GAUR8

Ispilu jendea


Luhuson izan naiz bisitan asteon. Lekuak jendearekin eta pertsona horiekin izandako elkarrizketekin lotzeko joera edo maniatxoa dut, horrelakoa da oroimena batzuetan. Lekuetara itzultzen zarenean, bertan izan zinenaren nostalgia sumatzen duzu eztarrian, baina azkar xamar hartu ohi dugu mugikorra, askatu eztarria eta ahaztu ingurua, zuhaitzetako hostoak kolorez aldatzen ari direla ere Reels baten bidez ohartzen garen garaiotan.

Izan ginen lekuetara itzultzeak aldaketen solidotzea dakarrela esango nuke, hautu baten berrestea batzuetan, ondoan zegoen bide bat hartu ez izanaren damua besteetan. Sustrai Colinak kantatu zuen ikasi beharra dagoela bizitzan erabakitzen, eta erabakiak bizitzen. Egunerokoan hartzen ditugu - ez hartzea ere hartzea delako- erabakiak, eta horiek egiten gaituzte sarritan nor. Izan ginena, garena, izango garena… galdera existentzialak dirudite, are gehiago etengabeko abiadan doazen bizitza pusketa hauetan, baina eguneroko galderak ere izan daitezke. Esnatu orduko, kafea esnearekin edo gabe? Azukrearekin edo gabe? Irratia piztu edo pantaila txikian egunkariak ireki? Bart gauean amestutakoa albokoari kontatu edo zuretzat gorde? Horrek guztiak ere egiten gaitu.

Axut eta Artedramak atzo Luhuson estreinatu zuten “Nor naizen baneki” antzezlanaren entseguan izan nintzen -datorren astean Donostian dira, eta ondorenera bisitatuko dituzte Euskal Herriko antzokiak, joan ikusteko-, eta indusketa lanetan topatu nituen. Halaxe laburbiltzen dute beraiek obra berria: «Nor naizen baneki... Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutuko denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara?».

Egunak daramatzat galdera buruan bueltaka, nor naiz, eta, batez ere, nor gara. Erantzun erraza zuen, hiru urteko gelara joan eta egun horretan bertan ezagutu zenuen haurrak «ta zu zeintza?» galdetzen zizunean, gurasoek zuretzat hautatutako izena errepikatu eta kito. Ondorenera etorri ziren etiketak: abertzalea, feminista, euskalduna, ezkertiarra, gaztea… Helduagoek nor zaren baino nongotarra zaren galdetzean aldatu ziren erantzunak. Baina nor naiz orain? Nor gara?

Ispilu jendeak laguntzen du horretan, niri laguntzen dit, behintzat. Batzuetan ispilu diren lagunen begietan ikusteak laguntzen dit berriro kokatzen, aldaketak aldaketa nor izan naitekeen gogorarazten behintzat. Eta parean hezur-haragizko norbait entzuteko eta eraikitzeko prest duzula jakiteak ere bai, nor bat sortzeko lagungarriak direlako gu-ak, baita lur zatiak ere.

Herri bezala ere behar ditugu ispiluak, norbaitek, zerbaitek, jarri behar gaitu ispilu aurrean, geure burua ikusarazi behar digu, eta identifikatuta sentitu behar gara, unibertsalki sentitu gaitezkeen bezainbat partikularki. Baina garrantzitsua da konfiantzazko ispiluak izatea, gardenak eta zintzoak direnak, eta ez kanpotik jarri nahi diguten luparen isla.

Kultura, oro har, izan daiteke ispilu egokia gure herriarentzat, intimoki eta kolektiboki dantzan jartzen gaituen obra bat. Identifikatuko garena pertsonalki eta komunitarioki, izan garena edota garena begien parean jartzen diguna, izango garenaren inguruan lanean jarrai dezagun. Tarteka, herri bat bagarela sinestea kostatzen zaigulako. Nor garen bageneki. •