GAUR8

MagialdiAraba abuztuaren 28tik irailaren 14ra bitartean egingo da Arabako 18 herritan

Abuztuaren 28n abiatuko da MagialdiArabaren programazioa. Magialdiaren atariko ekitaldi honek hainbat magia ikuskizun  eramango ditu herrialdeko 18 udalerritara irailaren 14ra arte. Berantevillan izango da lehen emanaldia, eta Kontrasta herrikoak itxiko du egitaraua.

Magialdiko ikuskizun bat Gasteizen, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ | FOKU)

Magialdiaren atarikoa izango da MagialdiAraba ekitaldia, eta abuztuaren 28tik irailaren 14ra bitartean hainbat magia ikuskizun eskainiko ditu herrialdeko 18 udalerritan. Eskaintza Asier Kidam, Tor Magoa, Hodei Magoa, Imanol Ituiño, Txoborro Magoa eta Mago Altrius artistek josiko dute, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenaren arabera.

Ana del Val Kultura eta Kirol foru diputatua, Arantxa Ibañez de Opacua Fundacion Vital Fundazioko zuzendaria eta Jose Angel Suarez jaialdiaren zuzendariak aurkeztu dute aurtengo edizioa hedabideen aurrean.

Emanaldiak Berantevillan egingo dira abuztuaren 28an, Pipaonen (29an), Azazetan (30ean), Lantziegon (31n), Uribarri Ganboan (irailaren 1ean), Artziniegan (2an), Gillernan (3an), Ribabellosan (4an), Eskuernagan (5ean), Pobesen (6an), Berganzonen (7an), Laudion (8an), Ondategin (9an), Eltziegon (10ean), Burgelun (11n), Oionen (12an), Guardian (13an) eta Kontrastan (14an). Ekitaldi horiek hainbat herritan egin ondoren, Magialdia irailaren 15etik 21era egingo da Gasteizen.

MagialdiAraba Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak eta Vital Fundazioak finantzatutako proiektua da, parte hartzen duten udalen laguntzarekin.