GAUR8

Erreakzionarismoa igo arren, gero eta gazte aliatu feminista gehiago daude

Martxan da Beldur Barik lehiaketa; gazteek azaroaren 9ra arte aurkezten ahalko dituzte ikus-entzunezkoak. Epaimahaiak lan onenak aukeratuko ditu, eta azaroaren 28an banatuko dituzte sariak. Bideoak sarituko dituzte, baina balio duena horiek egiteko prozesua da, hausnarketa eta kontzientziazioa.

Donostiako Lauaizeta ikastetxean eman zioten hasiera Beldur Barik lehiaketari, ikasleekin saio bat eginez. (BELDUR BARIK)

Beldur Barik programaren helburua gazteen arteko indarkeria sexistari aurre hartzea da, haiekin batera hausnartuz eta eztabaidatuz, elkarlanean jendarte sexista hau jendarte berdinzale bihurtzeko. Emakunderen, Eudelen eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien ekimenak Beldur Barik Jarrera bultzatu nahi du, hau da, desberdintasunak eta sexismoa identifikatzea eta horiei erantzutea.

Irailaren 22an zabaldu zen Beldur Barik lehiaketa, eta azaroaren 9ra arte bidaltzen ahalko dituzte gazteek bideoak (beldurbarik.eus webgunean dago informazio guztia).

Edizio honek berrikuntzak dakartza. Parean elkarteak hartu du lehenbizikoz lehiaketaren idazkaritza teknikoa, eta bi ildotan egin ditu aldaketak. Alde batetik, herrietan sustraitzen eta tokian tokiko prozesuak sustatzen saiatu da, beren txapelketa antolatzen duten herriak daudelako, beren sariekin eta epaimahaiarekin. Udala inplikatzen den herri horietan, eskolekin lanketa eginez, parte-hartzea handiagoa da. Hortaz, herriak eta eskualdeak animatu ditu halako prozesuak egitera.

Hala jakinarazi digu Oihana Llorente Arretxeak, emakumeen, etorkinen eta adinekoen ongizatea proiektu berritzaileen bidez lortzeko lan egiten duen elkarteko kideak. Kontatu duenez, herri batzuetan lanketa berezia egiten dute gazteleku, ikastetxe eta bertzelako gune antolatuetan, eta aitzakia bezala hartzen dute Beldur Barik, ikasturte hasierarekin batera gai hau lantzeko. Santurtzin, Aiaraldean, Gernika-Lumon, Donostian, Irunen, Lasarte-Orian... urteak daramatzate beren topaketak egiten.

«Partaideek Beldur Barik sarietarako eta herrietako sarietarako, bietarako, parte hartzen dute. Bideo guztiak guk jasotzen ditugu eta herri bakoitzari bereak ematen dizkiogu, lehiaketa propioa egiteko», azaldu du Llorentek.

Egindako bertze aldaketa bat kategoriak moldatzea izan da. Bi adin-tarte daude: 12 eta 16 urte bitartekoena eta 17 eta 20 urte bitartekoena. «Adin-tarte bakoitzean bi kategoria proposatu ditugu: talde lanak eta banakako lanak. Banakako lanak berriak dira. Horiekin, gazteek kontsumitzen dituzten bideoetara hurbiltzea da asmoa».

Beldur Barik lehiaketako iazko topaketako irudi bat, Artziniegan. BELDUR BARIK

SAREAK, GOGOETARAKO TRESNA

Gazteek ikusten dituzten bideo horietan “POV” edo “Point Of View” egoerak agertzen dira. Kate bihurtzen dira eta asko kontsumitzen dira. «Horiek ekarri nahi izan ditugu, baliagarriak zaizkigulako gure lehiaketarako. Egoerak deskribatzerakoan indarkeriak identifikatzeko aukera zabaltzen da. ‘Eskolan nago eta nire itxuragatik komentarioak egiten dituzte’. Horren aurrean nola erantzuten dut? Batzuetan ez zaigu indarkeria matxista iruditzen, baina hausnartu eta esaten dugu: ‘Ba bai, honek ez du zertan gertatu, indarkeria matxista da’».

Bertzetik, egoera horien aurrean zein erantzun eman gogoetatzean, Beldur Barik Jarrera hori bultzatzen dute.

SARIAK

Beldur Barik lehiaketako sariak honakoak dira: 650 euro talde lanetan, eta 200 euro eta liburu feminista sorta bat banakako lanetan. Publikoaren saria ere badago, jasotzen dituzten bideo guztiak zintzilikatzen dituztelako eta bozkatzeko aukera dagoelako. 300 eurokoa da, ikus-entzunezko onenaren saria bezala.

Epaimahaian Emakunde, hiru foru aldundiak, Eudel, iazko bideo irabazleen egileak, Go!azen-eko zuzendaria, EHUko berdintasun zuzendaria, Hezkuntza Saileko berdintasun zuzendaria, Euskadiko Gazteria Kontseilua (EGK) eta Gazteria Zuzendaritza daude. Azaroaren 20an bilduko dira eta kategoria bakoitzeko irabazleak aukeratuko dituzte.

Azaroaren 28an banatuko dituzte sariak, Derioko topaketan. Urtero herrialde ezberdin batean egiten da topaketa, eta aurten Bizkaian tokatzen zen. Bertako herri guztiei eman zieten aukera herri anfitrioia izateko, arrakasta itzela izan zuten eta sei-zazpi herrik aurkeztu zuten beren burua horretarako. Azkenean, Derion, Txorierrin, egitea erabaki dute, eta bertan elkartuko dira bideo irabazleen egileak.

Beldur Barik lehiaketa baliabide bat da. Emakunderen urte osoko programa baten barnean dago, Beldur Barik Jaiak ere egiten dituztelako. Ikus-entzunezkoen bidez indarkeria matxistaz hausnartzea da txapelketaren helburua. «Emaitza bideoa da, baina gehien interesatzen zaiguna bideo hori ekoitzi arteko prozesua da. Hor sortzen diren gogoetak eta identifikatzen diren egoerak dira garrantzitsuenak», azpimarratu du Parean elkarteko lagunak.

LAUAIZETA IKASTETXEAN

Irailaren 22an, Donostiako Lauaizeta DBHko ikastetxean eman zioten hasiera lehiaketari. «Ikasleekin egon ginen hiru orduz. Gurekin izan zen AnePe Acedo influencerra. Jarraitzaile piloa ditu Instagramen. Indarkeria matxista zer den gogoetatu genuen izozmendiaren irudiarekin. Goialdean gertatzen dena identifikatzen dugu, baina behean dagoena ez dugu ikusten eta horrek sostengatzen du».

Hori gazteen egunerokora eraman zuten. Indarkeria matxistarekin lotutako zein egoera ikusten dituzte? Institutuko pasilloetan gertatzen diren gauzak aipatu zituzten, itxura fisikoagatik egiten diren komentarioak, kaletik doazela neska gazteei ezezagunek beren fisikoagatik kargu hartzea, kiroletan ematen diren ezberdintasunak... Neska batek kontatu zuen arratsaldeetan zertan aritzen den galdetzen diotela, aurretik jada erantzuna emanez: «Zer egiten duzu, pintura, dantza...?». Orduan, mutil batek aipatu zuen: «Egia, niri ere ez didate esaten ea gimnasia erritmikoa egiten dudan». Indarkeria ez da bakarrik emakumeek jasaten dutena, lerrokatze hori gizonek ere sentitzen dute.

Denen artean identifikatu zuten zein indarkeria egoera bizi dituzten egunerokoan. Gero, lantaldetan, egoera bat hartu eta zein erantzun emanen lioketen hausnartu zuten; Beldur Barik jarrera bat irudikatu zuten. Gainera, AnePe Acedok grabatzeko gakoak eman zizkien. Adibidez, ezin zara gehiegi galdu mezuan, ikusgarria izan behar du erantzunak. Bideo batzuk grabatu zituzten eta ederki joan zen; gazteak gustura aritu ziren.

Unai Ribera eta Nerea Iraola Eiherako kideak dira eta ikastetxeetan esku-hartzeak egiten dituzte bai ikasleekin eta baita irakasleekin ere. Jagoba MANTEROLA | FOKU

ATZERAPAUSOAK MUTILEN ARTEAN

Parean elkarteak aholkularitza ematen du ikastetxeetan. Irunen, adibidez, DBHko eskola guztietan izaten da. Mutilen artean atzerapausoak sumatu dituztela baieztatu du Llorentek. «Beldur Barik Jarrerarekin neskak ahalduntzea eta mutilek indarkeriarekiko konplizitate hori haustea bilatzen dugu, eta bigarren hori da gehien kostatzen zaiguna. Genero sistema ez soilik emakumeentzat, denontzat kartzela dela ikus dezaten animatu nahi ditugu. Konplizitateak bilatu behar ditugu denon artean kartzela hori hausteko».

Lauaizeta ikastolan ere nekez iritsi ziren mutilengana. «Saioan parte hartzea borondatezkoa zen eta neska pila bat etorri ziren. Mutilak ere egon ziren, baina irakasleek esanda, asko kosta zitzaien parte hartzeko konbentzitzea. Gero, gainera, oso isilik egon ziren, bereziki helduenak. Neskak, aldiz, oso hiztun. Neskak lekua hartzen ari dira, baina mutilekin ez dugu estrategiarekin asmatu. Parekatzeko bidean pribilegioak galtzen dira eta deseroso jartzen dira. Ultraeskuina ere sareetan bere lana egiten ari da. Hortik harrapatuta daude gazteak, mutilak bereziki, eta, tamalez, atzerapauso bat nabari da».

Urte dezente daramate Parean elkartekoek ikastetxeekin lanean, eta lehenago mutilak politikoki zuzenak zirela oroitzen dute. «Gero, agian praktikan indarkeria egoerak mantentzen jarraitzen zuten, baina bazekiten zer zegoen ondo eta zer gaizki. Zaila zen beraiekin lan egitea, ze ‘baietz, baietz’ esaten zizuten. Orain, berriz, erantzun egiten dute, jada ez dira politikoki zuzenak. Salaketa faltsuak aipatzen dituzte, adibidez, praktikan oso-oso gutxi izan arren. Zurrumurru hori asko sartu zaie. Arrazakeria ere izugarria da».

Oihana Llorentek aldarrikatu duenez, gazteak dira eta aliatuak izan behar dute. «Ezin ditugu alde batera utzi. Horregatik, Beldur Barik-erako hiru bideo egin ditugu eta horietako bat mutilei zuzendua dago. Argi dugu haiek ere behar ditugula eta protagonismoa eman behar diegula, haiena ere badelako egoera hau».

Eihera eraldaketa feminista eta LGTBIQ+ prozesuak diseinatzen, garatzen eta ahalbidetzen dituen kooperatiba da. Bertako kideak dira Nerea Iraola eta Unai Ribera. Haiek ere lan handia egiten dute ikastetxeekin, gehienbat Gipuzkoan. DBHn eta Batxilergoan esku hartzen dute, eta hezkuntza komunitatean genero polarizazio bat ematen dela frogatu dute, binarismoan oinarrituta. «Neskek feminismoarekiko prestutasuna edo atxikimendua erakusten dute, baina erreakzionarismoa sortzen ari da mutilen artean. Erresistentzia horri aurre egiteko pedagogia eta metodologia berriak sortzea erabaki genuen», adierazi du Iraolak.

Riberak erantsi duenez, erreakzionarismo hori ez da eskolako gazteengana mugatzen; jendarte osoan nabari da. «Mugimendu baten indartzeak dakarren ondorioa da». Defendatu duenez, irtenbidea ez da mutilak deabrutzea. «Aldaketarako eragile dira eta subjektu gisa feminismoaren barnean kokatu behar dira», erran du, Llorentek azaldutakoaren ildotik.

«Subjektu zehatz batzuentzat feminismoaren, LGTBIQ+ mugimenduaren edo mugimendu antirrazistaren saria zein den ulertzen dugu: bizitzak hobetzea. Mutilen kasuan, guk badakigun arren zein den saria, haiek ez dute garbi ikusten». Eiherakoen ustez, hortik ere badator atxikimendu falta eta erreakzionarismo hori.

PROIEKTU PILOTU BAT

Eihera kooperatiba proiektu pilotu bat prestatzen ari da mutil gazteak entzuteko, beraien begirada ikusteko eta feminismoarekiko atxikimendua sortzeko.

Hala adierazi du Riberak: «Hezkuntza -formala eta ez-formala- ez da mutil eta nesken artean banatzen den espazio bat, indarkeria jaso eta eragiten dutenen artean baizik. Horretarako, intersekzionalitatea erabiltzen dugu, ulertzeko gaur zapaltzailea izan zaitezkeela, eta bihar, ordea, zapaldua. Momentu honetan neskenganako indarkeria matxista eragin dezakezu, baina bihar, agian, indarkeria jasoko duzu gorputz ez-normatiboa duzulako, ez zarelako arrakastatsua edo kirolean ona. Indarkeriaren eskeman non kokatzen zaren eta, batez ere, non kokatu nahi duzun hausnartu behar duzu».

Proiektua kurtso honetan eramanen dute ikastetxeetara.

KLAUSTRO OSOAREN ARDURA

Esku-hartzeez ari garenean, gazteak datozkigu burura, baina komunitate honetan irakasleak ere eragile aktibo dira. Hala ulertzen dute Eiheran eta, horregatik, esku-hartzeen zati bat haiekin egiten dute.

«Hezkidetza edo pedagogia feministen ardura beti jende berak hartzen du, zentroko hezkidetza lantaldean dabilen jendeak. Emakumeak eta feminismoarekiko lotura handia dutenak izaten dira. Irakasleekin gertatzen denaren isla da gazteekin gertatzen dena: feminismoarekiko mutilen atxikimendu falta. Baina irakasle guztiek izan behar dute genero hezitzaileak», azpimarratu dute.

Gai desberdinak jorratuz egiten dute lan Eiheran. «Genero eraikuntzatik hasten gara, gizon-emakumeak nola eraikitzen diren azalduz. Indarkeria matxistaren oinarriak jorratzen ditugu, zer den eta zergatik gertatzen den, genero eraikuntzarekin lotuz. Sare sozialak ere lantzen ditugu, ez ikuspuntu zigortzaile batetik, baizik eta sare sozialak indarkeriarako espazio izan daitezkeela ulertuz. Indarkeria berri asko ematen dira bertan. Indarkeria ez da joaten, moldatu egiten da. Ziurrenik orain ez daude hainbeste egoera non eskola batean ume marikoiak jotzen dituzten, baina beste modu batera ematen da indarkeria».

LGTBIQ+ errealitateen berri ematen dute, eta pornografia eta desira ere lantzen dituzte, gurasoak larrituak daudelako gai horrekin. «Pornografia hegemonikoa deuseztatzen dugu, baina esanez pornografia bera ez dela txarra».

Gazteak 2023ko Beldur Barik-en topaketan, Beasainen. BELDUR BARIK

INPLIKAZIOA HANDITU DA

Badute lan egiteko bertze modu bat: berdinen arteko pedagogia. «Helduagoen kurtsoetako talde boluntario bat hartzen dugu eta beraiek izaten dira gure formazioa jasotakoan gazteekin lanketa egiten dutenak. Kuriosoa da nola proiektua egin dugunetan mutil arrakastatsuek ere parte hartu duten. Halako lanketetan mutil ez-normatiboak inplikatu ohi dira, gizontasun hegemonikotik urrun egon daitezkeenak. Baina mutil arrakastatsu, hetero, kirolari, normatiboak ere atxiki dira», baloratu du Riberak.

«Egia da mutilen erreakzionarismoa igo dela. Baina kontzientzia eta inplikazioa ere bai. Mutil jatorrak ikusi ditugu eta oso positibotzat hartzen dugu maskulinitate hegemonikotik gertu egon eta feminismoarekin bat egiten duten mutilak egotea».

Zortea dute parte hartzen duten eskoletan ez direlako urtebeteko proiektuak izaten; urteetan luzatzen dira. Hortaz, aldaketa sumatu dute jarreran, inplikazioan zein sortu behar ez diren eta sortu behar diren aliantzetan. Hobekuntza bat ikusi dute eta garrantzitsua iruditzen zaie hori aipatzea, sarri modu ezkorrean ulertzen delako hezkuntza. «Egoera larria da, gazte batzuen erreakzionarismoa larria da, baina belaunaldi inplikatu eta indartsu bat dator, gogoarekin eta haserre, jarrera batzuk ez onartzeko nahiarekin, etorkizun hobe bat lortzeko desirarekin».

Gazteenganako ikuspuntua katastrofista izatera iritsi dela diote. «Egoera larriak ematen dira eskoletan. Espazio ez-seguruak izaten jarraitzen dute gorputz eta identitate batzuentzat. Baina ez duela 20 urte baino gehiago. Gu eskolara gindoazenean ere egoera zaila zen gorputz batzuentzat, eta ematen ziren botere harremanak berdinak ziren. Garrantzitsua da ulertzea hemen gurasoek eta beste hezitzaile mota batzuek daukaten ardura. Hezten eta balio feministetan eraikitzen etxean hasi behar da».

Aldarrikatu dutenez, gazteak kriminalizatzeari utzi behar diogu. «Gazte asko antolatzen dira feminismoaren barnean eskoletan, gure saioetan ere inplikazio ikaragarria izan dute». Eiherako kideak ez lirateke alde txarrarekin geldituko, onarekin baizik. «Gero eta gazte gehiago mugitzen dira eta aliatu feminista gehiago daude. Egun osoa zein gaiztoak eta desastreak diren entzuten ari badira, ulergarria da jarrera ezkorrak adieraztea. Honekin ez dugu inondik inora indarkeria justifikatu nahi, ze gauza bat da gai batekiko atxikimendua izatea eta beste bat indarkeria eragitea. Aldaketarako eragile direla ulertarazi behar diegu, eta ez arazoaren sortzaile, ze arazoa ez dute beraiek sortu. Arazoa erreproduzitu egiten da gizartearen egiturazko arazo baten ondorio delako, baina ulertu behar dugu ezin dugula jada gazteekin hainbeste talkatik konektatu, baizik eta enpatiatik eta arduratik», gogoetatu dute.