GAUR8

Charles Chaplin eta Harry d’Abbadie, Txofreko zezen-plazan

(PASCUAL MARIN. MARIN FUNTSA. KUTXATEKA.)

1931ko abuztuaren 8an, Pascual Marínek argazki bat egin zuen Donostiako Txofreko zezen-plazan. Irudian, bata bestearen aurrean, Charles Chaplin aktore eta zinema zuzendaria eta bere lagun Harry d'Abbadie d'Arrast, Ipar Euskal Herriko jatorria zuen zinema zuzendaria. Bertako prentsak haien bisita jaso zuen, Bretxako azokan egindako paseoa eta Rodil jatetxeko bazkaria barne, non txipiroiak dastatu zituzten, garaiko kronikek diotenez. Harry d'Abbadie d'Arrast zinemagileak lotura estua zuen Ipar Euskal Herriarekin. Bere aitona, Jean Charles d'Abbadie, Baigorriko Etxauzko gazteluaren jabea izan zen (gaur egun Harryren beraren gorpuzkiak Baigorrin daude). Gainera, Antoine d'Abbadie euskaltzale, astronomo eta esploratzaile ospetsuaren eta Hendaiako Abbadie gaztelua eraiki zuenaren iloba zen. Aurten “The Gold Rush” Chaplinen maisulanetako baten estreinaldiaren mendeurrena da. Ekoizpen hartan, d'Abbadie d'Arrast zuzendariak berebiziko garrantzia izan zuen zuzendari laguntzaile gisa.