2025 UZT. 14 - 13:13h Laura Zabala EHUko ikertzailea saritu dute ‘#HiloTesis 2025’ dibulgazioko lehiaketan Laura Zabala EHUko Ingeniaritza era Arkitekturako Energia Eraginkortasun eta Jasangarritasuneko doktoreak Bluesky sarean publikatutako haria saritu dute ‘#Hilotesis 2025’ zientzia dibulgazioko lehiaketan. Lana eraikinen portaera termikoekin lotuta dago, eta duen izaera «ulergarria» nabarmendu dute. Laura Zabala doktorea, irudian. (EHU) GAUR8 Laura Zabala Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingeniaritza eta Arkitekturako Energia Eraginkortasun eta Jasangarritasuneko doktore ikertzailea da ‘#HiloTesis 2025’ zientzia dibulgazioko lehiaketako sei irabazleetako bat.Estatu esapinoleko Unibertsitateetako Errektore eta Errektoreordeen Konferentziak eta Crue I+D+I sektorialeko Zientzia eta Kultura Dibulgazioko Sareak antolatu du lehiaketa, eta Zabalak puntuaziorik altuena lortu du, Burgosko Unibertsitateko ikertzaile batekin lehen postua partekatuz.EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Zabala saritu dute bere ikerketa «modu ulergarri eta irisgarrian» aurkezteagatik publiko orokorrarentzat Bluesky sare sozialean egindako hari baten bidez. Zehazkiago, bere lanak trantsizio ekologikoaren erronka nagusietako bati heltzen dio: nola lortu eraikinek energia gutxiago kontsumitzea, bertan bizi diren pertsonen erosotasuna galdu gabe.Tesian, eraikinek beren portaera termikotik «ikasi» eta era autonomoan aireztapena edo berokuntza bezalako parametroak egokitzeko tresnak diseinatu ditu Zabalak, betiere klimaren, okupazioaren eta espazioen benetako erabileraren arabera. Eraikin eraginkorragoak Helburua eraikin eraginkorragoak lortzea da, erabiltzaileen erosotasuna mantenduz, beharrezkoa den baino energia gehiago kontsumitu gabe.Horretarako, Zabalak denbora errealean datuak biltzea eta aztertzea ikertzen du, baita eraikinaren energia beharrak aurreikusten dituzten eredu prediktiboak ezartzea ere. Bere lana arkitekturaren, ingeniaritzaren eta ingurumen adimenaren arteko elkargunean kokatzen da.Lehiaketak bosgarren edizioa egin du aurten eta Estatuko 58 unibertsitatetako 489 doktoregai eta doktore ikertzailek parte hartu dute. Lanak ekainaren 3tik 17ra bitartean argitaratu ziren, 20 argitalpeneko dibulgazio hari moduan, unibertsitate ikerketak gizartera hurbiltzeko asmoarekin.Dibulgazioan eta doktoregoaren prestakuntzan adituak diren 27 pertsonek osatutako batzorde batek ebaluatu zituen hariak, edukien argitasuna, originaltasuna eta gizarte eragina baloratuz.Laura Zabalak 500 euroko saria jasoko du aitorpen gisa, Ignacio Larramendi Fundazioaren laguntzari esker. Fundazioak hirugarren urtez jarraian babestu du lehiaketa. Zabalak lehiaketan parte hartu duen haria osorik irakur daiteke Bluesky sarean: https://bsky.app/profile/laurazabala.bsky.social/post/3lrqcnwvq522q.