GAUR8

'Chiquita de Mallabia' errakestista arrakastatsua duela bi urte hil zen

Digna Garitaonandia mallabiarrak bazkaltzeko jasotako dirua erraketa alokatzeko erabiltzen omen zuen. Eibarren jokatzen hasi eta 16 urte zituenerako Bartzelonara gonbidatu zuten. Bertan garatu zuen bere ibilbide profesionala eta pertsonala.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Mallabiako Areitio auzoko San Trokaz baserrian jaio zen Digna Garitaonandia, 1923ko irailaren 22an. Pilotarako zaletasun handia zegoen Euskal Herrian garai hartan eta bera ere Eibarko Astelena frontoian hasi zen jokatzen ikasten. Erraketista bezala segituan nabarmendu zen.

Esnea saltzera joaten zen Eibarrera, eta ondoren frontoira joatea gustatzen zitzaion, lagunak jokatzen ikustera. «Amak paga bat ematen zidan bokadilloa erosteko», kontatu zuen Ahotsak.eus proiektuan; hark, baina, diru horrekin erraketa alokatzen zuen, eta beste herrikide batzuekin jokatzen ikasten hasi zen. Familiak ez zekien etxera baraurik itzultzen zela. 

Eibar herri irekiago bat zen, ez hain katolikoa, eta emakumeek askatasun gehiago izaten zuten kiroletan aritzeko. 

1939ko otsailean, 16 urte zituela, Bartzelonan jokatzera gonbidatu zuten. Harmailetatik jasotako txaloekin hazi egin zen, eta partidu bikaina egin zuen. Horrek, ate gehiago zabaldu zizkion, Areitio ezizena hartuz lehenik, Chiquita de Mallabia ondoren. 

Bartzelonan zegoela, Jesusa ahizpa ere erraketan jokatzera joan zen, eta beste neska batzuekin batera, seme-alabarik gabeko senar-emazte batzuen etxean bizitzen hasi ziren. 

1943. urtean 1.432 pilotari profesional zeuden erregistratuta Estatu espainolean, eta horietatik 734 emakumeak ziren. Madril eta Bartzelonan pilotak ospe handia zuen, eta egunero jokatzen ziren erraketa partidak. Garitaonandia Nuevo Mundo eta Condal pilotalekuetan aritu zen lanean jokalari profesional bezala, eta bere emaitzak prentsan agertzen ziren.

Zortzi urtez jokatzen aritu ostean, 24 urte zituela ezkondu eta erraketa alde batera utzi zuen. Bartzelonan gelditu zen bizitzen, nahiz eta Mallabiako jaietara urtero joaten zen. Bartzelonan hil zen gaur duela bi urte, 100 urte betetzeko bi hilabete eskas falta zitzaizkiola.