GAUR8

Inhibizio Latentea: testigantzetarako garrantzitsua izan daitekeen banakako arreta faktorea

ILk ahalbidetzen digu estimulu bat ondoriorik gabe agertzen denean arreta gutxitzea. (GETTY)

Lekuko batek aurrez ikusitako edota bizitako gertaera edo gertaerei buruz egiten duen oroimen-kontakizunari testigantza deritzo. Testigantzaren zehaztasuna gertaeraren ezaugarrien, informazioa jasotzen duen sistemaren baldintzen eta lekukoen ezaugarri pertsonalen menpe dago. Horrez gain, testigantza oroimenarekin eta subjektuak informazioa jasotzeko, biltegiratzeko eta errekuperatzeko erabiliko dituen estrategia kognitiboekin erlazionatuta dago ezinbestean. Hau dela eta, sakonki aztertu da oroimenak, arretak eta pertzepzioak nola eragiten duten gertakari baten kontakizuna osatzeko. Faktore horiek eta beraien arteko elkarreraginak identifikatzea, testigantza zehatzagoak zer pertsonak eta zer baldintzatan eskaini ditzaketen ulertzea, funtsezkoa da. Banakako faktore hauen artean, Inhibizio Latentea (IL) arreta-fenomenoa gaitasun bezala aztertu da (Badiola-Lekue, 2024; Badiola-Lekue, et al., 2025).

ILk ahalbidetzen digu estimulu bat behin eta berriz ondoriorik gabe agertzen denean estimulu horretatik arreta gutxitzea. Honek aukera ematen du gure ikasteko eta erantzuteko prozesamendu gaitasun mugatuak beste estimulu garrantzitsu batzuetarako erabiltzea. Hala, IL arretaren funtzionamendu egoki baten ondorioz sortutako fenomeno gisa ulertzen da, non garrantzirik ez duten estimuluei arretarik ez jartzen ikasten den, une eta egoera bakoitzera egokitzea ahalbidetuz eta biziraupena erraztuz. Bestalde, gaitasun hau ez dutenek, hau da, IL arindua ala murriztua duten banakakoek, garrantzirik gabeko informazioaren iragazte ezohikoa egingo lukete, eta ondorioz, beraien prozesadore kognitiboetara garrantzitsua ez dela suposatzen den informazio gehiago helduko litzateke.

 

ILren gaitasuna lekukoen oroimenaren esparruan aztertzeko, laborategiko testuinguru batean, testigantza ezberdinak aztertu dira (Badiola-Lekue, et al., 2024; 2025). Lekukoen oroimenaren inguruko literaturan, besteak beste, testigantzaren kalitatea neurtzeko jasotako deskribapenean ematen diren xehetasunen maila kontuan hartzen da, xehetasunak zentral ala periferiko bezala kategorizatuz (Loftus, 1996). Xehetasun zentralak ekitaldiaren funtsezko elementuak dira; xehetasun periferikoak, berriz, bigarren mailako alderdiak edo garrantzi gutxiagokoak dira. Hainbat ikerketek erakutsi dute informazio zentrala informazio periferikoa baino hobeto gogoratzeko joera dagoela (Ibabe & Sporer, 2004; Flowe et al., 2015; Luna y Migueles, 2009; Wyler eta Oswald, 2016). Alde hori arretaren ikuspegitik interpretatu da: garrantzitsuagoak direnez, alderdi zentralek arreta handiagoa jasotzen dute, eta, beraz, hobeto gogoratzen dira xehetasun periferikoak baino (Christianon, 1992; Easterbrook, 1959). Informazio unitate hauek kategorizatuz, testigantzetan IL arindua duten pertsonek, hau da, garrantzirik gabeko estimulu gehiagori arreta jartzeko joera dutenek, xehetasun periferiko gehiago adierazten dituztela behatu zen.

Hau horrela izanik, lekukoen oroimenaren esparruan IL arindua, banakako ezaugarri bat bezala, baliagarria eta interesgarria izan daitekeela ondorioztatu dezakegu, xehetasun periferikoetan aberatsagoak diren testigantza aberatsek eta ezberdinek aurresan dezaketen faktore bat delako. Hori bereziki garrantzitsua izan liteke testuinguru judizialetan, testigantzen zehaztasunak eta aberastasunak nabarmen eragiten baitute prozesu legaletan. •

Erreferentziak

Badiola-Lekue, I., Arriola, N., Rodríguez-San Juan, F., & Rodríguez, G. (2024). Memorias inusuales: La influencia de la baja inhibición latente en la precisión de los testimonios. En Retos y riesgos de la psicología actual (pp. 1188–1213). Dykinson.

Badiola-Lekue, I. (2024). Inhibizio latentearen, pentsamendu dibergentearen eta lekukoen oroimenaren arteko harremana: Garrantzirik gabeko estimuluen arretari buruzko ikerketa (La relación entre inhibición latente, pensamiento divergente y memoria de testigos: Un estudio sobre la atención a estímulos irrelevantes) [Tesis doctoral, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea].

Badiola-Lekue I, Arriola N, Rodríguez G (2025) The relationship between latent inhibition, divergent thinking, and eyewitness memory: A study on attention to irrelevant stimuli. PLoS One 20(6): e0315158.

Christianson, S.-Å. (1992). Emotional stress and eyewitness memory: A critical review. Psychological Bulletin, 112(2), 284–309.

Easterbrook, J. A. (1959). The effect or emotion on cue utilization and the organization of behavior. Psychological Review, 66, 183-193.

Flowe, H. D., Takarangi, M. K. T., Humphries, J. E., & Wright, D. S. (2015). Alcohol and remembering a hypothetical sexual assault: Can people who were under the influence of alcohol during the event provide accurate testimony? Memory, 24(8), 1042–1061.

Ibabe, I., & Sporer, S. L. (2004). How you ask is what you get: On the influence of question form on accuracy and confidence. Applied Cognitive Psychology: The Official Journal of the Society for Applied Research in Memory and Cognition, 18(6), 711-726.

Loftus, E. F. (1996). Eyewitness testimony. Harvard University Press.

Luna, K., & Migueles, M. (2009). Acceptance and confidence of central and peripheral misinformation. The Spanish Journal of Psychology, 12, 405-413.

Wyler, H., & Oswald, M. E. (2016). Why misinformation is reported: evidence from a warning and a source-monitoring task. Memory, 24(10), 1419–1434.