2025 IRA. 16 - 06:00h Gaurko egunez jazo zen Arkatzen Gaua Argentinan 1976ko irailaren 16an bigarren mailako hamar ikasle bahitu eta torturatu zituzten Videlaren diktaduraren agintean zegoen zeregin-taldeek Argentinan, gerora Arkatzen Gaua izenaz ezagutu den gauean. Arkatzen Gauean bahitutako eta gerora desagertutako sei ikasleen irudiak Unibertsitate Teknologiko Nazionaleko memoriaren pasabidean. (WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Gaur bete dira 49 urte Arkatzen Gaua gertatu zenetik, hots, argentinar diktadurak hamar ikasle bahitu, torturatu eta horietako sei desagerrarazi zituenetik. Izen horrekin ezaguna da operazioa horrela deitu ziotelako hura burutu zuten talde paramilitarrek. Halaber, 1986an pelikula bat estreinatu zuten, izen berekoa, gertatutakoari buruz. 1976ko irailaren 16an bahitu zituzten María Clara Ciocchini, María Claudia Falcone, Francisco López Muntaner, Daniel A. Racero eta Horacio Ungaro. Gainontzekoak beste egun batzuetan bahitu zituzten: irailaren 8an Gustavo Calotti; 15ean Claudio de Acha; hilaren 17an Patricia Miranda eta Emilce Moler; eta 21ean Pablo Díaz. Hala ere, operazio beraren parte izan ziren bahiketa guztiak. Astebetez torturatuak izan ostean, De Acha, Ciocchini, Falcone, López Muntaner, Racero eta Ungar irailaren 23an desagerrarazi zituzten, eta gainontzekoak beste tortura zentro batzuetara eraman zituzten. Guztiek 16 eta 18 urte bitartean zeuzkaten. Biktima gehienak Bigarren Mailako Ikasleen Batasuneko ikasleak izan ziren, La Plata hirikoak. Elkarte horrek, beste eskola batzuekin batera, 1975ean eskatu zion Ministerioari ikasle-deskontua duen autobus-txartela ematea eta uste da litekeena dela mobilizazio horiek bultzatu zutela operazioa. Bahiketak Buenos Aires probintziako Poliziako kideek egin zituzten. Garai hartan, Ramón Camps jeneralak eta Miguel Etchecolatzek zuzentzen zuten, eta armadaren autoak erabili zituzten bahiketak gauzatzeko. Argentinako Berrantolaketa Prozesu Nazionalak iraun zuen bitartean 30.000 pertsona inguru desagerrarazi zituen estatu terrorismoak.