2025 ABU. 08 - 07:00h Gaurko egunez igo zuten lehen aldiz Mont Blanc mendia Mont Blanc mendi ospetsua gaur bezalako egun batez igo zuten lehen aldiz Jacques Balmatek eta Michael Paccardek. Genevako aberats batek diru eskaintza egin zuen bera igo aurretik bidea irekitzen zutenentzat, eta 16 urte beranduago bi mendizale horiek igo zuten. Mont Blanc Alpeetako gailurra. (Vincent Isore | Europa Press) GAUR8 Alpeetako gailurrik altuena izateaz gain mendi ezagunenetarikoa ere bada Mont Blanc. Gaur egun mendizaleen ilarak eta ilarak ikusi ditugu irudietan gailurrera bidean, baina noiz eta nork igo zuen lehen aldiz Alpeetako gailurrik altuena?Gaur bezalako egun batez izan zen, 1786ko abuztuaren 8an, hain zuzen ere. Orduan lortu bazen ere, 18 urte lehenago jada bazuen horretarako asmoa Horace-Benedict de Sausure izeneko Genevako gizon abertas batek. Mont Blanc ingurura abiatu zen urte horretan, bere nahia gailurrera igotzea zen, baina bere burua ez zuen gai ikusten bide hori egiteko lehen pertsona izateko. Hori zela eta, bide bat topatzen zuenarentzat diru kopuru handi bat eskaini zuen, hainbat saiakera egin ziren baina ez zuen inork lortu, 1786ko abuztuaren 8an, ordea, ondo entrenatutako bi zalek, Jacques Balmatek eta Michael Paccardek lortu zuten arte; gailurrera iritsi eta oso-osorik jeistea lortu zuten. Paccard doktorea zen eta bere-berezko nahia altuera horretan barometro aneroide baten balioa aztertzea zen. Urtebete geroago, igoera horren sustatzailea izan zen Horace-Benedict de Sausure jaunak ere gailurra zapaltzea lortu zuen, Chamonix-eko gida talde baten laguntzaz. Garaiera lotuta, azken urteetan metroak galtzen ari dela ohartarazten dute adituek. 2023ko neurketak egiaztatu zuen 2021ean 2,22 metro galdu zituela, izotz eta elur galera zela eta. Egun, arrokaren gailurrak 4.792 metro ditu.