2025 URR. 11 - 06:00h Duela 270 urte jaio zen Fausto Elhuyar kimikaria Gaur dela 270 urte jaio zen Fausto Elhuyar zientzialari eta kimikari ospetsua. Logroñon jaio arren, bere gurasoak lapurtarrak ziren. Joan Jose anaiarekin batera, tungstenoa edo wolframioa isolatu zuen lehen kimikaria izan zen. Fausto Elhuyarren erretratua. (Biblioteca Nacional de España) GAUR8 1755eko urriaren 11 jaio zen Fausto Elhuyar. Logroñon jaio eta lehen urteak bertan bizi arren, jatorri lapurtarra zuen, aita, Jean Elhuyar medikua, Hazparnekoa baitzen, eta ama, Ursula Lubize, Donibane Lohizunekoa. Euskara izan zuen ama hizkuntza. Bere anaia Joan Jose bezala, gaztetatik kimikan trebatu zen. 1772an anaiak Parisera joan ziren ‘Le Jardin du Roi’ ikastetxean ikasketak egitera. Hilaire-Marin Rouell gisako zientzialarien lanak ikusteko aukera izan zuten bertan. Handik, Alemaniara egin zuten, Saxoniako Freibergera, Abraham Wernerrekin ikastera, eta jarraian Uppsalara joan zen Juan Jose, eta Fausto Bergarara itzuli zen, bertako mineralogia mintegiaren kargu egitera, 1781ean. 1783an, anaiek Bergarako laborategian isolatu zuten wolframioaren elementua lehen aldiz. Wolframita izeneko mineral batetik abiatuta, hainbat erreakzio kimiko eta tratamendu metalurgiko egin zituzten, balio kimiko-metalurgiko handia zuen elementu bat lortzeko. Aurkikuntza nagusi haren berri 1783. urtean eman zen Herri Lagunen Gasteizko Batzarre Nagusian. Fausto, Alemania eta Hungarian ibilita, Mexikora joan zen. Han Real Seminario de Minas izeneko erakundea sortu zuen; hango lehen injineru-eskola, alegia. 1821ean Espainiara joan zen eta Madrilen hil zen 1833. urteko urtarrilaren 6an.