GAUR8

Gaur lau urte hil zen Michel Tubiana «bakearen artisaua»

Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea eta EAEko prozesuko kidea, eta Aieteko Adierazpenaren sustatzaileetako bat izan zen Michel Tubiana. Duela lau urte zendu zen, 68 urte zituela.

Michel Tubiana, bigarrena eskubitik, «Bakearen artisauen» agerraldi batean, 2017an. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Michel Tubiana, Giza Eskubideen Ligako (LDH) presidentea izan zen 2000tik 2005era, 1984tik 1995era idazkari nagusia izan zen, eta geroago LDHko ohorezko presidentea. Giza eskubideen eta bakearen aldeko ekintzaile nekaezina izan zen. Gaur lau urte betetzen dira 2021eko urriaren 2an 68 urte zituela hil zenetik.

Tubiana Euskal Herriko bake prozesuan sutsuki aritu zen. 2015eko ekainaren 11an Parisen egin zen Bakearen aldeko Konferentzia Humanitarioan parte hartu zuen. ETAren armagabetzean inplikatu zen; 2016ko abenduaren 16an Luhuson egon behar zuen gainontzeko «bakearen artisauak» atxilotu zituztenean, baina ez zen bilerara garaiz iritsi eta horregatik ez zuten bera ere atxilotu.

Bake Bideak oso presente izan zuen bakearen alde egindako lana bere dolumina publikoan. «Azken hamarkada honetako gertakari garrantzitsu guztien partaide izan da, Aieteko Konferentziatik: armagabetzea, ETAren desegitea, baina [Frantziako] Ministerioarekin elkarrizketak izaten dituen Euskal Herriko delegazioko kidea ere izan da. Pertsonalki parte hartu zuen Luhuson 2016ko abenduaren 16ko ekintzan adibidez, eta ekintza horrek armagabetzea desblokeatzeko aukera eman zuen eta, azkenean, borroka armatuaren bukaera ekarri zuen Euskal Herrian. Geroztik, Michelek Bake Bidearekin eta Bakegileekin lan egiten zuen, euskal preso politikoen arazoa konpontzeko eta bake prozesua indartzeko. Agurtu eta omendu nahi dugu Euskal Herrian ekarpen historikoa egin duen gizon hori», adierazi zuen ekimenak.