2025 EKA. 28 - 00:00h Elkarrizketa LAIDA LIZARRIBAR BASURTO ETA NURIA BARBA OJUEL GU GEOK PLATAFORMAKO KIDEAK «Betaurreko moreak bezala, euskararen betaurrekoak ere beharrezkoak dira hezkuntzan» Hernaniko ikastetxe guztiak batu dira Gu Geok plataforman, kezka partekatu baten jiran: euskararen moteltzea eta euskal kulturaren kontzientziaren apaltzea. Laida Lizarribar eta Nuria Barba, elkarrizketarako ateratako argazkian. (Jon URBE | FOKU) Amagoia Mujika Urrian aurkeztu zuten Hernanin Gu Geok plataforma. Kezka batetik sortu da: «euskararen erabilera moteltzen» ari dela, «euskararen inguruko kontzientzia lausotzen» eta «euskal kulturaren transmisioa apaltzen». Kezka garrantzitsua eta partekatua, ez alferrik herriko ikastetxe guztiak batzeko indarra izan du: Aratz ikastola, Elizatxo ikastola, Hernani BHI Institutua, Hernaniko Haur-eskola, Langile Ikastola, Txirrita ikastetxea eta Urumea ikastola. Kezkan eta hausnarketan geratu gabe, dekalogo bat aurkeztu zuten hartu beharreko neurri zehatzekin eta horren gainean aritu dira lanean ikasturte osoan. Aurkezpenean nabarmendu zutenez, «hezkuntza komunitate guztiari dagokio -irakasle, hezitzaile nahiz guraso- euskalduntze prozesuaren eragile aktiboa izatea. Guztiok gara euskara irakasle eta euskararen biziberritzean eredu izateko ardura daukagu ikastetxeok» Ikasturte amaiera hau garai egokia izan daiteke balantzea egiteko, egindako bidea errepasatu eta aurrera begira egiteko dagoena begitantzeko. 2024ko urrian aurkeztu zenuten Gu Geok plataforma. Ikasturte bukaera da eta notak jarri behar dira. Zein indargune eta ahulgune identifikatu dituzue? [Nuria Barba] Nik, indargune bezala, atzetik zetorren batasuna nabarmenduko nuke; Hezkuntza Plataformak bideratuta, Hernaniko ikastetxe guztien arteko harremana. Hori oso positibotzat baloratzen dugu. Hasieratik egin dugu denok bat, lehen bileraren deialditik bertatik. Proiektua martxan hasi zenetik ikastetxe guztiek parte hartu dugu eta niri iruditzen zait funtsa izan dela plataformak aurretik eginda zeukan lana. Hernaniko ikastetxe guztiak proiektu honetan elkartzea ez da izan zerotik hastea, aurretik bidea egina zegoen. Hori bere horretan bada indargune bat. Bestalde, egindako hausnarketa nabarmenduko nuke. Ikastetxe bakoitzak bere hausnarketa egin du dekalogoa bete ahal izateko. Eta dekalogoa osatzeko, bakoitza bere hutsune, arrisku eta gabezietatik abiatu da. Hasieratik helburua oso garbi izan dugu eta erraza izan da indarrak batzea. [Laida Lizarribar] Berez, herriko ikastetxe guztiak elkartzea bera oso gauza garrantzitsua izan da eta ikasturte amaieran proiektu honetan elkarrekin jarraitzea oso positiboa da. Hortik abiatuta, gero bakoitzak berera eraman du, bere errealitatea aztertu du eta askatasuna izan du handik edo hemendik hasteko, hau edo bestea egiteko. Institutuen edo haur-eskolen errealitatea guztiz desberdina da. Guk haur-eskolan haur txiki-txikiak dauzkagu, baina familia batzuek hezkuntza sistemarekin eta euskararekin daukaten lehen harremana bertan ematen da. Hori oso presente daukagu. Lehen Hezkuntzan ikastolek beste errealitate bat dute. Beraz, ikastetxe bakoitzak dekalogoa hartu eta norbere errealitatera moldatu du; gu hemendik hasiko gara, indargune hauek ditugu, muga hauek... Bakoitzak askatasuna izan du berera ekartzeko proiektua eta bakoitzaren erritmoak eta errealitateak errespetatu dira. Abiapuntu, erritmo eta errealitate desberdinak, baina kezka partekatu bat. [L.L.] Galdeketa bat banatu zen irakasleen artean, kezkak eta gabeziak identifikatu nahian. Eta horien artean nabarmendu zen euskararekiko atxikimendua landu beharra. Ez da bakarrik euskara ezagutzea, baizik eta atxikimendua lortzea. Euskara ez da hizkuntza bat gehiago, gure hizkuntza da, eta horretarako ezagutu egin behar da euskarak zer bizi izan duen eta zer bizi duen. Sumatzen genuen ez dela ezagutza bakarrik transmititu behar, soziolingustikaz ere hitz egin behar dela. Lurraldetasunaren gaia ere garrantzitsua da; Euskal Herria esaten dugunean, zertaz ari gara? Batzuetan Euskal Herriaz ari garelakoan, agian Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten erkidego administratiboaz ari gara. Irudikatu eta ikusarazi nahi dugu Euskal Herria, lurraldetasuna presente izanda. [N.B.] Plataformaren helburu nagusiak dira euskararekiko atxikimendua indartzea eta euskal kulturaren transmisioan lan egitea. Hortik abiatuta, Euskal Herriaren kontzeptua indartzeko beharra ere ikusten genuen, ikusten genuelako pixka bat lausotzen ari dela. Hiru ideia nagusi horien bueltan sortu da plataforma, kezka partekatu batetik. Hezkuntza komunitate bezala ardura bat hartzeko konpromisoa sumatzen da. [N.B.] Bai, badago ardura. Ulertzen dugu hezkuntzaren barruan euskara ez dela bakarrik euskara irakasten duen irakaslearen ardura. Dena da, zehar-lerroa da. [L.L.] Institutuko irakasle batek aipatu izan duen bezala, betaurreko moreak jantzi behar izan ditugun bezala edo janzten ari garen bezala, euskararen betaurrekoak janztea ere beharrezkoa da, eta irakasle guztiok jantzi behar ditugu. Zehar-lerro bat izan dadila, ez dadila euskarako irakaslearen esku bakarrik gelditu. Euskararen betaurrekoak, kontzientzia hartzeko, ezta? [N.B.] Bai. Eta, nire ustez, hain justu, oso positiboa izan da kontzientzia hartzeko balio izan digula dekalogoak. Batzuetan gauzak aztertzen hasten zarenean, eta eskoletan egiten dena behatzen, konturatzen zara errealitatea gauza bat zela uste zenuela eta benetan beste gauza bat dela. Behaketa horrek balio izan digu kontzientzia hartzeko eta zorrotzago begiratzeko eguneroko jardunari. [L.L.] Langile Ikastolako LHko bosgarren eta seigarren mailetako ikasleekin Hernaniko euskararen ezagutzaren eta kale erabileraren datuak aztertu dituzte, adibidez. Hor kontzientzia bat ematen da, uste duzunaren eta benetan denaren artean. Hezkuntza komunitate osoak egin beharreko ariketa kolektiboa da. (Jon URBE / FOKU) Plataformaren aurkezpenean, ñabardura garrantzitsua egin zenuten testuinguruaz: «elebitasun orekatu batean biziko bagina bezala». [L.L.] Nik uste dut askotan euskaraz ari garelakoan, erdaraz ari garela. Euskaraz hasi esaldia, lauzpabost hitz euskaraz esan, baina erdaraz jarraitu. Horrekin konturatzea garrantzitsua da. Eta euskaldun bezala ahalduntzea. Euskaldun izatearen kontzientzia indartu behar dugu. Eta, bestetik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu gure haur eta gazteek euskaraz egiten duten erreferenteak izatea; jendaurrean euskaraz egiten duten musikariak, kirolariak, idazleak, aktoreak... Testuliburuetan agertzen diren erreferenteak ere garrantzitsuak dira; zein agertzen dira? Zein mapa irudikatzen dira? Zer egin asko dago eta eremu askotan. Euskal hiztun aktiboak sortzeko beharra ere nabarmentzen da zuen dekalogoan. [N.B.] Bai, hori da kezka nagusietako bat, euskararekiko atxikimendua nola sortu, nola transmititu hizkuntzarekiko harrotasun hori. Marko horretan kokatzen da gure kezka. Gu Geok plataformaren dekalogoa eskutan, zer nolako ekimenak bultzatu dira ikastetxeetan? [N.B.] Adibidez, Elizatxo ikastolan familia eta ikasleekin euskal kantutegi bat osatu dute eta euskal idazleak ekarri dituzte ikastolara LHko bosgarren eta seigarren mailetan. Hori erreferenteak lantzeko beharrarekin lotzen dugu. Langile Ikastolan Hernaniko soziolinguistikako datuak aztertu eta konpromiso batzuk hartu dituzte. Egoeraz jabetzeko eta kontzientzia hartzeko bidea izan daiteke. Aratz ikastolan materialgintza eta testuliburuak aztertzeko lana hartu dute. Txirritak elkarbizitza eta kulturaniztasuna hartu ditu ardatz eta oso gauza politak egin dituzte bertan. Adibidez, ‘ongi-etorri’ hainbat hizkuntzatan eman dute, ikasleen familietan hitz egiten diren hizkuntzetan. Haur-eskolan ostiralero hezitzaile bat arduratu da euskal musikari edo euskal musika talde bat ekartzeaz: sarreran jartzen dute musika, familiak sartzen diren bitartean, haiek entzun eta interesa pizteko. Aukeraketan, hezkidetza eta lurraldetasuna kontuan hartzen dituzte, gainera. Urumea ikastolan, ikasleek euskal musikaren inguruan duten ezagutza zabaltzeko asmoz, hamabostean behin euskal kanta bat proposatu da eta gelan adinari egokitutako ekintzak egin dira. Eta lehen hitza euskaraz egitera animatu dituzte familia guztiak. Institutuan euskal kulturako erreferenteak ekarri dira ikastetxera eta sendabelarren eta ondarearen inguruko lanketa egin dute. Eta, bestetik, Udalaren laguntza izan dugu eta UEMAk eskaintzen dituen formakuntzak ere jaso ditugu, bai gurasoek, bai irakasleek. Ekonomia arlora etorrita, Hernani Burujabeko eredua kontuan hartuta, euskara, Euskal Herria eta burujabetasuna landu dituzte Batxilergoko ikasleekin. (Jon URBE / FOKU) Hezigune bakoitzak berera ekarri du dekalogoa, baina ekintza bateratu bat ere abiatu duzue zentro guztietan. [N.B.] Bai, Euskal Herriko mapa jarriko dugu Hernaniko ikastetxe guztietan, sarreran, bertso batekin batera. [L.L] Akaso oso gauza xumea edo bistakoa iruditzen zaigu, baina ikusten dugu beharrezkoa dela Euskal Herriaz ari garenean zeri buruz ari garen gogoraraztea. Zazpi herrialdeez ari gara eta garrantzitsua ikusten dugu lurraldetasunari kontzientzia eta lekua ematea. Adibidez, matematikan ariketak egiteko adibideak jartzen ditugunean, Uztaritz edo Burgi aipatzea garrantzitsua izan daiteke, edo Lapurdiko biztanleen portzentajeak kalkulatzea. Lehen aipatu ditugun betaurreko horiekin aritzea garrantzitsu jotzen dugu eta hortik, Euskal Herriko mapa jartzearena. Euskaraz ari gara eta ea denok irudikatu dezakegun zein den euskararen herria. Herriaren egoera soziolinguistikoa asko aldatu da azken urteotan, kulturaniztasuna eta hizkuntza aniztasuna oso presente daude. [L.L.] Bai. Garrantzitsua da euskara harrotasunez defendatzea eta beste hizkuntzekiko jakin-mina eta errespetua agertzea. Azkenean bestea ikusia sentitzen denean, zurearekiko interesa ere sortzen zaio. Eta alderantziz. Nik uste dut hori oso kontuan hartu behar dugula. Haur-eskolan askotan ikusten dugu hori. Familia askorentzat euskararekiko lehen kontaktua da eta gu saiatzen gara haien hizkuntzara gerturatzen; agurra nola egiten duten, ‘ama’ nola esaten duten... Hor oso garbi ikusten dugu pertsonoi, oro har, zer gertatzen zaigun gure jatorriarekin, kulturarekin eta hizkuntzarekin ikusiak izateko aukera daukagunean. Jarrera kontua da. Haur-eskolan guraso askok esaten dute ‘kaixo, agur, eskerrik asko, eman muxu...’ nahiz eta beren etxeko hizkuntza ez izan euskara. Datorren urterako etxeko-lanak buruan al dauzka Gu Geok plataformak? [N.B.] Dekalogoan sakontzen jarraitu beharko dugu ikastetxeetan, zer egin asko dagoelako. Eta, bestetik, aurrera begira egin beharreko pausoa, agian, begirada zabaltzea da, hezkuntza komunitate osoari eta herriari zabaltzea ekimena eta esku artean daukagun hausnarketa kolektibo hau. Ikastetxeetan lanean jarraitu, dekalogoan sakondu, eta begirada herrira altxatu. Eta, azkenik, aurrera begira, Hernanin hasi dugun bidea Euskal Herriko beste herrietara zabaltzea garrantzitsua litzateke.