2025 IRA. 30 - 18:47h Bilboko Zirkuituak hiriko eta inguruko taldeen 12 antzezlan eskainiko ditu urritik abendura Abenduaren 18ra arte, 12 antzezlan eskainiko ditu Bilboko Udalak Zirkuituaren denboraldi berrian. Ostegunetan da hitzordua, 19.00etatik aurrera, eta doakoa da. Ekimenarekin, herriko eszena bultzatu eta antzerkia auzoetara hurbildu nahi dute. Udalaren ekimenak hiriko auzoetara zabaldu nahi du antzerkia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 Bilboko Udalak Zirkuituaren denboraldi berria egingo du urriaren 2tik abenduaren 18ra bitarte. Hiriko eta inguruko antzerki taldeen jarduera sustatzen duen udal ekimenak 12 antzezpen eskainiko ditu Altamira, Basurto, Begoña, Rekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotzako udaltegietan eta Solokoetxeko Institutuan, ostegunero, doan.Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Companyia del BAC, La Trascienda Teatro, Un relato para cada rato, Itxartu Antzerki Taldea, Alejandro Gijaba, Libelula Teatro, Suminak Uribe Kostako Emakumeak Antzerkia, Tunka Taldea, Luna Llena, Arimaktore eta Unai Garcia Amaro dira aurten parte hartuko duten talde eta artistak.Emanaldi guztiak doakoak izango dira eta 19.00etan hasiko dira, baina sarrera ordubete lehenago jaso behar da emanaldi bakoitzaren egunean bertan udaltegi bakoitzaren ekitaldi aretoaren sarreran. Pertsona bakoitzeko bi sarrera baino ezin izango dira eduki, eta mugikortasun murriztua eta premia bereziak dituzten pertsonentzako lekuak gordeko dira.Bilboko Zirkuituak bi helburu ditu: batetik, herriko eszena bultzatzea eta, bestetik, antzerkia Bilboko auzoetara hurbiltzea. «Udal programak hiriko kultura eskaintzaren deszentralizazioan eragiten du, eta ia barruti guztietara zabaldu da. Ekimena aitzindaria eta bakarra da bere generoan Euskadin, eta, hari esker, asko dira denboran zehar esparru profesionalera jauzi egin duten aktoreak eta konpainiak», nabarmendu dute Bilboko Udaletik.