2025 URR. 04 - 00:00h Negua udan hasten da Irudian Eneko Imaz Amiano, atzean Allanegi baserria duela, Elduainen. (Jon URBE | FOKU) Josu Ozaita Uzturre mendian laino batzuk sartzen ari dira, baina ez datorrela euririk esan dit; segurtasunez. Zerua irakurtzen daki Eneko Imaz Amianok (Tolosa, 1970), Elduaingo Allanegi baserriko baratzezainak. Izan ere, zerura begiratzera premiaturik dago lurretik gertu bizi dena: haren arabera antolatzen ditu lanak, baldintzatzen du bere jatekoa, tristatu edo alaitzen dira barazkiak. Lehenik eta behin, oiloei jaten ematen die lurrezko ontzira pentsua botata. Pentsuarekin batera, baratzeko eta sukaldeko soberakinak ere botatzen dizkie, letxuga hostoak eta halakoak. Segituan hasten dira mokoka, zalapartan. Baratzean lanean hasi aurretik, gustura egoten da haiei begira tarte batez Eneko: «Nor den nagusi, zein dagoen triste... Atzo kaketan odol arrasto batzuk ikusi nizkien, eta horrek esan nahi du zizareak dituztela». Segidan, baratxuri batzuk hartu, eskuan bildu eta beste eskuarekin kolpatu ditu, zartatu daitezen. Uretan sartu ditu. Eragina azkar nabaritzen omen da: on egiten die oiloei eta zizareen arazoa amaitzen da. Atea ireki eta alboko belazera atera dira batzuk pozik, kanpoko bizitza esploratzera. Enekok ere irribarre batekin biltzen ditu etxerako arrautzak, gaztain-zumitzezko otarrean. Oilategiko atea itxi eta lanera abiatu gara. Txakurrak zaunka egin dit, arrotz sentiaraziz. «Hau da gure alarma». Ezezagunen bat gerturatzean, azkar abisatzen die, eta axeri eta beste piztiei gerturatzeak errespetua ematen. Porruak landatzeari ekin diogu, zientoka porru. «Ez nago kopla askotarako, lan asko dut egun hauetan», esan zidan elkarrizketarako deitu nionean. «Lana eginez egingo dugu berriketan», erantzun nion, eta hemen nago, porruen gaineko azal zaharra kendu, eta itsatsita dauden landareak bakanduz. Kontentu, gainera. Hasieran tentu handiz, geroxeago lana pentsatu gabe eginez. Nik landareak prestatu, eta Eneko ilaran gora joan da landatzeko eskuzko aparatua lagun duela. Porruen sustraietatik askatzen ditut, lurrera lotuko direnak gero, hilabete luzez. Eguna mozten ikusiko dute, gauetan nola hozten hasiko den, iraileko euri zaparradekin freskatuko, urriko hegoarekin goxatuko... Udan jarri ditugu, neguan jateko. Azaroan jasotzen hasi eta apirilera arte, esker onekoa da porrua. Hala ari garela, katua igaro da ahoan txoria duela. Ehiztari moduan, bizkarra tolestua eta begiak zabal-zabalik. Ohikoa omen da, saguak eta bestelakoak harrapatzen omen ditu. Azkazaletan lurra sartu arte aritu gara porru landaketan. Porru usaina etortzen zait tarteka. Porru ziztrin horiek porrutzar bilakatuko dira. Porruen herrialdean gaude, gipuzkoarrek porrua gurtu egiten dute, ia. «Digestioa xamur egiten du, porru patatak edozein momentutan sartzen dira ondo, eta gastronomikoki, porru pastel bat ederra da, edota esparragoen tankeran egosita. Porrua ia terapeutikoa da...», laburbildu du Enekok. Eguzkia behar dutela dio, euri faltarik ez delako izaten hemen. PAISAIA BATEN PARTE DEN GIZAKIA Beste ilara bat egin dugu, zintzarrien musika entzunez, behien begiradapean. Lehen sasi-garbitzeko makinarekin egiten zuena urtean hirutan, orain behiek jaten dute. Bi terreña behi eta zezen gazte bat ditu, inguruak garbitzeko. GPS sistemarekin ditu behiak, itxitura birtualarekin. Baratze ondora arrimatzean soinutxo bat egiten du, eta gero kalanbrea ematen diete. Porrutxo batzuk janda daude, GPS itxitura pixka bat mugitu du orduan mobiletik. «Zezentxoa beldurtuta dabil bi behiekin. Behia susara zegoen eta zirikatzen aritu zitzaion. Azkenean egin zuten. Zezenaren lehen aldia da seguruena», esan du ia barrezka. Ez da kasualitatea behiak jartzea. Baratze alboan belazea izatea komeni dela dio, zuhaitzek itzal egingo luketelako. Eta libre egotean, aireak gehiago korritzen du. Izurrite eta bakterioak ez gertatzeko ona da haize mugimendu hori. Bere bizipoza elikatzeaz gain, urte osorako haragia jateko aukera ematen die, belarrak zaintzen eta ingurua ongarritzen dute. Neguan ukuiluan pilaturiko simaurra zabaltzen du baratzean. «Beharrezkoa da simaurra, gustura hartzen du lurrak. Gure etxeko behi eta oiloen ximaurra botatzen diogu». Imaz bere baratzean. Ingurune baten parte sentitzen dela nabarmentzen du. (Jon URBE / FOKU) Motozerra soinuak entzuten dira urrutian, txakur zaunkak inguruetan, kamioien burrunba pareko mendian barna dioan autobiatik, eta tarteka, herriko kanpaiak. Txori kantuak ere entzuten dira. Enekok hainbat txoriren kantuak identifikatzen ditu, eta horretaz gozatzen: karnaba, usoa, torratxoria, okil berdea, argi oilarra, pintxana... baita okil beltza ere. «Usteak irauli ditu honek. Lehen uste zen toki oso naturaletan soilik egoten zela, baina orain maizago ikusten da. Faunaren eboluzioa ikusi dut urte hauetan, geroz eta basatiagoa da basoaren nolakotasuna. Espezie asko errekuperatu dira. Asko! Batez ere basokoak, paisaia irekiagoa behar dutenen kaltetan (antzandobia, gallupa, tarina...). Mendia utzita dago, basoa utzita dago. Utzita, ‘zikina’... nekazari batek esanda. Biologo batek esanda: naturalizatua. Oso ikuspegi desberdina da. Oso naturalizatua dago. Baserriak husten ari dira. Jendez igual ez, baina baserritarrez bai», tertulian gustura ari da Eneko. Lehen, halabeharrez, dena aprobetxatzen zen, lurrean zotz bat ez ikusteraino. Baita orbela ere, ukuiluko azpiak egiteko. Orain, berriz, dena bertan dago. Eta hori ona da biodibertsitatearentzat, antza. Enekok izugarri disfrutatzen du inguru bizi horretan. «Leihotik begira nago, eta orkatzak baratze erditik paseatzen dabiltza. Gero baratzera jaisten naiz, eta badakit hura ez dutela jan eta kardoa jan dutela. Ondo dago, bizitza da. Azeriak ere oilo batzuk kendu izan dizkit, baina naturan bizitzearen zerga da», konforme agertzen da. Txakurra ekarri zuen hori ekiditeko, oiloen zaintzaile izateko, eta urrutian sumatzen du azeria begira orain. Ez da kasualitatea Enekoren ikuspegia. Biologoa da ikasketaz, ekologian espezializatua. Hainbat urtetan aritu zen zientziaren dibulgazio lanetan. Orduan irakurri, ikasi eta konpartitzen zuena, orain azalean gozatzen du, begiekin jaten. Oinarri teoriko handia zuen, baina eskola handiena hankak lokatzetan sartzea dela dio. Egin eta egin, eskola onena... eta apuntatuz gero, hobe. «Ni ingurune baten parte sentitzen naiz, eta iruditzen zait baserriak hala izan behar duela», ez da lana soilik, mundu ikuspegia da. Mendian bizi da, eta hiria hurbil ez izateak biodibertsitate hori etxeraino izatea dakar. «Zer da biodibertsitatea?», galdetu diot, hitz soil batetik haragoko sakontasunaren egarri. «Biodibertsitatea ez da argazki bat, pelikula bat baizik. Mugimenduan dago, eta hori ez zaigu ahaztu behar», erantzun dit. Biodibertsitate hori bizi, sentitu eta gozatu egiten du Enekok. «Beleak arto hazia jaten dizu, agian goiz batean ilara bat. Txorimaloa jartzen duzu, eta egun batzuk igarotzen ditu gezurretakoa dela ohartu arte. Baina egun horietan, alea jada landare da», jolasean ariko balitz bezala. Gorrotoa izan diezaiokegu orduan, baina bele horrek karakolak, kakalardo eta har lodiak ere jango ditu, eta orduan, eskopetari eutsi aurretik, odol hotza izatea komeni da. Ez dela aberastu eta ez dela aberastuko dio. Alderantziz, justu bizitzen ikasi duela, baina osasunean asko irabazi du, eta bizipoza askotan gailentzen zaio etsipenari. Hurritz makilak egin behar ditu, ilarrak sarean jarri ordez. Horretan egoskortu da: jakintza mantentzen da, basoa kudeatzen du, bidetxo hori zaintzen dugu... BARATZETIK ETXEETARA Bista zabala ikusten da baratzetik, naturaren parte sentitzen zara. Hala ere, berak duen ikuspegia baino motzagoa da. Asko elikatu naiz, jan gabe, Enekorekin tertulian. Porru landaketan saioa eginda, otarrak prestatzera joan gara. Baratzetik hainbat bizidun jaso, eta etxe bakoitzerako poltsatxoak prestatu ditugu: patata, porruak, letxugak, kukuluak, kalabazina... Konpromisoa dute familiek astero produktuak hartzeko. «Ez da supermerkatu batean erostea: ez da nahi duzunean nahi duzuna. Dagoenean dagoena baizik, eta konpromisoarekin. Elkar zaindu ere egiten gara», dio Enekok. Berari bizirauten laguntzen diote, baina berak produktu ekologiko eta sanoak ematen dizkie, egunean bertan baratzetik jaso berriak. Tomateak hasi dira, eta jendea irriketan egoten omen da. Jack tomate batzuk jartzen ditu kantitate bila, baina Aretxabaleta eta Ubera barietateak maite ditu, eta mimoz zaintzen. Usain ederra dute, eta ahoan edonork nabaritzen du aldea; oso haragitsua eta zapore handikoa. Tomatea zaintzea ez da erraza, eta horretarako negutegia ezinbestekoa du. Tomateak, nortasuna eta prestigioa emateaz gain, babes ekonomikoa ere ematen dio. Bi behi eta zezen gazte bat ditu baratzearen bueltan, ingurua garbitzeko. (Jon URBE / FOKU) Tomateari kariño berezia dio, baina azenarioak ere jendeak asko baloratzen omen ditu; usainagatik, testuragatik. Ez da merkatuan ohitu garen produktua, beste zerbait da. Iritzi eta laudorio horiek jasotzen ditu etxez etxe banaketa egitean, edota larunbatero Tolosako azokan. Ia 10 urte egingo ditu Tolosako zerkausira hurbiltzen. Otar eta azokaz gain, Ama jatetxearekin lana egiten du, eta baita Ibarrako ikastolako jantoki propioko sukaldariarekin ere. Zein garrantzitsua den eskoletan sukaldeak izatea! Dinamika desberdinak dira salmenta lerro hauek, lan egiteko eta funtzionatzeko modu desberdinak eskatzen dituztenak. Moldatu egin behar. NEGURAKO PENTSATZEN UDAN Baratzea denbora da. Jakoba Errekondok esaten duen bezala, «presaka dabilena, ez dadila baratzean hasi». Udan gaude, eta neguan pentsatzen ari gara. Orain landatu eta neguan platereratuko dira. Neguan lasaituko da baratzea. Ez dira lanak erabat amaituko, ordea. Erremintak konpondu, itxiturak begiratu... egurra egin etxerako: «Uda ez da eguberriak arte amaitzen», bota du Enekok. Urtarrila eta otsaila izango ditu lasaiak, lurrak oporrak hartu eta simaurrarekin gozatzen dituen egunak. Gero, berriro, festa hasiko da. Plan bat prestatzen du, zer eta noiz landatu. Ia 31 barazki zerrendatu dizkit. Ez dabil bakarrik, etxean ostatu hartzen dute mundu zabaleko pertsonek. Haientzat esperientzia berri bat da, munduan beste era batean kokatzeko aukera eskainiko dien bizipena. Turismoa eta lana; turista guztiak ez dira berdinak. Enekorentzat baserritik atera gabe bidaiatzea da, eta baratzeko bakardadean, laguntza. Elkar agurtzen hasi gara, burua eta gorputza nekatuta noa gaurkoan. Burua leherrarazi dit, baratzea beste era batean sentitzera eraman nau. Neguaren zain geratu da, dena zurituko duen esperantzarekin: «Itxurazko negurik ez du egiten, eta hori gero nabaritu egiten da». Elurrak eta hotzak garbiketa egiten omen dute, «bestela zorriek negua pasatzen dute bainuetxean bezala, eta lanean azkar hasten dira», ironiarekin aipatu du. «Elurra egiten badu, txoriak aza azpietara joaten dira, eta han, zomorroak, harrak... jaten ari dira», behaketak egin izan ditu. Film horren zain geratu da, eta haziak ateratzen sakondu nahi du, hori du amets. Gaurko eguna ez zen koplatarako, baina kopla ederrak bota ditu Enekok.