GAUR8

Biarritzeko merkatuaren eraikina eta inguruak, 1925ean

(ROL AGENTZIA. FRANTZIAKO LIBURUTEGI NAZIONALA)

1920ko hamarkadan, goi burgesiak Ipar Euskal Herrian udan zuen bizitza sozialaren lekukotza gisa, bi argitalpen nabarmendu ziren: “L 'Illustré Basque” eta “Biarritz Illustré”. Hedabide horiek, egunkarien eta aldizkari ilustratuen trazarekin, euskal kostaldeko udako distira erakusten zieten irakurleei. Bereziki Biarritzekoa, orduan eliteko turismo europarraren epizentroa baitzen. Argitalpen horiek publizitate komertzial oparoaren bidez finantzatzen zituzten neurri handi batean, eta beraien erredaktore eta argazkilariek Europako hainbat herrialdetatik zetorren turismo burges eta aristokratikoaren bizitza xehetasunez dokumentatzen zuten: Txibertan golfean jokatuz, Biarritzeko hondartzan bainuez gozatuz, kasinoetan gaualdietan edota festa esklusiboetan parte hartuz... Kamerak bisitari ospetsuengan zentratzen ziren bitartean, baina, Biarritzeko herritarrek eguneroko bizimoduarekin jarraitzen zuten, glamourretik kanpo eta, kasu askotan, argitalpen horiek ikusezin bihurturik. Arrantzaleek, baserritarrek, merkatariek, hoteletako langileek eta beste hainbat sektoretako langileek hiriko benetako oinarria osatzen zuten, beren lanarekin turismoaren distira hori ahalbidetzen zuen azpiegiturari eutsiz. Haien aurpegiak nekez agertzen ziren aldizkari horietan, garai hartako protagonista isilak izan arren. Gaur egun, argitalpen horiek berrikustean, Europako elite baten bizimodua aurkitzeaz gain, irudiaz harago begiratzera gonbidatzen gaituzten isiluneak ere deskubritzen ditugu: Biarritzen urte osoan bizi zirenen eta hiriaren historia kontatu gabea egunez egun eraikitzen zutenen bizitza imajinatzera, alegia. Honako artikulua ilustratzen duen irudia izen ezezaguneko argazkilari batek Rol agentzia paristarrarentzat hartua da, eta Biarritzeko merkatuaren eraikina eta inguruak erakusten ditu, 1925ean.