GAUR8

Annie Oakley jaio zen, mendebalde urruneko tiratzaile ospetsua

Mendebaldearen kolonizazioarekin, eta XIX. mendean AEBetako mugak hedatzen joan ziren heinean, emakumeen rol sozialak aldatzen joan ziren. Kolonoen bizimoduak behartuta, emakume askok gizonezkoen lan tradizionalak ikasi zituzten. Eta ospea lortu zuten; horren adibide, Annie Oakley tiratzailea.

Pariseko Expoaren ostean Europan egin zuten hiru urteko biraren hasieran. (Smithsonian institute)

Annie Oakley (1860-1926) edozeri erabateko zehaztasunez tiro egiteko zuen abilezia bikainagatik egin zen ospetsua AEBko Mendebaldean. Are gehiago, Estatu Batuetako lehen emakumezko ‘super izarra’ izan zela esan daiteke. Zirkuan eta, batez ere, Buffalo Billen Mendebalde Basatiaren ikuskizunean aritu zen eta, tiratzaile gisa zituen trebeziak oso arraroak eta ustekabekoak zirelako emakume batentzat bere garaian, kondaira bihurtu zen bere sorterrian.

Eta nola iritsi zen ‘super izarra’ izatera? Phoebe Ann Moses bezala jaio zen 1860an Darke konderrian, Ohion. 10 urterekin, aita hil zitzaienean, morroi bidali zuten beste familia batentzat lan egitera. Haien ankerkeriagandik ihes egin eta amaren etxera itzuli zen. Inguruko basoetan animaliak ehizatuz, eta merkatariei salduz, familia mantendu zuen Annie gaztetxoak. Bere punteriari esker, etxearen hipoteka kitatu zuen.

15 urte zituenean ezagutu zuen senarra, Charles Butler, tiro lehiaketa batean. Irabazi zion –Butler profesionalki horretan aritzen zen– eta elkar maitemindu eta urtebeteren buruan ezkondu ziren.

Mendebaldean hain ohikoak bihurtu ziren show batean hasi ziren lanean. Baina, 1882ko Maiatzaren Lehenean Charles gaixotu zenean, Anniek senarra ordezkatu eta, Oakley izen profesionala hartuta, showaren izar bihurtu zen handik aurrera. Buffalo Bill edo Bill Codyren zirkuan hasi zen 1885ean –17 urte eman zituen bertan– eta ikuslegoa liluratu zuen eskopetarekin zuen trebeziarekin.

Europan aritu zen ere, 1889ko Parisko Erakusketarekin batera hiru urteko bira arrakastatsuak egin baitzuen kontinente zaharrean Buffalo Billen zirkuak. Anniek Victoria erregina ezagutu zuen, eta honek «oso neskato azkarra zela» esan omen zuen, garaiko hedabideen arabera. Horri esker, Estatu Batuetako lehen emakumezko ‘star-a’ bihurtu zen, baina ez zituen bere sustraiak ahaztu, antza. Txirotasunez bizi zen.