2025 URR. 02 - 13:38h ‘Dosdemayo’ merkatua Bilbiko kaleetara itzuliko da zapatuan ‘Dosdemayo’ merkatua Bilbiko kaleetara itzuliko da zapatuan, hainbat urteren ondoren, tokiko talentua ezagutzera emateko ateak zabalduz. Diseinua, moda, artea edota musika izango dira protagonistetako batzuk, eta sorpresaren bat egon daitekeela aurreratu dute antolatzaileek. Maiatzaren Biko azoka, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 ‘Dosdemayo’ merkatuaren edizio berri bat izango da zapatuan (hilak 4) izen bereko kalean, Bilbin. 2DM Berria elkarteak antolatuta, Udalaren laguntza duen ekimena «hibrido formatuan (outdoor eta indoor)» itzuliko da kale zaharretara, «hainbat urtez ekitaldia kalean ospatu ezinik egon ondoren».Inoizko postu eta parte hartzaile gehien bilduko dituen edizio batekin itzultzen da hitzordua, «auzoko lokal anfitrioietan nahiz Dos de Mayo kalean zehar, hasierako edizioetan egiten zen bezala».Xarma berezia izan duen azoka izan da hasieratik, eta bere itzulera honetan ohiko protagonismoa eman nahi dio tokiko talentuari, besteak beste, diseinua, moda, artea edo musikari tokia eginez, eta, «auzoari bizia ematen dioten espazioen barrutik» kontatuta.Aurreratu dute antolatzaileek, saltoki eta kolaboratzaile berriak daudela. 11.00etatik 15.00etara zabalduko dituzte ateak dendek Maiatzaren Biko, Hernani, General Castillo, Lamana eta Baileneko kaleetan.Hitzorduak, gainera, bat egingo du ‘Gizazinea 15’ jardunaldiekin eta San Frantzisko auzoko jaiekin, eta aurreratutakoaren arabera, «programazio horiekin bat eginez, hainbat ekintza, emanaldi eta sorpresa izango dira azokan zehar».