomikoa egonkorragoa da. 80ko hamarkadan desindustrializazioa gauzatu bazen ere, inpaktua ez da hain nabarmena izan. Gainera, murrizketa politikek erresistentzia bat topatzen dute Euskal Herrian. Bestetik, ezker / eskuin ardatza nazio auziak ere zeharkatzen du: «Espainiako ultraeskuina ‘autogobernuaren aurkako eraso’ bezala hartzen da, eta agian horrek salbatzen gaitu», baieztatu zuen. Azkenik, Euskal Herriko tradizio komunitario eta borrokalaria ere aipatu zuen: «Erresistentzia gehiago egon dira, komunitate-aterpea egon badago (kooperatibak, zaintza sareak…), borroka-erantzunak (sindikalismoak joera horien aurrean emandako erantzuna, feminismotik emandako borrokak…)». Horrela, «herri gisa hesi bat sortu da».

Ziarrustak «antigorputz» horietan egin zuen azpimarra: «Agente politiko lokal eta nazional asko, komunikabide ezkertiar eta eraldatzaileak, jai herrikoiak, bizitza kultural eta komunitario handia…». Hala ere, «ez gaude salbu, beste herrialde batzuetan borroka ziklo luzeen ostean ultraeskuinak gobernuak hartu dituelako», ohartarazi zuen, beste hizlariek bezalaxe. Hori dela eta, besteak beste, migrazioaren inguruko auziari heldu beharra nabarmendu zuen: «Ikusten ari gara kolektibo horien aurkako kontzentrazioak, udaletxeen ‘kanporatze’ logikak…». Bere ustez, eragile asko sekulako lana egiten ari badira ere, ezkerrak «etxeko-lan handiak» ditu egiteke. Bide horretan, euskal herritartasunaren ideia berri bat eraiki behar dela planteatu zuen.

Martinezek, azkenik, bakardadearen eta inpotentziaren aurrean «harreman eta topagune kolektiboak» eraikitzeko apustua egin zuen. Eta horretarako, ezinbestean, eskuinaren logika atzekoz aurrera jartzekoa: «Gorrotatu sistema, ez jendea», biribildu zuen.