GAUR8

Errebeldeak Fest jaialdi inklusiboa Hernanin ospatuko dute larunbatean

Errebeldeak Fest jaialdi inklusiboa Hernanin egingo dute datorren larunbatean. Aniztasun funtzionala duten kirolariak eta musikariak izango dira eguneko protagonista nagusietako batzuk. «Elkarbizitzarako eta gozamenerako jardunaldia» izatea nahi dute antolatzaileek, herria inkulsibitateaz betez.

Errebeldeak Fest jaialdiaren aurtengo kartela, irudian. (ERREBELDEAK FEST)

Rock banda historiko, kirol irisgarri eta desgaitasunen bat duten lagunen «festa handi» gisa aurkeztu dute hurrengo urriaren 11n egingo den Errebeldeak Fest 2025 jaialdia. «Ibon Casas rockzale itsuak zuzenduta, ekitaldiak bosgarren edizioa du» aurten, eta gonbidapen berezi bat luzatu die herritarrei «elkarbizitzarako eta gozamenerako jardunaldia» bizitzera animatuz.  

Aire karabinako II. txapelketak zabalduko du egitaraua Tilosetako plazan, ‘Denok Fernandoren aurka’ izeneko probarekin. Izan ere,  parte hartzaile guztiek euren punteria erakutsi eta Fernando Michelenaren aurka lehiatuko dira, 17.00etatik aurrera. 

«2014az geroztik aulki egokituan tiro egokituaren» estatu mailako txapeldunarekin neurtu beharko dira. «Aukera bikaina da punteria probatzeko, kirol inklusibo batez gozatzeko eta eliteko kirolari batekin une bat partekatzeko», azaldu dute antolatzaileek. Era berean, berdintasuna eta gaitasun anitzen ikusgarritasuna sustatzeko saioa izango dela erantsi dute. Kemen Kirol Kluba (ezgaitasuna duten pertsonena) eta GTS Elektronika enpresak txapelketa honen garapenean elkarlanean arituko dira.

Horraino kirolari dagokion tartea, zeren iluntzean, 20.30ean zehazki, «tentsio handiko kontzertu inklusibo» batek hartuko du Atsegindegi plaza. Bertan izango da jaialdiaren epizentroa, parekorik gabeko bi talde hartzeko: Meinstein kataluniarrak eta Burn in Hell bizkaitarrak.

Lehen taldeaz azaldu dute Industrial Metal/Neue Deutsche Härte rockaren zuzeneko esperientzia eskainiko duela, «potentzia handikoa, riff gogorrak, erritmo oinarri astunak eta atmosfera ilunak». Burn In Hellena «heavy metal klasikoena» da, eta ikusmen-urritasun larria duen gitarra jotzaile bat du, Egoitz Bilbao. Gitarra eta errimo indartsuak eta «plaza pizteko» rock jarrera daukala aurreratu dute.