2025 URR. 11 - 00:00h Armiarmak maindireen artean Maddi Aiestaran Bertsolaria Astelehenean, besoaren atzeko aldeari oso fuerte hazka egin nahi niolako esnatu nintzen iratzargailuak jo baino ordubete lehenago, eta egunean zehar, ez ikusiarena egin nion ziztadari. Asteartean, orkatilek azkuraz erre egiten zidatela konturatu nintzen esnatutakoan; dutxako ur epelak baretu zuen pixka bat azala. Asteazkenean, koskor handi xamar bi sumatu nituen gerrialdean, eta pisukideei erakutsi nizkien, ez dirudi moskito arrunt batenak direnik, ez? Maindireak aldatzeko aholkatu zidaten. Ostegunean, orkatiletako azkura zabaldu zitzaidan izterretara, tripara, bizkarrera; kosta egin zitzaidan loak hartzea, paranoiak fuerte egin zidan eraso. Ostiralean, umore petralez esnatu nintzen, azala suminduta. Maindirea eta edredoia astindu nituen, eta ez nuen, orduan ere, lehen begiratuan bizidunik ikusi. Ondo xamar ezkutatzen omen dira armiarmak maindireen artean. Larunbat eguerdian bota ditut maindireak garbitzekoen saskira. Baita zomorro malapartatua ere, hala pentsatu nahi izan dut. Gainezka egiteko zorian dagoen garbitzekoen saskiari begira, pentsatu dut denbora guztian ez ote garen ari horretan, molestatzen digun azal zati gorrituan hazka eta hazka, egunetik egunera fuerteago pikatzen diguten intsektuei ez ikusiarena egiten, ohean bezainbat etxean, kalean, lanean, sareetan, harremanetan. Batzuetan indar gutxiegi izaten da erredurari begiratzeko, zomorroa identifikatzeko, neurri prebentiboak hartzeko eta azala goxatzeko, baina maindirea pixka bat astinduta ez da armiarmarik desagertzen. •