2025 ABU. 12 - 00:00h Gaur hamar urte gertatu ziren Tianjingo portuko eztandak 2015eko abuztuaren 12an, Tianjingo hiriko portuko biltegi esparruan, modu ilegalean kontainerretan gordetako material kimiko arriskutsuak sua hartu eta eztanda egin zuen. Eztanden hedatze-uhinak hamar kilometrotako distantzia hartu zuen. Tragediaren zenbakiak: 172 hildako eta 700 zauritu. Leherketek eragindako txikizioa. (Voice of America | WIKIPEDIA COMMONS) Amaia Ereñaga Txinako bosgarren hiri populatuena da Tianjing, hamabost milioi biztanle baino gehiagorekin. Pekinetik 130 kilometrotara kokatuta, industriak eta merkatalgoak berebiziko indarra dute. Euskaldunen presentzia ez da soilik industriara lotuta, XX. mendean pilotaleku bat ireki zelako bertan. Juantxo Egañak gogora ekarri zigun irudi honetan, 1934ko irailean S.A.I. Forum Hai Alai izeneko pilotalekuaren inaugurazioa ikusi daiteke, egun Herriko Antzoki Handia dena. Orain hamar urte gertatu zena ez zen hain goxoa suertatu. 2015eko abuztuaren 12ko gauerdian, portuko biltegi kimiko batean kontainer batzuk hasi ziren erretzen. Ondorioz, bi eztanda izugarri eman ziren, lehendabizikoa 23.40an, eta minutu gutxira heldu zen bigarrena... eta haren ostean beste hainbat. Adituen arabera, hiru tona TNTren indarra izan zuen lehen eztandak. Eztanden hedatze-uhinak hamar kilometrotako distantzia hartu zuela jakinarazi zen. Greenpeaceren bideo honetan ikusi daiteke.Eztandak eragindako sutea kontrolatzeko ahaleginetan 104 suhiltzaile hil ziren. Hamasei ordu behar izan zituzten sutea kontrolpean edukitzeko. Guztira 172 hildako izan ziren, 700 zauritu, eta inguruko ehunka etxebizitza suntsitu zituen. Eztandak 2,2 graduko lurrikara eragin zuen Richter eskalan. Zientzialariek sodio zianuro arrastoak aurkitu zituzten portuko uretan egun berean, leherketaren ondorioz isuritakoa 700 tona izan zirelako. Sodio zianuroa oso gai toxikoa da eta heriotza eragin dezake kopuru handietan arnastu edo irentsiz gero. portuaren inguruan euripean ibili ziren herritar eta kazetariek erremina jasan zuten larruazalean eta ezpainetan, askatu zuten kutsaduraren eraginez. Beldur handia sortu zuen ingurumen-hondamendia sortu zezakeelako. Urtebeteren buruan jakin zen epaileen ebatzia: Txinako Tianjin hiriko auzitegiek 49 pertsona zigortu zituzten, horietan artean 24 enpresa-zuzendari eta 25 kargu publiko. Gertatutakoaren ardura batez ere Ruihai enpresarena izan zela jakin zen, segurtasun industrialaren araudia eta udal araudia urratu baitzituen material arriskutsuen biltegi bat instalatzerakoan. «Kudeaketa kaotikoa izan da eta segurtasun arazoak iraunkorrak dira», zioen epaiak.Bertako hedabideek batez ere bi izen aipatu zituzten: Yu Xuewi eta Dong Shexuan (Dong Mengmeng ere deitzen diote) omen ziren konpainia benetan kudeatzen zutenak. Azken hori Dong Peijun zenaren semea da, Tianjingo portuko agintaritzako buru-ohiarena alegia. Dongek orain hiru urte ezagutu omen zuen Yu, eta bien artean asmatu zuten beraien lotura horietatik etekin ekonomikoak ateratzeko modua: baimenak eta ziurtagiriak emateko garaian oso bizkor ibiltzen ziren, esaterako, produktu toxikoak gordetzen zituen biltegia etxebizitzetatik 560 metrora eta tren geltokitik 630 metrora eraikitzea baimendu zuten, Txinako legediak exijitzen duen kilometroa errespetatu gabe.