2025 IRA. 09 - 17:14h Arabako Diputazioak Gebaratarren dorrearen proiektua idazteko eta burutzeko lanak esleitu ditu Gebaratarren dorrea birgaitzeko proiektua esleitu du Arabako Foru Aldundiak. Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 814.000 euroko inbertsioari, proiektua idatzi eta lanak egiteko. Hilabete bateko epea du enpresak proiektua diseinatzeko eta zazpi hilabete lanak burutzeko. Gebaratarren dorretxea birgaitzeko proiektua onartu du Foru Aldundiak. (Wikipedia) GAUR8 Arabako Foru Gobernuaren Kontseiluak Barrundia udalerriko Gebaratarren dorrejauregia birgaitzeko lanen proiektua idazteko eta obrak egiteko kontratu mistoa Teusa Tecnicas de Restauración SA enpresari esleitzea erabaki du. Egitasmoak 814.000 euroko kostua du, BEZa barne.Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, Europar Batasunak (EB) finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana eta 'Plan Nacional Turístico Xacobeo'-ren barruan dago. Plan horrek «Donejakue Bidearekin lotutako gune kultural eta turistiko berriak sortzea bultzatzen du».Kontratuak hilabeteko epea aurreikusten du proiektua idazteko, eta beste zazpi hilabeteko epe bat obrak egiteko. Lan horien ondorioz, enklabe enblematiko hori «Arabako erreferentzia kultural eta turistikoko gune» bihurtuko da. Aurrekontua bi urtetan banatuko da, 2025ean 366.571 euro eta 2026an 447.429 euro bideratzeko.Esleipen horren bidez, Arabako Foru Aldundiak aurrera egin nahi du herrialdearen ondare historiko-arkitektonikoa berreskuratzeko eta balioa emateko bidean, eta, gainera, «Arabako Lautadarako garapen ekonomiko, sozial eta turistikorako aukera berriak» sortu nahi ditu.