2025 URR. 18 - 00:00h Urrezko bisen salmentaren negozioak baditu nahi gabeko ondorioak Urrezko bisa deitua modan jarri zen 2012tik aurrera, burbuilaren leherketari aurre egiteko. Aberatsei bizileku-baimena ematea bilatzen zuen programak, krisiak suntsitutako tokiko higiezinen merkatuan inbertitzearen truke. Eragin positiboa mugatua izan da, ondorio negatiboak gero eta argiagoak. Costa Ricako Escazú hiria, atzerritar gehien erakarri dituenetako bat. (Armando MAYNEZ | WIKIPEDIA) Isidro Esnaola Migrazioari buruzko eztabaida zentrala bihurtu da debate politikoan. Eztabaidaren bizitasunak gorabeherak izan ditu. Denborarekin, argudioak ere aldatzen joan dira. Migratzaileen eskubideak eta duintasuna defendatzen dituztenek pertsonen eskubideetan oinarritutako arrazoiak ematen zituzten. Badirudi horiekin ez dutela jendea konbentzitu, eta orain, gero eta gehiago, izaera instrumentala duten beste arrazoi batzuk entzuten dira. Funtsean, demostratu nahi dute migranteek jasotzen dutena baino askoz gehiago ematen dutela; ezinbestekoak dira Iparralde Globaleko gizartearen gaur egungo bizi- eta kontsumo-erritmoari eusteko. Deigarria da eskubideen defentsatik erabilgarritasunerako diskurtsoaren desplazamendu hori, batez ere, Europan. Izan ere, balioen erdigunea izateaz harro dago kontinente zaharra, baina, finean, diruak bakarrik kontatzen duela dirudi. Beharbada, horregatik, 2008ko higiezinen eta finantzen krisiaren ondoren, bisak saltzeko ideia sortu zen Europan, 2012 inguruan, krisia gainditzen laguntzeko modu gisa. Ideia sinplea da: inbertsio jakin batzuk egitearen truke gobernuek bizileku-baimenak ematen zituzten. Asmoa kapitala erakartzea zen, batez ere, higiezinen merkatu depresiotik ateratzeko. Behin ideia zabalduta, Europan ugaritzen hasi ziren horrelako programak, eta komunikabideek «golden visa» edo urrezko bisa gisa bataiatu zituzten horrelako bizitzeko baimenak. Aberatsen migrazio horri buruz apenas hitz egiten den arren, sustatu egiten da. Hain da zabala eremua, ezen Henley & Partners aholkularitza-enpresa britainiarra espezializatu egin baita esparru horretan. Bere lanen artean, funtsezkoa bilakatu da beste pasaporte edo egoitza-baimen bat lortzeko interesa duten pertsonei aholkuak ematea. Aholkularitza-enpresa horrek "Migrazioa eta ondare pribatua" txostena urtero argitaratzen du. Bertan, besteak beste, bizileku berri baten bila dabiltzanentzat baldintza onenak eskaintzen dituzten herrialdeen sailkapena agertzen da. Azken urte honetan Costa Rica nabarmentzen da, atzerriko milioidunentzako paradisu berria. Henley & Partners-en kalkuluen arabera -datu mota hauek, oro har, zaila da lortzea, datuak babesteko legeen mende egon ohi delako hedapena-, azken hamarkadan 8.400 atzerritar inguru iritsi dira Costa Ricara, eta 2025ean zehar 350 bat gehiago iristea espero da. Bost milioi biztanle baino gehixeago dituen herrialde batean, ez da kopuru handia, biztanleriaren % 0,15. Estatu espainiarrean ere bazegoen horrelako bisa bat. 2013an ezarri zuen Mariano Rajoyren Gobernuak, higiezinen burbuilaren krisiaren ondorengo depresioaren okerrenean kapitalak erakartzeko. Lehenengo 10 urteetan 6.400 pertsona inguruk hartu zuten aukera hori. Pasa den urtean, Sanchezen Gobernuak Jon Iñarrituk egindako galdera bati emandako erantzunean esan zuen urteko lehen hamar hilabeteetan 780 «golden visa» eman zirela, batez beste 657.204 euroko inbertsioarekin. Eta emandako datuen arabera, milioidunen jatorria askotarikoa zen: Persiar Golkoko herrialdeak, Mediterraneoa eta Latinoamerika, Asiako hego-ekialdea eta Erdialdeko Asia. AEBetako, Kanadako edo Australiako herritarrek ere eskatu dituzte horrelako bisak. Errusiako herritarrak ere eskatzaileen artean zeuden, baina 2023tik, Gobernuak «golden visa«-rik ez ematea erabaki zuen. Portugalgo urrezko bisa Europako erretiratuei zuzenduta zegoen batez ere. 2023an, Antonio Costaren Gobernuak zenbait aldaketa egin zituen. Ordura arte, 11.535 bisa eman zituen eta 6.754 milioi euro erakarri zituen. BISAREN BALDINTZAK Mota honetako bisa lortzeko baldintzak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera, baina guztiek antzeko eskema jarraitzen dute. Lehenik eta behin, milioidunei herrialdean inbertsio bat egiteko eskatzen diete. Horretarako aukera ezberdinak eskaintzen dituzte: ondare higiezin bat erostea, hau da, etxebizitza bat edo batzuk eskuratzea izaten da ohikoena. Baina horretaz aparte, milioidunak Estatu horretako zor publikoko tituluak erosi ditzake, edo banku-gordailuan diru kopuru handi bat mantendu. Azkenik, negozio batean inbertitzeak ere bisa lortzeko balio du. Urrezko bisek ez dituzte azpiegiturak hobetu Costa Rican. (Suna NO ONNA | WIKIPEDIA) Inbertitu beharreko kopurua aldatu egiten da inbestimendu eta herrialdearen arabera. Adibidez, Espainiako Estatuan, gutxienez 500.000 euro inbertitu behar dira higiezin bat erosteko, bisa eskatzaile bakoitzeko. Zor publikoaren kasuan, inbertsioa bi milioikoa da; negozio bat irekitzeak edo lehendik dagoen batean parte hartzeak gutxienez milioi bat euroko balioa izan behar du. Azkenik, milioi bat euro inbertitu daitezke inbertsio kolektiboko erakundeetan eta arrisku-kapitaleko funtsetan. Portugalen aukerak antzekoak dira, baina kopuruak aldatu egiten dira. Han, adibidez, 500.000 euro etxebizitza batean inbertitu behar dira, baina 400.000 izan daitezke jenderik gabeko eremu batean badago. Birgaitzen ari den hiri-eremu batean 30 urtetik gorako etxe bat erosi eta birgaitzen badu, 350.000 euroko inbertsioarekin nahikoa da. Portugalek ondare nazionala birgaitzeko 250.000 dohaintza egiteko edo I+G jardueretan 500.000 euro inbertitzeko aukera ere ematen du. Aukerak aukera, Europako Batasunean emandako urrezko bisen %89 ondasun higiezinetako inbertsioengatik izan ziren. Costa Rican, bestalde, nahikoa da 150.000 dolar ondasun higiezin batean inbertitzea bizitzeko eskubidea duen urrezko bisa bat eskuratu ahal izateko. AEBek ere badute horrelako bisa bat atzerriko inbertitzaileentzat, EB-5 izenekoa, milioi bat dolar inbertitu eta gutxienez 10 lanpostu sortzen dituenari egoitza ematen diona. Immigrazioaren aurkako kanpaina gorabehera, Donald Trumpek bizitzeko eta lan egiteko eskubidea ematen duen urrezko bisa bat iragarri zuen. Bisa horrek, gainera, herritartasunera sarbidea ere erraztuko du. Milioidunentzat izango da, bost milioi dolar inguru kostatuko baita. Zertzelada horietatik haratago, ez zituen zehaztasun gehiago eman. Bisa mota horien bertuteen artean dago gehienek ohikoa baino ibilbide laburragoa aurreikusten dutela herritartasunera iristeko. Halaber, bisa mota horien publizitate instituzionalean, Europako herrialdeen kasuan, erreklamoetako bat da bisak Schengen eremurako sarrera ematen duela, eta horrek ia Europako Batasun osotik bidaiatzeko aukera ematen duela. ZERGA ONURAK Bisa mota horien beste alderdi garrantzitsu bat da herrialde horretan edo hirugarren herrialde batean bizitzeko aukera ematen dutela, onura fiskalen arabera, eta horrek tarte handia ematen dio ingeniaritza fiskalari. Oro har, herrialdean gutxienez 183 egunez bizi behar izaten da zerga-egoiliar izateko. Europako herrialdeen kasuan, urrezko bisa dutenek diru-sarrera guztiak aitortu beharko dituzte, diru-sarrera horiek non sortu diren kontuan hartu gabe. Portugalek, adibidez, onura fiskalak eskaintzen zizkien pentsiodunei, bertan bizi zitezen. Bestela, bisa mantentzeko, Portugalen nahikoa da urtean zazpi egun igarotzea herrialdean. Portugalgo Algarve da urrezko bisa eskatzen duten atzerritarrek gogokoen duten guneetako bat. (Raso MK | WIKIPEDIA) Costa Ricak onura fiskal handiak eskaintzen dizkie milioidunei. Alde batetik, ez dute zergarik ordaintzen atzerrian lortutako kapital-irabaziengatik, adibidez, konpainia estatubatuar edo europar baten akzioen dibidenduengatik. Bestalde, errentaren gaineko zergaren gehieneko tasa %25ekoa da, eta Europan, berriz, %50 ingurukoa. Azkenik, Costa Ricak ere ez du oinordetzen gaineko zerga kobratzen, eta horrek tarte handiagoa ematen du jarauntsia zergarik ordaindu gabe planifikatzeko. Hori dela eta, Costa Rican, erretiratutako pertsonez gain, pertsona «erdi-erretiratu» asko bizi dira, hau da, beren enpresen egunerokotasunean inplikatuta ez dauden pertsonak, urrutitik gainbegiratzen dituztenak eta errentetatik bizi direnak. Talde horretan sartzen dira, halaber, lanik egiten ez duten eta urruneko inbertsioak egiten dituzten berrogei urtetik gorako pertsona asko. Azken hauek atzerriko irabazi horiengatik ez dute zergarik ordaintzen Costa Rican. URREZKO BISEN SAILKAPENA Henley & Partners-ek bi motatako sailkapenak egiten ditu: bata hiritartasuna eskaintzen duten bisena, eta bestea bizitzeko eskubidea ematen duten urrezko bisena. Lehenengoari dagokionez, hiritartasun eskubidea duten urrezko bisen munduko sailkapenaren buruan Malta uhartea dago. Bigarren tokian Austria kokatu du aholkularitzak. Hurrengo hiru postuak Granada, Antigua eta Barbudako Karibeko uharteek betetzen dituzte. Nauru uharteak (Ozeano Barean), San Kristobal eta Nieves uharteek eta Santa Luzia uharteak (Karibean) hartzen dituzte hurrengo lekuak zerrendan. Dominika zazpigarren postuan dago, Turkia, Egipto, Jordania eta Mazedonia atzetik dituela, eta Vanuatu eta Kanputxeak ixten dute lehenengo hamar postuen zerrenda. Bizitzeko eskubidea duten urrezko bisen sailkapenari dagokionez, Grezia da liderra, eta ondoren datoz Suitza, Portugal, Italia eta Britainia Handia. Atzetik, Australia, Kanada eta Espainiako Estatua daude, nahiz eta Sanchezen Gobernuak aurtengo apirilaren 3an programa horri amaiera eman zion. Ondoren, Arabiar Emirerri Batuak, Hungaria, Luxenburgo, Singapur, Jersey eta Panama daude. Costa Ricak hamargarren postua betetzen du. Zerrenda anitza da, beraz. Txostenaren arabera, Estatu espainoleko programaren amaierak ekarri du estatubatuar asko Greziara begira jartzea. Izan ere, Grezia, urrezko bisaren bila dabiltzanentzat -ez bakarrik estatubatuarrentzat-, helmugarik erakargarrienetako bat bilakatu da. ALDE NEGATIBOAK Baina diruarekin eragozpen batzuk ere iristen dira. Ezagunagoak egin ahala, bisa horien eragin negatiboak nabariagoak izan dira. Lehenengo ondorioetako bat etxebizitzaren prezioaren igoera da. Costa Ricako Chorotenga eskualdeko Turismo, Migrazio eta Garapen Jasangarriaren Behatokiak adierazi duenez, 2017 eta 2023 artean %400 igo zen eskualdeko higiezin-prezioa. Esteban Barboza Nuñez ikerketaren koordinatzailearen arabera, etxebizitzen gorakadak «elikagaien eta alokairuaren prezioa garestitu du, eta, jakina, batez ere diru-sarrera txikiagoak dituzten pertsonei eragiten die». Costa Rican egindako ikerketen ondorio nagusiek erakusten dute urrezko bisak burbuilak eragin dituela eskualdeko ekonomietan. Horrek tokiko biztanleriaren desplazamendua ekarri du, Daniela Cordoba Costa Ricako Unibertsitateko irakasleak azaldu bezala, bereziki Guanacaste bezalako herrietan, Chorotenga eskualdeko parte dena. Bertan lau pertsonatik bat pobrezian bizi da. Herriak herrialde osoko etxe hutsen proportzio handiena du, eta hamar biztanletik bat kokaleku informaletan bizi da. Milioidunen etorrerak, halaber, ez du tokiko azpiegitura hobetu, eta ez du kalitatezko enplegu iraunkorrik sortu, eta, gainera, eragin negatiboa izan du ur-baliabide urrietan. Iparraldeko gentrifikazio-prozesuak kolonialismo berri baten itxura hartu du Hego Globalean. Montrealgo silueta. Kanadako auzune preziatuetan etxebizitzaren prezioak gora egin du atzerritarren erosketengatik. (Matti BLUME | WIKIPEDIA) Baina arazoa ez da soilik Hego Globalarena. Portugalen, etxebizitzaren prezioa %30 hazi da pandemiaz geroztik, eta, horren ondorioz, Antonio Costaren Gobernuak urrezko bisaren baldintzak aldatu zituen 2023an. Beste herrialde batzuetan eragina are handiagoa izan da. Kanadan, 2023an, Gobernuak bi urtez debekatu zuen beste herrialde batzuetako herritarrek higiezinen jabetzak erostea, 2019tik 2023ra prezioak %50 igo ondoren. Igoera ez zen orokorra izan, batez ere Toronto eta Montreal bezalako hiri handietako bizitegi-eremuetan kontzentratu baitzen. Kanadako Bankuak kalkulatu du 2014tik bizitzeko asmorik ez zuten atzerritarrek higiezinen salerosketen %20an parte hartu dutela. Bistan da ez direla urrezko bisak bakarrik prezioen gorakada horiek eragiten dituztenak, baina, zalantzarik gabe, modu esanguratsuan laguntzen dute prezioen hazkundea kategoria handikotzat jotzen diren eremuetan. Horregatik, donostiarrei harroa iruditu zitzaien Eneko Goia Donostiako alkate ohia, Pedro Sanchezen Gobernuak urrezko bisa kentzeko hartutako erabakiaz galdetu eta etxebizitzaren prezioan izandako eragina «anekdotikoa» zela erantzun zuenean. BESTELAKO ARRISKUAK Bruselak ere ez ditu begi onez ikusten migraziorako pizgarri horiek. Lehen abisua Ukrainako gerrarekin eta Errusiako handikiei emandako bisekin iritsi zen. Didier Reynders Justizia komisarioak 2022an esan zuenez, «Europako balioak ez daude salgai. Gure ustez, herritartasuna urrezko bisen bidez saltzea EBko legediaren aurka doa, eta arrisku larriak dakartza gure segurtasunerako. Ustelkeriari, dirua garbitzeari eta zerga-ihesari atea irekitzen die». Beranduago, adierazpen ofizial batean, Europako Batzordeak esan zuen atzerritarrei «erosteko» eskubidea ematea «antidemokratikoa» zela, eta, gainera, «segurtasunerako arriskutsua» zela, «dirua zuritzea, zerga-ihesa, terrorismoa finantzatzea, ustelkeria eta delinkuentzia antolatua infiltratzea ahalbidetzen zituelako». Delituen zerrenda serio batez ari zen Europako Batzordea. Nazioarteko Gardentasuna elkarteak ere behin eta berriz eskatu du programa horiekin amaitzeko, «Europako Batasunaren herritartasun- eta bizileku-eskubideak luxuzko ondasun bihurtzen dituztelako: diru nahikoarekin, edonork eros ditzake». Haien ustez, gaizkileak eta ustelak aprobetxatzen dira. Helburua ez da «benetako inbertsioa edo migrazioa gauzatzea, interes ustelak zerbitzatzea baizik». Programa horien logika ekonomikoa ere zalantzan dago. AEBetako Harvardeko Unibertsitateak egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen atzerriko inbertsioaren proportzio «xumea» baino ez direla. Beste ikerketa batzuen arabera, urrezko bisak eragin ekonomiko handiagoa izan du. Ziurrenik, kanpo inbertsioaren fluxuan bisekin lotutako diru mugimenduen proportzioa txikia izan da. Hala ere, adibideek erakusten dute eragina moderatua izan dela, baina oso eremu zehatzetara mugatu dela. Adibidez, Kanadan hiri handietako bizitegi-eremuetan metatu da, eta Portugalen eta Costa Rican, eskualde turistikoenetan. Estatu espainiarreko inpaktua ere gune turistikoetan bildu da ziurrenik, Balear Uharteetako gobernu autonomoak higiezinen salmenta kanpotarrei mugatzeko izan duen asmoak adierazten duen bezala. Eskema horiek ustelak izan arren, aurtengo apirilera arte ez du Espainiako Gobernuak urrezko bisa kendu. Eta Europako beste herrialde batzuetan oraindik mantentzen da. Aberatsen migrazioak pobreenak baino askoz arriskutsuagoak dira. Hala ere, ez dute ia kritikarik jasotzen. Baloreei buruz hitz egitean dirua besterik ikusten ez dutenen jarrera hipokrita. Erosketa-murrizketak eta merkatu bakarra Kanadak atzerritarrei etxebizitza erosketa mugatzeko hartutako erabakiak polemika handia sortu zuen herrialdean, batez ere, beste herrialde batzuek elkarrekiko neurriak har zitzaketelako eta, adibidez, kanadarrek Floridan etxea erostea debekatu zezaketelako. Bestalde, Balearretan, gobernu autonomikoak Madrili eskatu zion Bruselan presioa egin zezala, etxebizitzen erosketa mugatzeko. Aukera zaila da, merkatu libre sakrosantuarekin eta kapitalen zirkulazio-askatasunerako eskubidearekin talka egiten duelako. Halere, EBren barruan ere salbuespenak egon badaude: adibidez, Finlandiako Aland uharteetan egoiliarrak etxebizitza bermatzera behartzen dituen lege bat onartu zuen bertako gobernuak.