2025 EKA. 28 - 00:00h Itsaso Beltzetik mundurantz zabaldutako leinua Rosa Parks-ek 1955ean autobuseko bere eserlekuari eutsi zionean, SESBetik ere elkartasuna eta babesa jaso zituen. Afro-sobietarrak ez ziren asko, baina propaganda arma eraginkor bilakatu zituen Moskuk. Euren istorioa, baina, garaipen diskurtso hutsak baino askoz aberatsagoa da. Nutsa (ezkerrean) eta bere lehengusinak, Shamil eta Tsiba Txanba, 1936an. (ABASH SENDIAREN ARTXIBOA) Karlos Zurutuza Emakume ikaragarria zen Nutsa Abash: ginekologia ikasitakoa, iraultzaile baten alaba, Bigarren Mundu Gerrako heroi baten arreba… Ez zen harritzekoa “Pravda” egunkariaren azalera iritsi izana. Aldizkaria Sobietar Batasuneko bazter guztietan banatzen zen, Ural mendietako bailara galduak barne. Haietako batean, Semyom Bobylevek ale bat eskuratu zuen. Nutsaren erretratuak aho bete hortz utzi zuen basozaina. Afrikar itxurako emakume hura sobietarra ote? Bobylevek gutun bat idatzi zion, hain izan zen handia bere lilura. Lau urtez eskutitzak trukatu ostean, Tbilisin (Georgia) elkartu eta, ia berehala, ezkondu egin ziren. Iragan mendeko 50eko hamarkadaren hasiera zen. Nutsa 1927an sortua zen, Abkhazian, Itsas Beltzeko itsasertzean. Sobietar Batasunean hiru herrik baino ez zituzten afrikar jatorriko biztanleak, Kaukasoko errepublika ttipian hirurak. Nutsa Medikuntzan lizentziatu da; Nutsak Maiatzaren Lehenaren martxarekin bat egin du; Nutsa kazetariekin hizketan, abeltegi kolektibo batean… Sputnik-en itzalak sobietar inperioaren gainean egin legez, Itsaso Beltzetik Ozeano Barera zabaldu zen afro-sobietarraren ospea. Bitartean, AEBetan, Rosa Parks izeneko emakume beltz batek uko egin zion autobuseko bere eserlekutik altxatzeari. Nutsak zutabe bat idatzi zuen “Pravda” egunkarian (“Nire ahizparen defentsan”), AEBetako komunitate afro-amerikarraren aurkako errepresioa salatzeko. «Min handia ematen dit beltzak Ameriketan jasaten ari diren egoerak. Batetik, humanismoaren, internazionalismoaren eta proletalgoaren balioetan hazitakoa naiz; bestetik, Rosak nire azal kolore bera dauka», idatzi zuen abkhaziarrak. «Askatasuna Ameriketako beltzentzat!», bukatu zuen zutabea. Nutsa eta Nayra bere alaba, Abjasian ateratako argazkian (ABASH SENDIAREN ARTXIBOA) Berdintasuna oinarri zuen sobietar ereduak oihartzuna izan zuen hainbat afro-amerikar migratzaile ospetsuren artean. Claude McKay zen ezagunenetako bat. John Reed kazetari eta komunista militanteak gonbidatuta, McKay 1920an bertaratu zen Sobietar Batasunera, Leninek «beltzen auzia» mahai gainean jarri eta gutxira. Iritsi bezain pronto, Zinoviev, Bujarin eta beste buruzagi sobietar batzuekin, argazkian agertu zen McKay, Moskun hainbat sari eta aitorpen jaso ostean. AEBetara bueltan, Sobietar Batasuneko aurrerapen sozialak goretsi zituen bere artikuluetan, eta «sozialismoaren paradisua» bisitatzera animatu zituen bere «anai-arrebak». «Propaganda dela esango dute batzuek, baina ez dit axola. Helburua zilegi da eta, beraz, harro nago propagandista izateaz», idatzi zuen. Urte batzuk geroago, ordea, Claude McKay antikomunista sutsu bilakatu zen, katolizismoa besarkatu ostean. AEBetako herritar askorentzat, alabaina, Sobietar Batasunak erreferente izaten jarraitu zuen. 1973an, “The Afro-American” egunkariak hiru erreportajeko sorta bat argitaratu zuen. «Afrikarren azalaren kolorea ez da oztopo Sobietar Batasunean» izenburupean. Lily Golden zen protagonistetako bat. Mississippitik Sobietar Batasunera 1931n emigratutako bikote baten alaba zen Golden. Taxkenten jaiotakoa (egungo Uzbekistanen), tenislari bikaina izan zitekeen (Sobietar Batasuneko txapelketetan laugarren postua lortu zuen), baina Goldenek historia ikasketak hautatu zituen. Afrikako Ikasketetan espezializatu eta hainbat liburu argitaratu ondoren, Tanzaniako presidenteorde ohi batekin ezkondu zen. Bikotearen alaba, Yelena Khanga, sobietar telebistako lehen aurkezle beltza bilakatu zen. «Arraza guztietakoa naiz: afro-amerikarra, poloniarra, judua, indiarra... Baina odolez izan ezik, errusiar peto-petoa naiz», bota zuen Goldenek, 2010ean hil baino lehen. “The Afro-American”-eko kazetariek Nutsarekin ere hitz egin zuten. Abkhaziarrak berrogei urte zituen orduan, bai eta 15 eta 17 urteko bi alaba ere. Ordurako, Kubatik, Kongotik, Angolatik edota Libiatik iritsitako ikasle komunitate sendo bat zegoen Sobietar Batasunean. «Nutsak sobietar gazte askok zuten arazo bera zuen: ikasteko aukera gehiegi zeuden», idatzi zuen kazetariak, bai eta abkhaziarrak «guraso eta aitona-amonen arteko liskar zaharretatik guztiz aske» burutu zituela bere ikasketak. Sobietar garaiko aztarnak, Abkhazian, oraindik ere nonahi aurki daitezkeenak. (K.Z.) Kaukasoko txetxeniarrak eta osetiarrak, besteak beste, Siberia edo Asia Erdialdera bidali zituen Stalinek bere deportazio kanpaina erraldoian. Eta ez ziren horiek mugimendu bakarrak izan. Nutsak lau urte zituela, Stalin georgiarrak Georgiako Errepublika Sozialistan sartu zuen Abkhazia. Huraxe izan zen hiru afro-sobietar herrien hondamendiaren hasiera. Abkhaziarrak desplazatu eta haien etxeak kolonoek okupatzeko plana jarri zen abian. Haien hizkuntzaren erabilera debekatu zen, eta abkhaziar toponimo edota izen-abizenen arrasto oro ezabatu zuten. Aldi berean, politikari, intelektual eta abkhaziar jatorriko pertsonaia publiko asko exekutatu zituzten, haien aurkako akusazio faltsuak tarteko. Txetxeniarrekin egin legez, abkhaziarrak Asiako estepetara deportatzeko aukera ere aztertu zuten Moskun. PUSHKINEN BIRRAITONA TARTEAN Eskualde hartako afrikar jatorriko komunitatearen lehen erreferentziak 1913an jaso ziren. Errusiar naturalista batek honela eman zuen Abkhaziako beltzen berri: «Paisaia tropikalak txundituta utzi nau. Aldi berean, poztu nau ikusteak azalaren koloreak baino ez dituela bereizten afrikarrak besteengandik. Harmonia erabatekoa da». Antzinako argazkietan, sepia koloreko haietan, Nutsa Abashen aita ageri da. Itxuraz azpi-saharar peto-petoa dena txerkeska izeneko kasakaz jantzita dago, Kaukasoko larruzko txano tradizionala buruan duela. Nutsak berak zera kontatu zion senarrari: Abashidze leinuko georgiar printze batek bere birramona eta haren semea eraman zituela Abkhaziara. Teoria batek dio Txatxba printzeak esklabo afrikarrak eraman zituela XVII. mendean, bere zitriko plantazioetan lan egin zezaten. Beste bertsio batzuen arabera, XVIII. mende amaieran esklaboak zeramatzan otomandar itsasontzi bat Abkhaziako kostaldean hondoratu zen. Bizirik atera zirenak beren artean hartu zituzten abkhaziarrek. Abkhaziako Independentzia Gerraren oroigarrietako bat. (K.Z.) Errusia inperialean esklabotza ohiko praktika ez bazen ere, garai hartako aristokraten artean modan jarri zen zerbitzari beltzak izatea. 1894ko harrera batean, Andrew Dickson White -Errusian AEBek zuten enbaxadorea- konturatu zen berari xanpaina zerbitzatzen zion mutila ez zela «nubiarra» (halaxe esan zioten), Tennesseeko gizasemea baizik. Ez da guztiz okerra afrikarren presentzia, Errusian, esklabotzaren sareen bitartez azaltzea, baina ez zen hura bide bakarra izan. Pedro Handiaren semebitxiak, esaterako, Amsterdametik ekarri zuen ume bat. Kamerunen edo Abisinian (gaur egungo Etiopia) jaioa omen zen eta, aristokraziaren babespean, errusiar armadako komandante nagusi bilakatu zen. Abram Petrovitx Hannibal zuen izena. Istorioa, baina, ez da hor amaitzen. Alexander Pushkin errusiar idazle ospetsua Hannibalen birbiloba izan zen. “Pedro Handiaren Beltza” eleberria dedikatu zion Pushkinek birraitonari. Kaukason erabat asimilatu izana zen afro-sobietarrak nazio gutxien gisa ez aitortzeko arrazoietako bat. Bestela ere, azal kolorearen araberako populazioaren edozein bereizketa «kapitalismo kolonialaren seinale»-tzat hartzen zuen diskurtso ofizialak. Mezu onuragarri horiek, alabaina, ez ziren beti errotzen gizarte mailan. Askotan, afrikar itxurakoei, sobietarrak izan ala ez, “ipurbeltzak” edo “argazki negatiboak” esaten zitzaien. Egun ere, Kaukasotik edo Errusiako beste etnia ez-errusiar batzuetatik datozen herritarrei “beltzak” esaten zaie. Zalantzarik gabe, afro-sobietarrak propaganda tresna indartsua izan ziren, baina ezin da ukatu Leningraden azpi-saharar jatorriko norbait maitatzea apustu zaila izan zitekeela. ZER GERATU DA? Nutsa 2008an zendu zen. Ospe handia bereganatu bazuen ere, abkhaziarrak bere ginekologo jardunari eta bere familiari eskaini zien bizitza. Egia da: oihartzun handiko titular haiez gain, ezer gutxi dakigu hari buruz. Jakin badakigu 1993. urtean, Abkhaziako Independentzia Gerraren ostean, bere jaioterria berreraiki zutela. Ordurako, baina, desagertua zen abkhaziar beltzen komunitate trinkoa. Viatxeslav Txirikba, Abkhaziako Atzerri ministro ohia eta antropologoa, Sukhum hiriburuan. (K.Z.) «Asko bilatu beharko genuke euren arrastorik aurkitzeko Abkhazian», diosku Viatxeslav Txirikbak, Abkhaziako Atzerri ministro ohi eta antropologo ezagunak. Abkhaziako Sukhum hiriburuko terraza batean eserita, adituak Itsas Beltzeko beltzen «erabateko asimilazio kulturala eta linguistikoa» ekarri du mahaira. Nola da posible, beraz, ezkontza mistorik apenas ez egon izana? «Arrazakeria baino gehiago, klasismo kontu hutsa zen. 1920an oraindik feudalismoaren aztarnak geratzen ziren, eta antzinako nobleen klanetakoak ez ziren nahasten zerbitzari eta morroiekin. Abkhaziar beltzak, jakina, gizartearen beheko geruzetan zeuden», argudiatu du. Komunitatea nahastu eta sakabanatu zela dio. Askok Errusiarantz jo zuten; beste askok Itsaso Beltza zeharkatu eta Turkian aurkitu zuten aterpe. XIX. mendeaz geroztik, abkhaziar diaspora handitzen joan da Anatolian. Egun, 500.000tik gora omen dira Turkian. Telefonoz Ankaratik, turkiar-abkhaziar ikerlari Dünya Basolek baieztatu egin digu: «Anatolian badira abkhaziar gehiengoa duten hainbat herri. Haietan, hizkuntzak nahiz kulturak bizirik diraute; dantzak, ezkontzak… ia ospakizun oro sasoi batean bezala kontserbatu da egundaino. Eta oraindik topa daitezke afrikar jatorria duten hainbat herritar», dio Basolek. Afro-sobietar haietatik geratzen dena, ordea, zuri-beltzezko oroitzapena besterik ez da gaur egun. Nutsaren genealogian gehiago sakonduta, Diana Bobyleva bere bilobarekin egin dugu topo. Londresen bizi den abkhaziar batek pasatu digu haren kontaktua, baina Dianak ez du hitz egin nahi. Esateko zeukan «guztia» Sputnik kanalak egindako elkarrizketa hartan azaldu zuen, 2017an. Hala azaldu digu email bidez, elkarrizketa horren esteka bertan txertatuz. Nutsaren biloba, Diana Bobyleva, Sputnik kanalari emandako elkarrizketan. (GAUR8) Dianaren aurpegian, Nutsaren antz izpi bat sumatu dugu, edo hala sinetsi nahi izan dugu, agian. Emakume gaztea zuri-beltzeko argazki batzuk erakusten ari da bideoan. Haietako batean, bere senarraren ondoan ageri da Nutsa, dotore, soineko estanpatu batez jantzita eta hego zabaleko txapel bat buruan duela. 50eko hamarkadako Alabamako bikote baten erretratua izan zitekeen, erraz, edota Chicagoko jazz klub batean ateratakoa Askotan, exotikotzat jotzen duguna unibertsalena ere izan daiteke. Nutsa Abash eta bere senarra, Semyom Bobylev, Sobietar Batasunean ateratakoa ez dirudien argazki batean. (ABASH SENDIAREN ARTXIBOA)