2025 IRA. 22 - 13:11h Mugikortasun jasangarriago, irisgarriago eta seguruagorako neurriak Lekunberrin Lekunberriko Udalak hainbat neurri aktibatu ditu mugikortasun jasangarriago, irisgarriago eta seguruagorako bidean. Bizikletaren erabiltzaileentzako sare eta zerbitzu berriak eta oinezkoentzako hobekuntzekin joan-etorri seguruagoak egin eta ohitura osasungarriak bultzatu nahi ditzute. Txirrindulari bat, tresna berriak erabiltzen Lekunberrin. (LEKUNBERRIKO UDALA) GAUR8 Lekunberriko Udalak hainbat ekimen jarri ditu abian mugikortasunaren arloan aukera jasangarriagoak, irisgarriagoak eta seguruagoak aktibatzeko. Alde batetik, azpiegitura berriak inauguratu ditu txirrindulari eta oinezkoentzat, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin eta Europar Batasunaren funtsen bidezko finantziazioarekin. Bestetik, erabilera errazteko zenbait zerbitzu antolatu ditu. Pasa den ostiralean, Lekunberriko bizikleta-sare berria inauguratu zen. «Herria zeharkatzen duen Bide Gorri bizikleta bidea Plazaola kirol gunearekin, Larraungo Udalaren egoitza den Mugiroko Gabari Gune Irekia espazioarekin eta Plazaolako bide berdearekin» lotzen ditu sareak. «azpiegitura berria batez ere Lekunberri eta Larraungo herritarrei zuzendua dago, baina baita inguruko zerbitzuak bizikletaz erabili nahi dituzten bisitariei ere«, zehaztu dute udal iturriek.Beigorriko parkean, txirrindularientzako zerbitzu zentroa kokatu dute. Bizikleta elektrikoak gordetzeko eta kargatzeko tokia da, armairuak, egokitutako zerbitzuak, dutxak eta aldagela berriak ditu. Zerbitzu horien ondoan, bizikletak konpontzeko eta garbitzeko aukera dago, txanpon bidez funtzionatzen dutenak.Mugikortasun jasangarriagoaren aldeko apustuan, Plazaolako Turismo Partzuergoarekin lankidetzan aritu da Udala. Era berean, nabarmendu dute Iturraskarri elkarteko langileek ingurua atondu dutela azpiegitura erakargarriago eginez. «Bi proiektu hauekin, mugikortasun jasangarriaren eta ohitura osasungarrien aldeko bultzada sendoa eman da, ekonomia berdea sustatzen duten baldintzak sendotuz», adierazi du Udal Gobernuak.Herriko plano berrituaMugikortasun jasangarriago baterako bidean sakonduz, Udalak herriko plano berritua sortu du. Azken ekimen honen gainean, «herriko leku esanguratsuenak agertzen» direla nabarmendu dute eta haien arteko distantziak eta behar den denbora adierazten direla gaineratu, «bai oinez bai bizikletaz».Tresna horren bidez ikus daiteke zerbitzu eta interes gune gehienetara (fabrikak, dendak, eskola, kiroldegia, haurreskola, osasun zentroa, kultur etxea, aisialdirako guneak...) 12 minutu baino gutxiagoan iritsi daitekeela, oinez zein bizikletaz. «Mapak erakusten du Lekunberrin dena eskura dagoela eta eguneroko enkarguak egiteko ez dela beharrezkoa autoa erabiltzea», ziurtatu dute.Jasangarritasuna eta ohitura osasungarriak bultzatzeko bidean, beste urrats batzuk egin ditu Udalak. Horien artean, hamaika puntutan oinezkoen pasabideak argiztatu dira, gidariek hobeto ikus ditzaten zeharkatzen ari diren pertsonak». Azaldu dutenez, «NA-1300 errepideak Aralar kalea zeharkatzen du, herria bitan zatituz eta trafiko gehien duen ardatza izanik», eta herritarrekin egindako parte hartze prozesuetan puntu arriskutsu gisa identifikatu da.Bestetik, radar pedagogikoak jarri dituzte NA-1300 eta NA-7510 errepideetan. Abiadura murrizten lagundu eta gidarien kontzientziazioa bilatzen dute ibilgailuaren abiadura erakusten duten neurgailu horiekin.