2025 URR. 07 - 15:59h Erabilera Libreko Gela zabaldu du Zaldibarrek, haurren aisialdirako Zaldibarko Udalak 0-5 urte bitarteko haur eta gurasoentzako gune bat egokitu du Olazarren: Erabilera Libreko Gela. Urritik maiatzera, astean zehar erabili ahal izango dute, eguraldiak laguntzen ez duen egunetan. Ekimenak herritarrek egindako proposamenari erantzuten dio. Zaldibarko Erabilera Libreko Gela, irudian. (ZALDIBARKO UDALA) GAUR8 Zaldibarko txikienek eta haien gurasoek aisialdirako ekipamendu berri bat izango dute herrian. Olazarren kokatuta, Gela berdea modura ezagutzen den lekuan egokitu du Udalak, ‘aurrekontu parte hartzaileak’ foroan aurkeztutako proposamen herritarra jarraituz. «0-5 urte bitarteko umeek erabiltzeko eremua da, urritik maiatzera bitartean erabili ahalko dena, aisialdi helburuekin», azaldu du Udalak. Urrian irekiko ditu ateak eta maiatzera arte erabilgarri egongo den lokalak 15 lagunentzako gehienezko edukiera du, eta altzariak, alfonbrak, mahaiak eta aulkiak ditu.Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 16.00etatik 19.30era. Erabilera arautzeko baldintzak eta betebeharrak zehaztu ditu Udalak araudi batean, eta jakinarazi du gurasoek eskariak egiteko aukera dutela dagoeneko. Udaletxera jo beharko dute gelara erabili nahi dutela adieraztera, eta inprimaki bat bete beharko dute horretarako. Gela erabiltzeko giltza-txartela emango zaie izen emate prozesua bukatuta.«Gobernu talde honek bere egin du Zaldibarko herritarren proposamena. Herriko umeek eta familiek eremu gorde eta estalia izango dute aurrerantzean, eguraldiak laguntzen ez duenerako. Halaber, gertutik jarraituko dugu gelaren erabilera, etorkizunean hobekuntzak egin ahal izateko. Gozatu dezagun gelaz, eta zaindu dezagun gela», adierazi du Eneritz Azpitarte alkateak.Udal iturriek zehaztu dute «gela erabili gura duten familiek betekizun batzuk» izango dituztela. «Batetik, erabiltzaileek lokaleko altzariak zaindu beharko dituzte, eta debekatuta izango dute gainerako erabiltzaileentzat molestagarriak diren jarduerak egitea. Halaber, debekatuta egongo da animaliak sartzea», azaldu dutenez. Familiek baimenduta dute barruan jatea eta edatea, baina «erabiltzaileek izango dute, betiere, lokala garbi eta baldintza onetan mantentzeko betebeharra».