2025 UZT. 24 - 16:50h Lurraldebusek gaur estreinatzen ditu Gaintxurizketan izango dituen geltoki berriak Aste honetan bertan, astelehenarekin, martxan jarri ditu Lurraldebusek Gaintxurizketan dituen geltoki berriak. Segurtasunaren eta erosotasunaren aldetik egindako aurrerapausoak nabarmendu dituzte Aldundiko ordezkariek. Diputazioko arduradunak, Gaintxurizketan. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Lurraldebusek Gaintxurizketan (Lezo) izango dituen geraleku berriak gaur bertan jarriko dira martxan, uztailaren 28an, espazioak egokitzeko lanak amaitu ondoren.Perrene auzoan Muebles Rey parean (Hondarribirako norabidean) eta Errekalde bailaran Euskotrenen geralekutik metro gutxira (Donostiarako norabidean) dauden geralekuek E20 (Hondarribia-Donostia), E26 (Irun-Donostia N-I), E27 (Hondarribia-Donostia N-I) eta E77 (Hondarribia-Donostia gaua) lineei emango diete zerbitzua. Gainera, GI-636 errepidearen gainean jarri den oinezkoentzako pasabidera sarbidea izango dute.Horrela, inguruko bizilagunek sarbide segurua duten geralekuak izango dituzte GI-636 errepidean, eta ez dute bi kilometroko itzulingurua egin beharrik izango beren etxeetara sartu ahal izateko edo hiru erreiko bidea zeharkatzeko. Gipuzkoan ezbehar tasa handiena duen errepideetako bat da.«Lezoko alkate Mikel Arrutirekin eta Gaintxurizketako herritarrekin hartu genuen konpromisoari erantzunez, geltoki berri hauek jarri ditugu martxan, inguruan eskaintzen dugun Lurraldebuseko zerbitzuan jauzi kualitatibo bat emanez, hemendik aurrera herritarrentzako sarbide seguru eta erosoagoa izango baitute eta Euskotrenekiko intermodalitatea ere hobetuko baitute», esan du Azahara Dominguez Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.Geltoki horiek gehituta, herritarrek «garraio publikoko zerbitzu hobea» izango dutela nabarmendu du, «segurtasuna, erosotasuna eta intermodalitatea irabazten baitute».«Horrelako jarduerak funtsezkoak dira gipuzkoarren artean garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitzeko, inork ez dezan bere bizitza garatzeko ibilgailu pribatu bat eduki behar. Modu honetan, aukera berdintasuna bermatzen dugu herritar guztien artean», azaldu du.