2025 IRA. 20 - 00:00h Elkarrizketa ESTHER ZABALEGI BURGI INJUSTIZIA SOZIALEN KONTRAKO MILITANTEA «Umetatik barruan dudan indar bat da injustizien kontra egin beharra» Tafallan sortu zen 1937. urtean. Etxean jaso zuen justizia sozialerako grina eta boterearekiko mesfidantza. Injustizien eta zapalkuntzaren formak probatu ditu bere azalean. Akaso horregatik sortzen zaio enpatia erraietatik. Esther Zabalegi Burgi, Palestinaren aldeko militante nekaezina. (Iñigo URIZ | FOKU) Amagoia Mujika Palestinaren aldeko borrokan ikusi dugu azkenaldian. ‘Iruñeko amona’ esaten diote. Injustiziak zapaldutakoen amona dela zehazten du berak. 87 urte ditu Esther Zabalegi Burgik. Umetatik, injustiziek sutu egiten dute, sabelean lehertzen zaio haserrea. Horrela azaltzen du bere borrokarako grina, urteekin makaldu beharrean indartu egin zaiona. «Gero eta borrokalariagoa naiz». Euskal presoen eskubideak, abortatzeko askatasuna, feminismoa, Palestina libre baten aldeko oihua, polizia indarkeriaren kontrakoa, gaztetxeen aldekoa, langileen borroka... tafallarrak garbi dauka eskubideak kalean borrokatu behar direla, eta etengabe. Iruñean bizi da orain eta egunero egiten du kale buelta Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egitera deitzen duten pegatinak eta kartelak jartzeko. Pareta eta faroletan itsasten ditu genozidioaren oinpean itotzen ari den herri baten oihuak, pegatina forman. «Duela gutxi palestinar bat geratu zitzaidan begira-begira kartelak jartzen ari nintzela. Amaitu nuenean, besarkada bat emateko baimena eskatu zidan. Inoizko besarkadarik ederrena izan zen». Bestelakoak ere gertatzen zaizkio. «Aurrekoan emakume batek errieta egin zidan, nire adinarekin ez ote zidan lotsarik ematen paretak horrela zikintzeak. Ez niola ondo entzuten esan nion. Ez zait gustatzen bihotzik ez dutenekin sesioan aritzea». Lotarako pastillak hartzen ditu, munduak loa kentzen diolako. Esther Zabalegi Burgi. Zure borrokalari izaera horretan amak parte handia dauka. Isabel Fermina Burgi zen ama, Castejonekoa, eta garrantzitsua da nire izateko moduan. Bere iguala naiz. Emakume langilea. Oso-oso langilea. Guk etxean ez dugu inoiz goserik pasa. Irin zuri zaku bat erosi eta etxera ekartzen zuen. Anaiaren eta amaren artean, eskuz irina bahetu eta hiru klase ateratzen zituzten: irin zuria, ilunxeagoa eta beltza. Donostiara joan eta irin zuria saltzen zien bertako aberatsei. Donostian azukre zuria eta kafea erosi eta bueltan etortzen zen Tafallara. Eta Tafallako aberatsei saltzen zien azukrea eta kafea. Estraperlista zen ama. Trenez joaten zen eta bakarrik esertzen zen, liburu bat irakurtzen eta serio demonio. Ez zuten harrapatzen. Eta emakume gorria. Bai, aita eta ama oso gorriak ziren. Irakasle oso onak izan ditugu zentzu horretan. Injustizien aurreko kontzientzia oso garbi izan dugu ume-umetatik. Borrokalariak ziren, solidarioak, eta ez zituzten injustiziak jasaten. Etxera jendea etortzen zen eskean. Gu ez ginen aberatsak, baina inor ez zen gure etxetik joaten ezer jaso gabe. Beti ematen zieten zerbait gurasoek, ahal zutena. Nolako haurra zinen, Esther? Mugitua, bihurria eta borrokalaria. Gurasoek apropos berandu bidaltzen gintuzten eskolara, ‘Cara al Sol’ ez kantatu behar izateko. Behin moja batek esan zidan, ‘zure gurasoak ez dira mezetara joaten’. Amarengana joan nintzen, mojak esandakoa kontatzera. Eta amaren erantzuna, ‘esan moja horri gerran lapurtu eta erail dutenak joaten direla mezetara. Guk ez dugula ez inor hil, ez lapurtu, eta lana egiten dugula egun guztian’. Amak ezagutzen ninduen eta bazekien mojari esango niola berak agindutakoa, hitzez hitz. Eta hala egin nuen. Gure etxean beti egiten genuen barre Elizaz, beti iruditu zaigu zirku bat. Eta mojek eskolatik bota egin gintuzten azkenean. Esther bat gutxi ez, eta bikiak zarete. Esther eta Gloria. Nik Aintzane esaten diot, gehiago gustatzen zait. Beti berdin jantzita joaten ginen. Ahizpa brodatzen ikastera joaten zen. Mutil lagunarekin geratzen zenean, ni bidaltzen ninduen brodatzera bere ordez. Orduan ere mojak irakasle. Leihoaren ondoan jartzen ninduten, eta parean beste neska gazte batzuk ikusten nituen, haiek ere josten. Leihotik kuleroak erakusten nizkien, eta denak barrez lehertu beharrean egoten ziren. Moja etortzen zen, haserre, eta esaten zuen: ‘Badakit zer gertatu den, zu ez zara Gloria, Esther zara. Kanpora hemendik!’. Sekulakoak egiten nituen, oso bihurria nintzen. Eta beti izan naiz bihurria, bizitza osoan. Harriei ere barre eginarazi diet. Oso garrantzitsua da bizitzan barre egitea. Egia esan, azkenaldian ez daukat barre egiteko gogorik, Palestinako genozidioak tristura handia ematen dit eta itzali egiten nau. Barre egiteko gogoa izan nahiko nuke, baina nola egingo dugu barre? Eta, nerabetan, nolakoa zinen? Handixeagoa eta borrokalariagoa. Beti nengoen saltsa guztietan, gero eta kontzienteago nintzen nire eskubideez eta injustiziez. Koskortu nintzenean, Tafallan dantzaldira joan eta ez nuen jasaten eserita egon beharra mutilen batek dantzatzeko eskatu bitartean. Mutilak pasatzen ziren paretik, aukeratzen bezala, eta sekulako letxe txarra sortzen zidan horrek. Feminismoa ere etxean jaso zenuen. Zure ama izan zen Tafallan galtzak jantzi zituen lehen emakumea. Bai, eta abortuaren alde sinatu zuen lehena. Pentsa, garai haietan. Herrian denek maite zuten ama. Asko ez ziren ados egongo bere ideiekin, baina sekulako grazia zuen, egiatakoa zen eta denek maite zuten. Gu feministak ginen feminismoa zer zen jakin aurretik. Gero izena jarri genion. Gaztetan Tafallatik atera behar izan zenuen lanera. Migratzaile izan zinen Parisen. Bai, hasieran Bordelera joan nintzen, baina bakarrik nengoen han. Lagunak Parisen zeuden lanean eta etxe bat lortu zidaten, eta hara joan nintzen. Hogei bat urte izango nituen Tafallatik atera nintzenean. Tristea izan zen, baina lana egin beharra zegoen. Segituan ikasi nuen frantsesez. Migrazio Bulegora joan beharra izaten nuen askotan eta sekulako iskanbilak sortzen nituen. Han elkartzen ginen langileak, migratzaileak eta pobreak, eta oso gaizki tratatzen gintuzten, batez ere hizkuntza menderatzen ez zutenak. Sutu egiten nintzen eta, frantsesa banekienez, sekulakoak esaten nizkien bertako langileei. Parisen ezagutu nuen gerora nire senarra izan zena. Etxe xume batean bizi ginen, lurrean lo egiten genuen eta etxerik gabe zeuden migratzaileak hartzen genituen, ez zezaten kalean lo egin. Paristik Tafallara, ezkontzera. Bai. Uste nuen haurdun nengoela eta Tafallara bueltatu ginen ezkontzera. Azkenean ez nengoen haurdun, baina izugarri gaizki pasatu nuen birjintasunaren kontu zikin horren ondorioz, ez nintzelako birjina iritsi ezkontzara. A zer-nolako amorrua ematen didan pentsatzen dudanean. Feminista nintzen, etxean beti Elizaren kontra egon gara, baina hala ere gaizki pasatu nuen. Orain lotsa ematen dit zein gaizki pasatu nuen gogoratzen naizenean. Elizaren ideia atzerakoi horiek denak oso barruan sartuta genituen, nahiz eta elizkoiak ez izan. Moja zikin horiek! Paristik Irunera etorri zineten 70eko hamarkada hasieran, eta bertan eman duzu bizitzaren parte handi bat, duela sei bat urte Iruñera etorri zinen arte. Bai, senarrak Burgosa joan nahi zuen bizitzera eta nik, Tafallara. Bada, ez bata ez bestea, Irunera joan ginen bizitzera. Nik etxeak garbitzen egiten nuen lan, eta senarra margolari aritzen zen. Gipuzkoa eta Lapurdi artean lan egiten zuen eta Irungo Migrazio Bulegora joan beharra izaten nuen askotan. Bulego hartan berriz ikusi nuen zein gaizki tratatzen diren langile migratzaileak. Nire txandaren zain nengoela, penaz eta amorruz ikusten nuen bertako langileek zein gaizki artatzen zituzten, bortitz eta errespeturik gabe. Sutan jartzen nintzen. Nire txanda iritsi zenean, tente-tente jarri nintzen emakume funtzionario haren aurrean. ‘Egun on’ esan nion eta berak ere ‘egun on’, oso-oso adeitsu, migratzaileei baino askoz jatorrago. Sekulakoak bota nizkion: ‘Zu hemen zaude lanean, migratu duten herritar hauek existitzen direlako. Lan oso gogorrak eta egoera oso prekarioan egiten dituztelako zaude zu hor lasai eserita, migrazioa existitzen delako. Existitzen ez den egunean, ez zara hemen egongo, baina soldata onarekin joango zara, ez langile zapaldu horiek bezala’. Esan nion ez nuela salatuko, finean bera ere langile bat baino ez zelako; hori bai, langile oso txarra, ez zuelako inolako enpatiarik beste langileekin. Eta abisu eman nion aurrerantzean tentuz ibiltzeko eta errespetuz tratatzeko pertsona migratzaile horiek, berak jakin gabe handik ibiliko nintzela zelatan. Zabalegi bere gaztetako argazki bat eskuan duela. Gladys del Estalen omenaldian jota bat abesten du urtero. Injustiziak zure onetik ateratzen zaitu. Bai, injustizia guztiek sutu egiten naute eta oso-oso barrutik ateratzen zait sentimendu hori. Hainbeste min sentitzen dut barruan, ezen are gehiago zahartzen bainaiz [barrez]. Horrela iritsi naiz 87 urte hauetara hain azkar. Umetatik barruan dudan indar bat da injustizien kontra egin beharra, eta egunetik egunera are borrokalariagoa naiz eta indar handiagoz sentitzen dut grina hori. Batzuetan osasunak ez dit laguntzen, baina paracetamola hartu eta kalera ateratzen naiz injustizien kontra borroka egitera. Eta deialdi askotara ez naiz joaten ez naizelako enteratzen. Preso politikoen eskubideen alde ere gogor aritu zara. Bai, asko borrokatu dut. Eta eskutitz asko idatzi dizkiet presoei, eta haiek niri. Manifestazioetan beti lehen lerroan jartzen naiz, presoek ikus nazaten. Lurrera ez erortzeko ere jartzen naiz lehen lerroan, baina batez ere presoek hor nagoela ikusteko. Etxean jaso dut abertzaletasuna. Gure etxean beti zegoen ‘Egin’ egunkaria. Duela urte asko albiste izan nintzen ‘Egin’ egunkarian. Donostiako gaztetxe bat hustu zuten eta bortitz kolpatu zituzten gazteak. Gu taberna baten kanpoaldean geunden San Telmo inguruan, manifestazioa hasteko zain. Jendetza zebilen Donostian, estropadak zirelako. Manifestazioa hasi baino lehen kargatu zuen Poliziak, eta gure parean mutil gazte bat lurrera bota eta jipoitzen ari ziren. Han joan nintzen ni eta gaztearen gainera bota, hura babesteko. Mutil gazte hari burua ireki zion Poliziak, eta niri kubitua hautsi zidaten. Konortea galdu nuen eta taberna batera eraman ninduten. Esnatu nintzenean, anbulantziaren zain, mutil hura gerturatu zitzaidan eta eskerrak eman zizkidan. Harrituta galdetu nion ea nola zekien ni izan nintzela, lurrean botata zeukaten, lurrari begira, eta ezin zuen ezer ikusi. Erantzun zidan nire zapatak ezagutu zituela. Mutilari puntu pila bat eman zizkioten buruan eta niri ebakuntza egin zidaten. Biak atera ginen ‘Egin’-en. Baina una hartan ez nuen neure buruarengan pentsatu, mutil horri lagundu nahi nion. Irunen eman duzu bizitzaren parte handiena. Nola gogoratzen duzu garai hura? Borroka biziko urteak izan ziren. Irunen hasi ginen feminista batzuk elkartzen eta taldea sortu genuen. Bilera asko egiten genituen eta mobilizazio ugari antolatzen. Kalean jendeak bazekien talde feministan militatzen nuela eta nire etxera etortzen ziren abortatzeko laguntza eskatzera. Emakume haiek ez ziren taldera gerturatzen, beren intimitatea zaindu nahi zutelako, eta nire etxera etortzen ziren zuzenean. Batzuetan ama alabarekin, beste batzuetan neska gazteak bakarrik… Bi hilabete edo gutxiagoko haurdunaldiak baziren, Donibane Lohizunera eramaten nituen. Haurdunaldia aurreratuxeagoa bazegoen, Baionara. Eta baten bati Londresera ere lagundu nion abortatzera. Egoera oso gogorrak ziren. Guztira hamahiru emakumeri lagundu nien abortatzen. Kasu batzuetan neska gazteak bakarrik etortzen ziren, haien etxean ez zekiten haurdun zeudenik ere. Pentsa zer-nolako konpromisoa niretzat… pena ematen zidaten, a zer panorama. Nik etengabe hitz egiten nien, txisteak kontatzen nizkien… egoera desdramatizatzen saiatzen nintzen. Zabalegi poliziaren aurrean protestan, 2004. urtean Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen hustean. Lander F. ARROYABE | FOKU Oso solidarioa zara, Esther. Bai, gero eta gehiago gainera. Gero eta injustizia gehiago daude, borrokatzeko gero eta arrazoi gehiago daude. Itsasoan pateretan itotzen diren pertsona horiek, Palestinan gertatzen ari dena… munduak mina ematen dit. Erosketak egitera joan eta hainbeste janari ikusten dudanean, jateko ez dutenekin gogoratzen naiz. Gaztelu plazan bankuetan eserita egoten diren gazte marokoarrekin asko hitz egiten dut. Ez da ezer kostatzen haiekin hitz egitea, beti daude bakarrik eta inork ez die hitz egiten. Inoiz ez ditut jende artean ikusten, hizketan, lasai. Ni gerturatu egiten naiz eta hizketan aritzen naiz, esaten diet ni ere izan naizela migratzailea eta gizarte hau denona dela, baita beraiena ere. Polizia foralekin ere izan ditut iskanbila batzuk. Ezin dut jasan gazte horiengana gerturatu eta motxilak miatzen dizkietenean. Beti susmagarri. Ez ote dituzte haien aurpegi triste horiek ikusten? Iruñean Palestinaren aldeko protesta batean Poliziak identifikatu egin zintuen duela hilabete, eta sare sozialetan asko zabaldu da momentu hori. Nik beti borrokatu dut Palestinaren alde, hamarkadak daramatzat. Azken hilabeteotan asko sufritzen dut palestinarrengatik. Behin, Iruñeko elkarretaratzean, honakoa esan nuen: ‘Hemen daukat poltsa bat eta barruan giltza bat. Etxera joan, giltza honekin atea ireki eta argia pizten dut. Eta badut argia. Eta iturrira joan eta badut ura. Eta hozkailuan janaria daukat. Palestinan noiz izango dute poltsa bat giltza batekin?’. Planto egin zenion Poliziari. Ez duzu beldurrik? Amorru handia ematen dit Poliziaren zapaltzaile izaera horrek, herritarrak goitik begiratzeko joera horrek. Beldurra? Noski, izu ikaragarria pasatu dut Poliziarekin nire bizitza osoan zehar. Badakigu nola torturatzen duen. Baina gehiegikeriek sutu egiten naute eta ezin naiz isilik geratu. Poliziak amorratu egiten nau inoiz ez dagoelako herriarentzat, beti boterearen mende eta haien alde. Polizia ni identifikatzen saiatu zen eta uste dut mesede egin diola Palestinaren aldeko borrokari. Ni isilarazi nahi ninduten eta sare sozialetan izugarri zabaldu omen da bideoa. Egia esan une gogorra izan zen, baina herritarrek babestu ninduten eta harro sentitzen naiz horregatik. Astelehenetan, pentsiodunen manifestazioan. Astearteetan, Palestinaren genozidioaren kontra. Eta tartean, sortzen diren beste hamaika deialditan. Esther, beti kalean eta beti borrokan. Bai, zalantzarik gabe. Eta baliatuko dut esateko adineko jende gehiagok parte hartu beharko lukeela Palestinaren aldeko ekintzetan. Gerraren ostean gosea pasatu duten horiek, palestinarrekin akordatu beharko lukete orain. Haiek badakite zer den gosea pasatzea. Ondo dago Benidormera joatea, bilobak zaintzea, auto berria erostea… baina gustatuko litzaidake adineko jende gehiago ikustea kaleko borroka horietan. Gazteek ere kezka sortzen dizute. Kezkatuta nago jende gaztearekin, ez direlako asko inplikatzen egungo borroketan. Adibidez, Palestinan gertatzen ari denarekin, protestetan gehiago parte har zezaketen. Oso gogorra da gertatzen ari dena eta ez ditut ikusten elkarretaratzeetan. Ez daukate etxebizitza erosteko aukerarik, lan prekarioak dituzte, Mordaza legea hor dago… itzalita bezala ikusten ditut gazteak, borrokarako grina falta zaie. Baina esnatu beharra dago eta gure eskubideen alde borrokatu. Ez badira altxatzen, oso-oso gaizki pasatuko dute. Eskuina zaldi gainean dator, trostan. Eskuinaren aurrean altxatu beharra daukagu herri bezala, eta gazteek horren kontzientzia hartu behar dute. Asko maite dut jende gaztea, beti borrokatu dut haien ondoan eta oraintxe espabilatu egin beharra daukate. Eta bada kezkatzen nauen beste gauza bat: futbol estadio handi horiek gaztez beteta, denak oihuka burua galduta. Futbola mafia bat da, milioiak eta milioiak mugitzen ditu, dirua bururik gabe xahutzen du, hainbeste jende horren inguruan eta munduan jendea gosez hiltzen. Beti izan naiz futbolaren kontrakoa eta gaur egun hartu duen dimentsioak asko kezkatzen nau. Nola irudikatzen duzu hemendik aurrerakoa? Bada, egunetik egunera gehiago borrokatuko dut. Bizitzeko geratzen zaidan denboran, ahalik eta kartel gehien jarriko ditut kaleetan Israelen boikota eskatuz. Eta Poliziak jakin dezala kartelak jartzen eta pegatinak banatzen jarraituko dudala. Nik ez dut bizitzeko beste modurik ulertzen. Munduko gerra eta injustizia guztiak geldituko balira, Esther gelditu egingo litzateke. Baina nola ez diren gelditzen, bada nik ere jarraitu egingo dut injustizien kontrako borrokan.