2025 IRA. 19 - 14:59h Picassoren artelan ezezagun bat berreskuratu dute Parisen Pablo Picassok 1943an margotutako Dora Maar argazkilariaren erretratu bat aurkitu dute Parisen. Dokumentatua bazegoen, baina 1944tik orain arte izkutatuta egon da kubismo estiloan egindako artelana. Enkantean jarriko dute urrian, zortzi milioi eurotik hasita. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GAUR8 Artearen munduak sorpresa handia hartu berri du Pablo Picassoren artelan ezezagun bat agertu delako Parisen. 1944an familia batek naziengandik ezkutatu zuen eta orain arte gordeta egon da, nahiz eta artistaren katalogo ofizialean ageri den. Lanak Dora Maar argazkilaria irudikatzen du, eta 1943an pintatua izan zen.«Margolan hau zuri-beltzean existitzen zela jakina zen, Picassoren lanen Zervos katalogoan agertzen den bezala, eta Brassaï argazkilariak Picassoren estudioan 1944ko maiatzaren 2an eta 3an ateratako argazkietatik ere ezaguna zen», azaldu du Christophe Lucien enkantegileak.‘Loredun kapela duen emakumearen bustoa’ lana margolari malagarraren musa izan zenaren irudikapena da, kubismo estiloan egina. Koadroaren ezker goikaldean ageri den Picassoren sinadurak baieztatzen du autoretza.«Ohiz kanpokoa da mugarri bat falta delako artearen historian, Picassoren Artearen Historian, eta Dora Maarren eta Picassoren arteko bizitza pribatuaren historian. 1943ko uztailean margotutako margolana da, bikote gisa zuten inflexio-puntu batean, uste dut. Françoise Gilot ezagutu eta gutxira egin zuen, eta Dora Maar-ek bazekien Picassok utziko zuela», dio Lucienek, zeinek aurkitu zuenean sekulako poza hartu zuela aitortzen duen.Orain arte ezezaguna zen piezak nazioarteko aditu eta kolekzionisten arreta deitu du duen balio historikoagatik. Zortzi milioi eurotik aurrera jarriko dute enkantean urrian, Parisko Drouot hotelean. Adituaren arabera, koadroko emakumea «negar egiteko zorian dago, bere emozioak kontrolatzeko borrokan. Modu harrigarrian jaso du Picassok hori. Erabili ohi zituen tekniken bidez sentimendu baten adierazpena modu eredugarrian azaleratu du».