2025 ABU. 10 - 07:00h Urtebete Paquita Bretos ekintzaile aitzindaria joan zitzaigunetik Paquita Bretosek badu kale bat Iruñeko izendegian, baina kalea baino maiteago izan zuen mendia, bera izan zen senarrarekin batera Belaguako aterpretxea ireki zuena. Pasa den urtean hil zen, gaurko egunez. Paquita Bretos, irudian, 2019an. (Jagoba Manterola | FOKU) GAUR8 Iruñean hil zen duela urtebete Paquita Bretos Andueza pasaitarra. Ekintzaile aitzindari gisa definitu dezakegu, gerrari aurre egin zion emakume belaunaldi horietakoa; baina sarera jotzen badugu, ezaugarri gehiagorekin egingo dugu topo: mendizalea, komunista, ateoa, antiklerikala, kontrabandista edota mugalaria. Gernikako bonbardaketen lekuko izan zen, eta txiki-txikitatik ikasi behar izan zuen sasian bizitzen, amaren aldeko familia nazismoaren eta frankismoaren aurkako ihes- eta erresistentzia sareetan baizebilen. Kontrabandoarekin bizirauten zuten ekonomikoki. Hori txikitatik ikusi eta ikasi zuela, Paquitak dozenaka iheslari sozialista eta komunistari lagundu izan zien muga zeharkatzen.Mendia ere oso gustuko zuen, eta 1949 inguruan hasi zen mendi irteerak egiten, eta bertan, mendian ezagutu zuen ondoren senar bihurtuko zen Angel Oloron. Elkarrekin igo zituzten Euskal Herriko eta Pirinioetako mendi guztiak, eta Belagoako Angel Ologon aterpetxea ere ireki zuten, ez gutxi kostata, bere esanetan. Poz handiz hartu zuen berriro irekiko zenaren albistea 7Kri kontatu zionez: «Jaso nezakeen berri pozgarrienetakoa da. Pentsa, 92 urte ditut, ez dakit noiz arte egongo naizen bizirik, eta berriro Belagua irekita ikusteko aukera edukitze hutsak bizipoz latza ematen dit. Mundu honetatik aterpea berriro irekita ikusi gabe joango nintzela sinetsita nengoen!».Iruñean kale izendegia aldatu zenean bere izena eman zioten bati.