GAUR8

Zer neurtuko dugu?

Neurri eta adierazle berriekin diseinatutako mundu berri baten aurrean gaude. (GETTY IMAGES)

Neurtu al daiteke audientziek edukiekin daukaten konexioa? Neurtu al daiteke film batek sortzen duen lotura emozionala? Bai, erantzuna baiezkoa da». Ikus-entzunezkoen konferentzia entzutetsu bateko gelan, Amsterdamen, hizlari bat kritika zorrotza egiten ari zen telebistetako zuzendaritzek erabiltzen dituzten metrika zaharkituei buruz. «Ikus-entzunezko tradizionalak eraldaketa handi baten aurrean daude eta negozioaren emaitzak neurtzeko hamarkadetan zehar erabili diren parametroak aldatzeko garaia da». «Azken urteetan kostuak kontrolatu eta errentagarritasun positiboa lortzeko helburuaren atzetik dabiltza telebista tradizionalak, eta obsesio horren erdian, atzetik dauden kudeatzaileen poltsikoak betetzen ari diren bitartean, inor ez da ausartzen funtsezko urrats bat egitera». “FOFO“ kontzeptua aipatzen zuen, “Fear Of Finding Out”. Alegia, behar den aldaketa emateko adina gaitasunik ez daukatela deskubrituko dutela-eta beldurtuta jarraitzen dute, baina ez dute hori inoiz onartuko. Propio dauka berezko estilo zirikatzaile hori, hautsa astintzeko.

Amazon-en saltokian, hiru dimentsioetako holograma-robot antzeko bat zegoen, kristalezko kutxa batean zutik. Gerturatu eta benetan ongi erreparatu arte, emakume erreal bat zela pentsatu zezakeen edonork. Adimen artifiziala erabiliz, bertara gerturatzen zen edonorekin elkarrizketa bat izateko “programatuta” zegoen. Aurretik dena prestatuta ez zegoela ziurtatzeko, han begira geundenoi pasatu zigun mikrofonoa eta nahi genuena galdetzeko esan zigun. Txundigarria zen koherentziaz elkarrizketa lotzeko zuen gaitasuna: «Hitz egin dezagun kirolei buruz» esanez hasi zen bat. «Konkretuki zein arlori buruz hitz egin nahi duzu? Kirol jakin bat edo negozioen inguruko dimentsio bat interesatzen zaizu?», erantzun zion. «Zaleen jarrerei buruz hitz egin nahiko nuke, non daude negozio aukera berriak».

Bost minuturen buruan, ñabardura eta errealismo izugarriz betetako talde-elkarrizketa zentzudun bat izan genuen. Konferentzia hartan izan nituen beste hainbat elkarrizketa baino interesgarriagoa izan zen. Jeneralizazio eta sakontasunik gabeko argudioek ez daukate dagoeneko lekurik: xehetasunak neurtuz iritsi behar gara erabakiak hartzera, eta edonoren eskuetan dago informazioa.

Pixka bat aurrerago, Google Cloud-ek prestatu zuen futbol jokaleku batean, atearen bi izkinetan zeuden kaxa batzuetan baloia sartzea zen helburua, penalti bateko distantziatik jaurtiz. Adimen artifizialaren bidez, baloia jotzeko estiloa neurtzen zuen, erabilitako indarra eta zehaztasuna. Txartel batean inprimatuta, nire argazkia eta hiru neurri horiek ikusi nitzakeen. Nahi izanez gero, estiloa hobetzeko iradokizunak ere eskuragai nituen.

Neurri eta adierazle berriekin diseinatutako mundu berri baten atarian gaude. •