2025 EKA. 28 - 00:00h Vorigi Bita, aktibista bat Bilbon Vorigi Bitarena da arrazakeriaren aurkako borrokari Bilbon batu zaion ahots gaztea. Hezkuntza munduarentzat da bere lehen deia, eskola jazarpenaren aurkako protokoloak dauden bezala, arrazakeriaren kontrakoak ere eskatzeko. Vorigi Bita arrazakeriaren aurkako ekintzailea, elkarrizketaren une batean. (Monika DEL VALLE | FOKU) Nerea Goti Gazte-gaztea da, irribarretsua bezain irmoa bere mezua agertzeko orduan. Tinko defendatzen du arrazakeriaren aurkako borroka, fokua umeek pairatzen dituzten egoeretan eta horiekin zerikusi handia duen hezkuntza sisteman jarrita. Arrazakeriaren kontrako aktibista gisa aurkeztu ohi du bere burua Vorigi Bitak, 21 urteko bilbotarrak. «Baina zer da arrazakeriaren kontrako borroka, bidegabekeria ororen aurkako borroka ez bada?». Aktibismo horren jatorriari buruz galdetu dugunean egin du Vorigi Bitak lehen hausnarketa hori. Bere aktibismoaren abiapuntuan ez dago bizipen edo gertaera zehatzik, naturaltasunez hazi den ezinegona dela dio, bere izaerarekin eta etxean edandako pentsaerarekin ere oso lotuta dagoena. «Nire ama aktibista da, eta azkenean era naturalean sortu da, berarengandik jasotako ikaspenetatik, bizi ditugun gauzetatik eta nire izaeratik, ni naizen modutik, oso aktibista bainaiz», kontatu dio GAUR8ri. Ginean jaioa, bi urte ere ez zituenean heldu zen familiarekin Euskal Herrira, eta Bilbon bizi izan da orduz geroztik. Bilbotar, emakume arrazializatu, beltz, euskaldun eta aktibista gisa aurkeztu ohi du bere burua, eta azpimarratu du oso ginear sentitzen den euskal herritarra dela. Bilbon bertan ikasi du, eta orain unibertsitate ikasketak egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua egiten ari da, eta oso pozik dago aukeratutako formakuntzarekin. Hori ere ez da ausazko aukera izan, lan munduan eragin nahi du-eta, besteak beste. Solasaldian aipatu du egiten dugun ea guztiaren atzean dagoela politika, eta berak ezkerraren begiradan kokatzen duela bere burua, kapitalismoaren aurkako lubakian, sistemak berak ereiten baititu behar dituen desberdinkeriak, eta lur ongarritua delako hori arrazakeriarentzat. Argi du Bitak kapitalismoak ereiten dituela desberdinkeriak. Aktibismoarekiko joera hori helduarora iristearekin batera joan da eraikitzen, ahots propio bat sortzen, eta ondorioz Instagram eta antzeko sare sozialetara heldu dira Bitaren iritziak eta gogoetak. Baina ez arlo digitalera bakarrik: Bizipoza elkartearen deiari erantzunez, esaterako, arrazakeria deseraiki beharraz hitz egin zuen. Dioenez, bere aktibismoaren egoitza eta borroka espazioa kalea da, baina baita unibertsitatea bera ere. Azalaren koloreak kokatu du Bita, XXI. mendean, espero ez zituen esperientzietan, Euskal Herrian, txikitatik eta eskolan bertan. Horregatik dio, dagoen potentzialtasunarekin, gauzak beste era batera egin ditzakeela Euskal Herriak. Ume batek badaki azalen koloreak ezberdintzen, baina ez du bere burua ezberdin sentitzen, ingurukoek hala sentiarazten ez badute, behintzat. «Zurien herrietan heldu eta ume arrazializatuek bizi duten arrazakeria eskolan gertatzen da; hori izaten da lehen esperientzia. Zu ezberdin sentitzen zara eta ez dizute hazten uzten. Ezberdinak gara, baina gauza da ez dugula berdinak izan behar, ezberdintasuna babestea eta sustatzea dela gakoa», dio Bitak. (Monika DEL VALLE / FOKU) Hezkuntzan egin beharreko bidean jarri du azpimarra. Bere ustez, arrazakeriaren inguruko jarreretan berrikuspen sakon bat behar duen arloa da eskola, eta espazio estrategikoa da, gainera. Haurtzaroaren zutabe nagusietako bat da familiaren ondoren, eta gainera, ordu asko ematen ditu haur batek ikasgelan, eskolako jolastokian, jantokian... Jarrera baztertzaileak ez direlako eskola eremutik kanpo geratzen. Bitaren iritziz, bide luzea du aurretik euskal eskolak jarrera, eduki eta egoera arrazistak ezabatzeko, eta irakaskuntzatik hasi behar da, ez bakarrik sentsibilizazioan, baizik eta arrazakeriaren kontrako formakuntzan sakonduz ere. Datu bat nabarmendu du: arrazakeria ez da jorratzen irakasle-ikasketetan. Eta bitxia da, baina adierazi duenez, ez da arrazakeriaren aurrean nola jokatu, zer egin edo nola irakatsi behar den gomendatzen duen materialik erabiltzen. Bestalde, eskolak kultura ezberdinak irakatsi beharko lituzkeela uste du, munduari begiratzeko eta bizitza ulertzeko era anitz horiei erreparatzen dien eskola berri bat sortuz, non ikasi eta desikasi egin daitekeen, «hortik hasten baitira gauzak aldatzen». Eskola munduak pobretutako herriez zer dioen da planteatu duen beste galderetako bat. Egun irakasten den historiak eraikitzen jarraitzen duen kontakizuna berraztertu egin beharko litzateke, Bitaren iritziz. Gogoratu duenez, ezaguna da herrialde aberatsek Afrikako baliabide naturalak esplotatu dituztela, baina hori ez da ikasgeletan espiritu kritiko batez jorratzen. «Gizarte batzuen garapena ez da baliabide horien ustiapen basatian oinarritzen?», galdetu du gazte bilbotarrak. IRAKASTEN DEN HISTORIA «Historia ikasteko erabiltzen dugun materialak benetako historia kontatu behar du; zeren eta Colonek ez zuen Amerika deskubritu, Amerika deskubrituta baitzegoen Colon hara heldu zenerako. Detaile hutsalak ematen dute, baina horrelako gauzek narratiba bat osatzen dute eta nahita egindakoa da». Gaztearen ustez, «sistemak arrazak behar» dituela kontatzen hasi beharko litzateke: «Europak arrazakeria behar du, bizitza kalitatea mantentzeko, eta, Afrikako natura baliabideen jabeekin negoziatu beharrean, lapurtu egiten ditu horiek». (Monika DEL VALLE / FOKU) Bitaren hitzetan, «arrazakeria kapitalismoari lotuta dago. Arrazakeriaren aurkakotasuna antikapitalismoa da, nire ustez». Hari mutur horri tiraka, bazterkeriaren muinean sarritan egoten den aporofobia agertu da. «Aurreiritziak dira, eta hori azkenean desinformazioa da», dio Bitak. Aditzera eman duenez, «diru asko daukazunean, badirudi zapalkuntza guztiak desagertzen direla». Eta azala edozein koloretakoa dela, jende askok bere pobrezia egoera eta zailtasun ekonomiko larriak erlatibizatzeko joera izaten du. Aldi berean, bada ezabatzen den beste errealitate bat: Afrika oso kontinente aberatsa da, baina nork sortu du pobrezia Afrikan? «Afrikako baliabide natural asko hemen daude, eta horiei esker daude hemen gozatzen ditugun gauza asko, Afrikatik, Ameriketatik eta Asiatik datoz gauza asko… eta, hala ere, ni europar ere sentitzen naiz», dio irmotasunez. Ageriko bidegabekeriak identifikatu eta errealitatearen aurpegi horri aurrez aurre begiratzea balego, begiradak aldatzen joango liratekeela uste du. Txikitan heldu zen Euskal Herrira, Bilbon eman du bizitza osoa, baina azalaren koloreak jakin-mina pizten du sarritan. Dioenez, zuriak ez direnei baino ez zaie galdetzen birritan nongoak diren. Bitxia da, bere ustez, hori gertatzea zortzi abizen euskaldun dituzten herritarren ondoan industrializazioaren garaian Estatu espainoleko puntu askotatik etorritako jendea nahasten duen herri batean, non haietako asko «ez diren euskaldunak, baina ni beltza naizelako, birritan galdetzen didaten nongoa naizen. Hori arrazakeriaren beste adibide bat da», agertu du gazte bilbotarrak. ZAPALDUEN KONTZIENTZIA Begirada migrazioan pausatuz, GAUR8k planteatu dio ziurrenik ez garela egin beharko genukeen harrera egiten ari. Ados dago Vorigi Bita: «Bilboko herriak eta Euskal Herriak, oro har, gauza gehiago egin ahal ditu benetako harrera herria izateko. Egia da euskaldunek lan handia egiten dutela, herri zapaldua izanda kontzientzia handia dagoela eta gure alde borrokatzen den jende asko dagoela, eta guk ere haien alde egiten dugula, baina potentzial handia daukagu gauzak beste era batera egiteko, eta, esan dudan bezala, ikastoletan eta eskoletan zerbait egiten hasi beharko genuke». Pentsa genezake, gainera, arrazakerian, adierazpen eta intentsitate ezberdinak egon daitezkeela. Bitak dio egia dela «egoera ezberdinak egon daitezkeela», baina «bera» dela sortzen duten «mina». Frantz Fanonen mezura jo du egoera azaltzeko: «Fanonek dio arrazakeriak indarkeria arrazista adierazten duela edozein egoeratan, ez dela egokia arrazakeria sailkatzea, arrazakeria txarra baita haren adierazpen guztietan». Indarkeria arrazista horrek umeengan duen eraginak kezkatzen du bereziki Bita. «Hemen, Europan, oso babestuta dago haurtzaroa, umeen eskubideak eta bizi kalitatea zaintzen dira, baina ume batzuek pairatzen duten arrazakeriari buruz ez du inork hitz egiten. Ume zurien eskubideak besterik ez dago?», planteatu du. Ildo horretatik azaldu du zurien herri batean zuriak ez diren umeek bizi duten bazterkeriak «bizitza osoan jazartzen» dituela, sarritan gurasoen jokabideak errepikatzen dituztela haurrek eta haurtzarotik jasotako mina pilatzen joaten dela. Horregatik -dio Bitak- gizon arrazializatu asko haien buruarekiko mespretxu handia sentitzera heltzen dira, eta matxismoaren eraginez, emakume arrazializatuen kontra deskargatzen dute hori. (Monika DEL VALLE / FOKU) Horregatik dio berebiziko garrantzia duela hezkuntzan urratsak egiteak, eta eskola jazarpenaren kontrako protokoloak dauden moduan, arrazakeriaren aurkakoak ere ezarri beharko liratekeela, horrelako kasuetan nola jokatu behar den definitzeko. Lan munduan eta politikan ere ezarri beharko lirateke marra batzuk, eta zeresanik ez, poliziaren jardunean, «zeren eta haren lana legea aplikatzea eta herria babestea bada eta ez badu hori egiten...». Gaineratu du Bitak, berez, ezin dela arrazakeriagatik salaketarik jarri, gorroto delitua dela kontzeptua, baina «ez da espezifikoa». Emakumeen aurkako sexu indarkeriarekin egin bezala, egoerak zehaztu eta tipifikatu beharko liratekeela uste du bilbotarrak. Edonola ere, bide luzea dago aurretik, eta horri ekiteko arrazakeriaren aurkako espazio berriak konkistatu behar direla dio Vorigi Bitak, «gure mezua helaraziz, eta batuz, antolatuz, zerbait egin, gazte migratzaileek eta ez-migratzaileek».