GAUR8

Klima aldaketaren ondorioak aztertzeko saioak Urola Kostan, eragile ekonomikoei zuzenduta

Klima aldaketa eskualdean nola eragiten ari den eta nola eragingo duen aztertzen ari da Urola Kostako Udal Elkartea, eta ikerketa horren barruan saioak antolatu ditu sektore ekonomikoko eragileekin ikusten dituzten ondorioak aztertzeko.

Herritarrak eguzkitan, Aian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sektore ekonomikoko eragileei zuzenduta, klima aldaketak eskualdeko negozioetan nola eragin duen eta eragingo duen aztertuko duten saioak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak hilaren 10, 11, 22 eta 23rako. 

Errealitatea erakusten duten zenbait datu eman dituzte antolatzaileek: «EAEn 1970az geroztik 0,3ºC igo da tenperatura hamarkadako; itsas maila eta itsasoaren gainazaleko tenperatura etenik gabe doa gorantz; uholdeak, suteak, lehorteak…». 

Honako galderak plazaratu dituzte bultzatu nahi duten hausnarketa azaltzeko: «Nola eragiten du horrek guztiak Urola Kosta eskualdean orokorrean, eta lan munduan zehazki? Bero boladek nola eragiten dute gure industria guneetan? Zein herrik du suteak pairatzeko arrisku gehiago, eta nola eragiten du horrek lehen sektorean?». 

Urola Kostako Udal Elkarteak jakinarazi duenez, klima aldaketaren eraginak aztertzen ari dira dagoeneko. «Orain, azterketa hori osatzeko, Urola Kostako sektoreekin saioak antolatu ditu, ikerketaren berri eman eta euren bizipen eta ekarpenak jasotzeko.

Aurkezpen saioa Zumaian izango da, hilaren 10ean; Orio eta Aiako herritarrak Orioko Arraunetxean daude deituta (hilaren 11n), Zarautzen izango da 22ko saioa eta Getarian, azkena, 23koa.

Argitu dute, hala ere, herritarrek parte har dezaketela bere herrikoa ez den hitzorduan, baina parte hartzeko izena eman behar dute web inprimaki baten bidez.

«Garrantzitsua da guztiok kezkatzen gaituen gai hau denon artean aztertzea, eragile, enpresa edota langile bakoitzaren beharrak eta kezkak jasota. Azterketa honetatik abiatuta ikusiko dugu eskualdeko ekonomia sareari nola lagundu diezaiokegun eragina aurreikusi eta egokitzen», adierazi du elkarteak.