GAUR8

Napike elkarteak manifestu bat idatzi du pilotalekuak zaindu eta balioan jartzeko

Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkarteak (NAPIKE) “Frontoien defentsaren aldeko manifestua: gure kulturaren zaindariak” izenburudun idatzia zabaldu du, Euskal Herriko hainbat lekutan pilotalekuak utzikeria egoeran daudela ikusita. Xabier Martinez Alava presidenteak eman dizkigu azalpenak.

Haurrak jolasean, elizak eta pilotalekuak bat egiten duten Otxandioko plaza ederrean. (Juanan RUIZ | FOKU)

Napike Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkarteak ohar bat zabaldu du azken asteotan pilota munduko eragile desberdinen artean, “Frontoien defentsaren aldeko manifestua: gure kulturaren zaindariak” izenburupean. Testuari hasiera ematen dion lehen esaldia ezin gordinagoa da: «Frontoiak desagertzen ari dira». Eta jarraipenak ere ez du zalantzarako tarte handirik uzten: «Mendeetan zehar identitatearen sinboloa, elkargunea eta gure kulturaren adierazpen bizia izan denak, gaur egun, abandonuari, axolagabekeriari eta ahanzturari egin behar dio aurre».

Hortik aurrera, pilotalekuek euskal kulturan izan duten garrantzia nabarmentzen du manifestu mamitsuak, kirol jardueraz gain eguneroko bizitzan izan duten presentzia, eta gaur egun egiten diren planifikazio urbanistikoetan ondare hori guztia galtzen ari dela.

Horregatik, hiru eskaera egiten dizkiete eragile desberdinei. Hauxe lehena: «Administrazio publikoei, tokikoei, eskualdekoei zein nazioartekoei: frontoiak babestu, zaharberritu eta sustatu ditzatela kultura-ondare gisa, bai hiri-espazio publikoaren parte direnak, bai arkitektura-kalitateagatik nabarmentzen direnak». Hauxe bigarrena: «Komunitateei: espazio horien balioa onar dezatela eta bizirik manten ditzatela beren presentziarekin eta parte-hartzearekin». Eta hirugarrena: «Hedabideei eta kirolaren munduari: errealitate hori ikusaraz dezatela eta euskal pilota eta bere agertokiak duintzen lagun dezatela, ez soilik kirol gisa, baizik eta kultura, espazio eta ondare gisa».

LIZARRAKO ADIBIDEA

Manifestuaren ideia nola sortu zen jakiteko, Xabier Martinez Alava elkarteko presidentearekin izan gara. Eta aipatu digunez, pilota munduan dabilen jende askoren kezka hau aspalditik datorren kontua da. «Herriz herri zabiltzanean ikusten duzu herri erdian dauden frontoiak parking bezala erabiltzen direla. Edo hirietan bertan ikusten dituzu hainbat frontoi pintadaz beteta, edo mantentze lanik egin gabe. Horregatik, beti eduki dugu buruan ideia hori, esanez ‘aizu, frontoiak zaindu egin behar ditugu’», ekin dio azalpenari Xabierrek.

Urratsa egin eta kezka hori plazaratzeko beste gertakari bat ere aipatu digu Napikeko kideak. «Duela egun batzuk Lizarrako Udalak dei egin zien Lizarra pilotalekuaren erabiltzaileei bertan gordeta zituzten gauzak lehenbailehen atera zitzaten, bota egin behar zutela-eta. Gu ez gara sartuko botatzeko erabakia ongi hartua dagoen epaitzera, baina bai diogu pilotaleku bat botatzea erabakitzen bada, gero hor eraikiko denak pilotarekin harreman bat izan behar duela. Azkenean, badirudi oposizioak akordio bat lortu duela frontoia berritzeko 2.800.000 euro bideratuz», dio.

«Ni orain dela gutxi izan nintzen Lizarra frontoian, eta ez zitzaidan iruditu horren gaizki zegoenik. Baina adibide konkretu horretatik haratago, hainbat lekutan ikusi dugu frontoiak botatzen ari direla. Agian batzuk bota egin beharko dira, ez gara gu hasiko esaten den-denak mantendu beharra daudenik, agian pisuzko arrazoiak daude, baina ondo hausnartu beharreko gaia dela uste dugu».

Dantzarien ikuskizuna, Baigorrin. Atzean ikus daitezke plazako frontisa eta elizako horma. Patxi BELTZAIZ

IRUÑEAN IZAN DEN GALERA

Begirada denboran apur bat atzerago botata, Xabierrek horren ongi ezagutzen duen Iruñeko adibidea ere aipatu digu. «Hemen, Iruñean, Perkain frontoia daukagu, 50eko hamarkadatik itxia eta apartamentu batzuk egiteko-edo botako dutena, El Corte Ingles alboan, erdigunean. Maristasen bi desagertu ziren, Jesuitasen bat, harresietan beste bat, Euskal Jai aspaldi bota zuten...», zerrendatu du.

«Manifestuarekin aldarrikatu nahi duguna da frontoiak denonak direla, gure kirolaren sustraia direla, eta merezi duela behar bezala zaintzea. Goazen guztion artean ahal direnak salbatzera. Herri batean frontoi bat baldintza eskasetan baldin badago eta bertako herritarrak auzolanean frontoi hori txukuntzeko prest baldin badaude, ba aizu, administrazioek materiala eskuratzen lagundu diezaietela, adibidez», aldarrikatu du.

«Dei bat egin nahi genuen ohartarazteko gure frontoi asko desagertzen ari direla eta oraindik zutik daudenak ongi zaindu behar direla. Joan zaitez Iruñean Mañuetako frontoia ikustera. Dena pintadaz josita dago, oso itsusi. Ba garbitu dezatela. Argiak jarri behar badira, ba jarri. Bertan pilotan jokatu nahi duenak jokatzeko aukera izan dezala. Edo batzar bat egiteko erabili nahi bada ere baldintza egokietan egon dadila», gaineratu du Xabier Martinezek.

Azken batean, hausnarketaren oinarrian dagoena da pilotalekuak ez direla kirol-instalazio soilak. «Frontoia guretzat euskal agora da. Ez da pilotan jokatzeko lekua bakarrik, baizik eta elkarrekin harremantzeko lekua. Azokak egiten dira, dantzak... Zentzu askotan herriko bilgunea izaten da. Kontuan izan behar da frontoiak direla mundura esportatu ditugun elementu garrantzitsuenetako bat. Gure arbasoek emigratu zuten leku guztietara frontoia eraman zuten beraiekin. Argentinako Pampara bazoaz, herrixka guztietan frontoitxo bat topatzen duzu. Bereizten gaituen ezaugarri bat da, eta hori ezin dugu galdu», dio.

Eta zabaldu berri duten manifestuan ere horrelaxe azaltzen dute: «Frontoiak ez dira soilik kirolguneak. Historia dira. Kultura dira. Gure sustraiak dira. Hiri-ondare ere badira, eta Ustarroz, Iñiguez eta Carballok azpimarratzen duten bezala, arkitektura paregabea osatzen dute, askotan plazatik, elizatik eta udaletxetik bereiz ezin daitekeena. Pilotan jokatzeko lekuak dira, baina baita jolasteko, hitz egiteko eta elkarrekin bizitzeko lekuak ere. Beraz, desagertzen uzten baditugu, gure nortasunaren funtsezko zati bat betiko galtzen utziko dugu».

Enrike Abril errebote txapelketako partida bat Zubietan. Jon URBE | FOKU

ELKARTEAREN SORRERA

Azken manifestu hau pilotalekuen ingurukoa den arren, Xabierrek argi uzten duen moduan, kezka zabalagoa da, eta euskal pilotari eragiten dio orokorrean. «Gure erremintak salbatzeko, pilota hezkuntzan sartzeko... Ikastetxe batzuetan beisbola eta saskibaloia ikasten dituzte, eta pilota ez. Pilota ez? Gure kirola da-eta. Valentzian ere egin dute hori, atera kontuak. Hau ez da frontoi kontua bakarrik. Euskal pilota da, gurea. Beste pilota joko asko daude, baina gurea hori da. Eta zaindu beharra daukagu. Ez da frontoiak desagertzen ari direla soilik. Artisauekin ere berdin gertatzen ari da. Gehienak zaharrak dira eta asko hiltzen ari zaizkigu. Nolabait ordezkatu beharko dira, bestela jakintza horiek desagertu egiten direlako. Laxoako eskularruak egiten dituen artisau baztandar bakarra hiltzen bada, laxoa ezingo da jokatu eta daukagun jokamolde zaharrena desagertu egingo da», ohartarazi du.

«Denok daukagu horretaz hausnartu beharra: klubek, elkarteek, ondarea zaintzeko dauzkagun hainbat erakundek... Eta denon artean egoerari aurre egin. Valentzian, adibidez, pilota munduko artisautza Lanbide Heziketan sartu badute, guk ezin dugu egin? Eta berdina egin nahi ez badugu ere, gutxienez pentsatu beharko dugu zer egin. Zurgintza ikastaroetan xisterak egiten irakatsi dezatela, adibidez. Edo hasten gara guztion artean bildu eta buruari bueltak ematen, edo konturatzerako hau joan egingo zaigu», gaineratu du Napikeko presidenteak.

Kontatu digunez, elkartearen sorrera Iruñeko Pilotaren Interpretazio Zentroaren testuinguruan iritsi zen. «2018an, Joseba Asironen lehen agintaldian, Iruñea-Baiona Elkarteak bi hirien artean trukaketak egiten hasi nahi izan zuen. 45 urte betetzen ziren harreman horrekin hasi ginenetik, eta bere garaian egin zen ekintzetako bat pilota mundukoa izan zenez, Nafarroako Federazioarekin harremanetan jarri ginen, ea zer egin genezakeen aztertzeko. Hainbat proposamen jarri ziren mahai gainean eta horietako bat Pilotaren Interpretazio Zentroa sortzearena izan zen. Ideia aurkeztu zen, baina ez zuen aurrera egin garai hartan. Hala ere, urteotan ideia buruan eduki dugu eta garatzen joan gara, pentsatuz hezkuntza eta ikerketa gune bat ere izan behar zuela zentro horrek», gogoratu du.

«Asironen bigarren agintaldian berriz aurkeztu zen proposamena, baina ez Iruñea-Baiona Elkartetik, baizik eta sortu berria zen elkarte batetik, Napike elkartetik, hain zuzen ere: Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkartea. Helburu nagusia, hasiera batean, Pilotaren Interpretazio Zentroa sortzea zen. Iruñeko Udalak onartu zuen proiektua eta uste dut laster emango dela ezagutzera non eta nola kokatuko den. Hori aurrera doa, beraz», eskertu du.

«Eta beste ideia bat izan zen Iruñea Euskal Pilotaren munduko hiriburu bezala aldarrikatzea. Ez besteak baino guapoagoak garelako, baizik eta kontuan izanda Nafarroan 700 pilotaleku inguru ditugula, hainbat domina Munduko Txapelketetan, pilota-eskola eta klub ugari... Hori ere Udalaren mahai gainean dago, eta landu daitekeen ideia dela uste dugu», iritzi dio.

Napikek Iruñeko katedralaren klaustroan antolatutako pilota partida. NAPIKE

ARLO DESBERDINETAN LANEAN

Baina proiektu eta lelo handi horien atzean, jakitun dira zer landu eta zer hobetu asko dagoela pilota munduan, eta elkartea horretan dabil buru-belarri, oso aipagarria den eguneroko lan isilean.

«Euskal Pilotaren inguruko bibliografia, esaterako, ez da handiegia. Artxiboak ere ez dira behar beste zaintzen: lekualdaketak daudenean, dokumentu asko bota edo galdu egiten dira. Ondarea zaintzeko edo berreskuratzeko arloan zeregin handia dago. Adibide bat jartzearren: badakigu artzainek Erronkaritik Bardeetara egiten zuten ibilbidean pilotan jokatzen zutela, ba goazen ohitura horiek nolabait jasotzera, argazki zaharren bidez izan behar bada ere», jarri du adibidetzat Xabierrek.

Lehiaketen munduan ere badago balioan jartzea merezi duen ondare bat. «Guk ez ditugu lehiaketak antolatzen, baina badira hainbat txapelketa interesgarri, federaziotik kanpo antolatzen direnak, eta balioan ipintzea merezi dutenak. Etxaurikoa aipatu daiteke. Herrian antolatzen dute, herritarren biltoki izateko. Hiru maila daude: bat elitekoena, bestea pilotan ongi moldatzen direnentzat, eta hirugarren bat gustuko duelako pilotan jokatu nahi duen edozein herritarrentzat. Horrek sekulako bizia ematen dio herriari eta hori da zaindu behar dena. Ikertu noiz sortu zen lehiaketa, izan duen bilakaera, hori jendartera zabaldu... Horretan dabil Napike».

Eta bide hori beste herrialdeekin batera egin nahi lukete. «Gure apustua beste lurralde guztiekin zubiak eraikitzea da. Nafarrak Angelu edo Biarritzera bidali, hangoak hona ekarri... herria egin. Arazoak oso antzekoak izango direlako Iparraldean eta Hegoaldean, eta batera joanda Europara irits gaitezkeelako. Eta Europatik esku artean ditugun proiektu hauetarako dirua etor daitekeelako. Laster aterako dugu liburu bat Santiago Bideko frontoiei buruz, eta Nafarroako frontoien ibilbidea lantzen gabiltza, Iparraldean jarraipena izan dezakeena».

Euskal pilotaren eta elizaren arteko harremanak ikertzea helburu duen jardunaldi benetan interesgarri bat ere antolatzen du Napikek. «Elizarenak zergati bat dauka. Pilotan jokatzen zela dakigun lekurik zaharrena Iruñeko katedralaren klaustroa da. Kalonjeak hor bizi ziren eta badakigu pilotan jokatzen zutela bertan. XVI. mendeko idatzi bat daukagu aipatzen duena erraketak eta pilotak gordetzen zituztela kalonjeek pilotan jokatzeko. Gainera, garaian gizonezkoak izan arren, inklusiboa egiteko aurten bi mutil eta bi neska aritu dira pilotan. Eliza eta pilota oso lotuta egon dira betidanik, eta garai bakoitza ulertzeko dokumentu historiko oso interesgarriak aurki daitezke elizgizonen pilota desafioei buruz».

Unibertsitate desberdinen arteko sare bat ere antolatu dute, UPNA, Anahuac Puebla, TEC Monterrey, Iberoamerikar Unibertsitatea, La Platakoa, Habanakoa edo EHUko irakasleen artean harremanak bultzatuz bi arlo nagusiren inguruan: ondarea eta arkitektura.

Eta horrez gain, herriz herri hitzaldiak eta erakusketak ere antolatzen dituzte. «Pilota erremintak biltzen dituen erakusketa oso interesgarria daukagu. Herrietara eramaten dugu, bertan ikusgai egoten da 10 bat egunez eta itxiera egunean hitzaldi bat eskaintzen dugu euskal pilotaren historiari buruz. Herri bakoitzean bertako berezitasunak ere izaten ditugu hizpide. Herrientzat badu balioa», amaitu du Xabierrek.