2025 URR. 20 - 14:20h Valentziako uholdearen urteurrena iristear da, eta biktimek ezin dute gertatutakoa ahaztu Urriaren 29an urtebete beteko da Valentziako hainbat herrietan uholde alarma jaso zutenetik. Beranduegi iritsi zen abixua, eta ehundaka hildako egon ziren horregatik. Oraindik ez da gertatutakoa guztiz argitu; uholdea ezin zen eragotzi, baina heriotzak bai. Biktimek samin handia dute oraindik. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GAUR8 Laster beteko da urte bat Valentziako uholde izugarria gertatu zenetik. Gaizki kudeatutako larrialdi egoera baten ondorioz sarraskia sortu zen hainbat herritan, eta 230 pertsona hil ziren. Danak eragindako kalteak oraindik agerikoak dira, baina pixkanaka ari dira konpontzen. Zauri psikologikoak sendatzea zailagoa izango da; galdutako bizitzak, ahaztezinak. Toni Garciak senarra Miguel eta alaba Sara galdu zituen zorigaitzeko egun hartan. «Jada ez dut sufritzen badakidalako ez daudela, baina dena burura etortzen zait. Familia izatetik bakarrik gelditzera pasatu nintzen 2024ko urriaren 29 hartan. Familia asko, ni ere bai, egun hartan hil ginen», dio. Pasa den irailean berriro alertan egon ziren euriteengatik, eta Garcia ez zen gai izan leihotik begiratzeko ere. Euria egiten duen bakoitzean oroitzen du gertatutakoa. Ana Torresen seme-alaben eskola suntsitu zuen uholdeak: «Lehengo zure bizitzarekin jarraitu ezin izateak ere ez dizu uzten egoera gainditzen, badakizulako eskola honetan zaudela beste eskola erori zelako. Eta erori zen gertatu zenagatik». Urak dena suntsitu zuen Saltoki asko ere guztiz suntsituta gelditu ziren, eta horiek suspertzen laguntzeko, dirulaguntzak eskaini ditu gobernuak. «50 euro ordaindu ditugu eta beste 50 ematen dizkigute, eta honela 100 euroko bonua dugu ekimenera batzen den edozein komertziotan gastatzeko. Denek ez dute parte hartuko, baina bada modu bat bertako komertzioari bultzada bat emateko», aipatu du Doly Murcia kontsumitzaileak. Suntsitutako komertzio horietako bat izan zen Eva Vasquezen liburudenda. Berriro bere saltokia zabaldu ahal izan du, baina beste batzuek amore eman dutela gogoratzen du. «Gu gazteak gara, gogoa dugu eta babesa izan dugu, baina badago jende asko 50 urterekin gogorik ez dutenak, beldurra dute, ez dute baliabide ekonomikorik, eta esaten dute ‘hemen uzten dut’». David Parrak Paiportan duen dendako erakusleihoan ditut ura eta lokatza lokaletik ateratzeko erabilitako tresnak. «Nire botak dira, nire laneko bankua, pala hauek izena dute, etorri ziren lehengusu eta lagunenak dira, ez dira edozein pala», esan du tresna horien balio emozionala azpimarratuz. «Hau ez da ahaztu dezakezun zerbait. Ura honaino iritsi zen –leporainoko altuera irudikatzen du– eta oso ondo oroitzen dut nola izan zen, eta horrek aztarna uzten du zugan». Oraindik ikertzen ari dira bizitzak salbatu izango lituzken alerta garaiz zabaltzearen ardura norena zen. Askok Carlos Mazon Valentziako presidentearen errua izan zela uste dute. Uholdeen biktimen elkarteak iritzi hori du. Rosa Alvarez, aita hil zitzaiona, da honen presidentea. «Pertsona hori [Carlos Mazon] hor ez dagoenean, orduan hasiko dugu dolua. Ezin zara zure senidearen heriotzaren erruduntzat hartzen duzun hori egunero ikusten egon. Dolu bat horrela hastea ezinezkoa da», aipatu du saminduta.